Maritxu Kajoi Arrasaten

Poteoan dotore ibiltzeko eguna

Gaur ospatuko dute Maritxu Kajoi, Arrasaten; urtero bezala, umorez eta ekitaldiz betetako eguna prestatu dute antolatzaileek

Umorez ospatzen dute Maritxu Kajoi eguna Arrasaten. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Heldu da Maritxu Kajoi eguna, egun garrantzitsua Arrasateko (Gipuzkoa) herritarrentzat. Gogoz apainduriko neskek eta dotore jantzitako mutil gorbatadunek herriko tabernak eta kaleak beteko dituzte gaur, Maritxu Kajoi txikiteroen patroia poteoan omentzeko. Ez da usadio berria: aurten 41 urte dira festa horri hasiera eman ziotela.

Iraitz Agirre Maritxu Kajoi batzordeko kidearen hitzetan, udako jaietatik abenduko San Tomas egunera arteko hutsunea betetzeko jaieguna asmatu zuten Arrasateko gazte batzuek 1976an: «Garai hartako gazte batzuek, uda sasoiaren eta negu sasoiaren artean jai bat egiteko aitzakiaren bila edo, txikiteoa berreskuratu zuten, eta, txantxetan, txikitoak Ama Birjina omentzeko hartzen zituztela eta, ba, hortik Maritxu Kajoi». Hala ere, urteen poderioz, jaia aldatuz joan dela ere esan du: «Jaia eraldatzen hasi zen, herritarrak dotore jantzita ateratzen ziren poteora, hein batean goi klasea irudikatuz, baina betiere poteoan ibiltzera».

Aldatu ez den ohitura eskapularioa lepoan jantzita ateratzea da, eta hori da, Agirrerentzat, egitekorik garrantzitsuena. Ikur kristau horri zentzua aldatu diote arrasatearrek, eta urtero aldatzen duten aldarrikapenak edo mezuak adierazteko tresna bihurtu dute. «Eskapularioa hasieratik dago festan. Berez, ikur kristau bat da, baina Maritxu Kajoi batzordeak egin zuena izan zen horri zentzua pixka bat aldatzea. Hortaz, ustezko Ama Birijnaren ikurra eramaten dugu, eta atzeko partean urteko gertakizun bati keinu bat egiten saiatzen gara: aurten, adibidez, gogoan izan ditugu Altsasuko auzipetuak. Azken finean, hori da eskapularioaren aitzakia», azaldu du Agirrek.

Eguneko beste protagonista, hau da jantzi lirainez eta poteoaz gain, umorea eta txantxa giroa dira. Orokorrean, urtez urte, ez da aldaketarik egiten eguneko egitarau ofizialean, baina egun hori baliatzen dute edonolako txantxak egiteko: «Urtero gustatzen zaigu urtean gertatutako kontuei keinu batzuk egitea. Gure egitaraua, berez, ekintza ofizialak izango dira, eta gero hala moduzko ekintza batzuk, txantxak direnak». Aurten, 08:00etan herria esnatuko duten suziriak Ipar Koreari erositakoak dira, Piongiangen eta Washingtonen arteko tirabirak izan direla eta.

Kataluniako autodeterminazio erreferenduma eta asteotako gertakariak ere ez dituzte ahaztu nahi izan: 12:00etan, zinegotziek casteller bat egingo dute, eta, 21:00etan, We Love Cat ekitaldia egingo dute. Txantxak, ordea, ez dira zertan gai baten inguruan izan: 19:00etan ultra-titan-mega-hiper-turbo-quebrantatoia iraupen lasterketa egingo dute, poteoa gaur hasi eta Iruñeko sanferminak arte luzatzeko asmoz.

Eguna antolatzeaz eta prestaketarako lan guztiak egiteaz arduratzen da Maritxu Kajoi batzordea: jaiarekin batera sortu zen, duela 41 urte. Batzordeak bi ohar nagusi egin ditu: eskapularioa janztea eta sexu erasorik ez dela onartuko gogoraraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.