Zakua bete opari eta ikatz

Olentzero eta Mari Domingi Iruñeko zenbait auzotan izan dira. Eguberrietako kantu, dantza eta jateko artean egin diete ongietorria haurrek. Ume zein heldu, guztiak dira urduri antzean, Gabon gaua ez baita nolanahikoa: inork ez du ikatza jaso nahi opari. Gaur beste auzo batzuetan izanen dira kalejirak.

Zakua bete opari eta ikatz.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ama, honezkero iritsi izanen zaio nire gutuna Olentzerori, ezta?», galdetu zion haurrak, arnasestuka, eskutik heldua zuen andreari. «Ez al zenion irakasleari eman? Zu lasai», erantzun zion hark ziztuan. Baina haurrak ez zuen hartu lasaitu itxurarik batere. Lasterka zebiltzan, Iruñeko Pio XII. etorbidean aurrera. Amaiur ikastola zuten helmuga. Bertan baitzituzten zain Olentzero eta Mari Domingi.

Iruñeko Iturrama auzoan atzo iluntzean egin zioten ongietorria ikazkinari, baita Arrosadian, Azpilagañan, Buztintxurin, Ermitagañan, Mendebaldean eta Mendillorrin ere. Iturraman, ikastolako jolastokitik abiatu, eta hainbat kaletan izan ziren kalejiran ehunka lagun. 18:30ean zuten hasteko ordua, baina seiak jo gabe zirelarik ere betea zen abiapuntua.

«Kaioletan dituzuenak zer dira, ahuntzak ala ardiak?», heldu batek txilioka. «Aita, begira!», dozenaka haurrek, bakoitzak bere aldetik. Animalia ugari izaten da Iturramako kalejiran: oiloak, ahateak, ahuntzak, ardiak, eta asto bat; horiek guztiak ziren atzo batzarturik. Zaldi bat ere bazen, gurdi bati tiraka, eta hainbat haur txiki ziren tramankuluan. «Iruña, zuk ere nahiko duzu igo, ezta?», galdetu zion emakume batek hiruzpalau urteko Iruña Garjoni. Iruñak ez zuen erantzun, izu eta lotsa nahastea tarteko.

Trabarik gabeko bidea

Baina, non ziren Olentzero eta Mari Domingi? Kalejira abiatu aurretik, galdera hori zuten ahotan haur askok, eta nekez ezkuta zezaketen urduritasuna. Oro har, helduek baizik ez zuten erantzuna, eta isil gordeka ari ziren. «Olentzero zer? Gartxu dago gaur?», eskapatu zitzaion bati.

Luzea zen kalejira, animaliak ez ezik dozenaka musikari ere biltzeko modukoa. Dena dela, joaldunek ireki zuten bidea. Atzetik ibili ziren gaiteroak, herritarrak, txistulariak, herritarrak, trikitilariak, herritarrak, Olentzero eta Mari Domingi, musika banda, eta udaltzainak autoan. Azken horiek atzo ez zuten askorik esan. Kontrara gertatu zen bezperan: ikastolak antolaturiko kalejiran, ez zieten baimenik eman errepidean ibiltzeko, eta espaloian egin behar izan zuten bide osoa, estu.

Amaiur ikastolatik Eskirotz karrikarainoko ibilbidea egin zuen kalejirak aurrena, eta geldialdia egin zuten hara iritsitakoan. Iaz, izurritearen eraginez, ez zuten inolako pausarik egin kalejiran, eta meriendarik ere ezin izan zuten eskaini. Atzo bai. Eta azkar marroitu ziren muturrak txokolatez, eta hasi ziren miazka.

Karrika berean zirelarik, Txiki Jai tabernaren parea izan zuten dantzarako plaza. Amaiur dantza eskolako kideek emanaldia egin zuten, «pozarren», Haizea Barbarin dantzariaren esanetan. «Ordu asko pasatu ditugu hau prestatzen. Oso polita da, ze jende asko egoten da guri begira». Lopez frontoia izan zen azken helmuga.

Gehienek oinez egin zuten bide osoa, baina, kontrara, eroso eserita eman zuten kalejira Olentzerok eta Mari Domingik, txistularien atzean. Olentzerok, alai, hala esan zien denei: «Gutun guztiak jaso ditugu, eta dena prest dugu: bai opariak, bai ikatza».

Gaur beste hainbat auzotan izanen dituzte Olentzeroren omenezko kalejirak Iruñean: Alde Zaharrean eta Zabalgunean, Sanduzelain, Donibanen, Txantrean, Arrotxapean eta Erripagañan. Alde Zaharrari eta Zabalguneari dagokiona izan ohi da nagusia, eta 18:00etan da hastekoa, Iturralde eta Suit kalean. 2,5 kilometroko ibilbidea eginen dute, Udaletxe plazara ailegatu arte.

Gasteiz. Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko da

Izurriteagatik ezarritako mugarik gabeko lehen Gabonak izango dira aurtengoak. Ez da hartuko kutsatzeen gorakadak eteteko neurririk, eta, iaz legez, Gasteizko Udalak Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira antolatu du gaur iluntzerako.

Gasteizen bi berrikuntza izango dira: alde batetik, Olentzerok eta Mari Domingik haurren gutunak bilduko dituzte udaletxean, 10:00etatik 15:00etara; bestetik, arratsaldeko desfilea Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko da, eta Olentzerok eta Mari Domingik San Migelgo balkoitik hitz egingo eta kantatuko dute.

Arratsaldeko desfilea 18:00etan abiatuko da, Iparralde gizarte etxetik; Legutioko atea igaro, Frantzia, Bake, Olagibel eta Mateo Benigno de Moraza kaleetatik pasatu, eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da aurtengo ibilbidea. Ordu eta erdi inguru iraungo du.

Lehen karrozan joango da Mari Domingi; bigarrenetik agurtuko du Olentzerok. Gozokiak hirugarren gurditik banatuko dituzte. Zuzenean plazara joateko asmoa dutenei udalak eskatu die erabiltzeko Espainia plazako eta Posta kaleko sarbideak.

Bidean, hiru gurdiak laguntzeko lanetan ibiliko dira ikazkinak, dantzariak, artzainak, sorginak eta zenbait galtzagorri ere. Haur talde batek ere izango du aukera haiekin batera San Migelgo balkoiraino joateko.

Donostia. Goizean auzoetan, arratsaldean erdigunean

Luzatu egin zuten iaz ibilbidea, jende pilaketarik ez izateko, eta bere horretan mantenduko dute aurten ere. Ijentea kaletik hasi, eta Hernani, Loiola, San Martzial eta Getaria karriketatik igaroko dira, Txurrukatik segidan, Gipuzkoa plazara iritsi arte; handik Elkano kalera joko dute, eta, Bulebarretik igarota, udaletxe aurrean amaituko dute, Olentzeroren eta Mari Domingiren agurrarekin. 18:00etan hasiko da kalejira, eta ordubete iraungo du gutxi gorabehera.

Olentzero eta Mari Domingi goizean hasiko dira lanean; hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte. Arratsaldeko desfilea hasi aurretik, Olentzerori eta Mari Domingiri oparien gutuna zuzenean eman nahi dieten haurrek 15:30etik 17:30ak arte egin ahal izango dute, udaletxeko batzar aretoan. Alderdi Ederreko terrazatik izango da sarrera: bertan antolatuko dute ilara, eta sartzeko lerroa 17:10ean itxiko dute. Udaletxera joan aurretik gutunak prestatu ez dituzten haurrek udaletxeko terrazan idatzi ahal izango dituzte.

Tona bat gozoki prestatu dituzte, eta eskatu dute herritarrek ez ditzatela bota haien gozokiak. Udalak banatuko dituenak glutenik gabekoak dira, eta arazoak saihestu nahi dituzte.

Olentzerok eta Mari Domingik galtzagorriak, laminak, Mari, Tartalo, Otsoko, sorginak... izango dituzten ondoan, laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.