ATZEKOZ AURRERA. Unai Muguruza. DJa

«Politikoki okerra izan behar duzu»

Muguruza DJak dancehall musika «aurrerakoia» jartzen du: Jamaikako egungo musika du oinarri. Bakarka eta taldean aritzen da; batean ala bestean, musikarien adierazpen askatasuna aldarrikatzen du.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Irun
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
DJa da Unai Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1995): dancehall estiloko musika jartzen du. Aitarengandik datorkio zaletasuna: Fermin Muguruzaren semea da. Black is Beltza erakusketan ariko da bihar, Donostiako San Telmo museoan, The Sey Sisters eta Bad Sound System taldeekin batera. Irungo Mosku plazan bizi da, «euskal rock erradikalaren plazan». Garaiak aldatuagatik, Mosku erreferentea da harentzat. Hala ere, handik ateratzen da aukera duenero, «beste zerumuga batzuk irekitzera»: Bilbora, Madrilera, Bartzelonara... Azken horretan hazi eta hezi da DJ modura, 20 urterekin joan eta bi urtez egon baitzen.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Aitarengandik eta familiatik; hiru anaiak musikariak dira. Aitak jaio nintzen egunetik jarri dit musika; harengandik datorkit gehienbat. Bidaiatu ere, musikaren inguruan egiten genuen. Nire bizitza musikaren inguruan egin dut beti.

Zama izan al da inoiz?

Ez, lotura positiboa da hori, jakina.

Noiz hasi zinen musika munduan?

Bateria gustatzen zitzaidan txikitan. Amonaren etxean eltzeak atera eta sekulako zarata egiten nuen. Bateria ikasten ere aritu nintzen. Gero, Bad Sound System taldea topatu nuen: haien materiala ezagutu nuen. Hor ikusi nuen gustatzen zitzaidala: «honekin zerbait egin nahi dut», pentsatu nuen. Selektah Stepirekin izan nuen lehenengo harremana platerekin.

Nolako musika jartzen duzu?

Dancehall musika gehienbat; reggae musika baino azkarragoa eta elektronikoagoa da. Reggaetona eta trap musika ere jartzen dut. Beti kaleko musika; orain, izen hori jarri diete estilo horiei.

Zein da zure estilo gogokoena?

Ez dakit, musika estilo guztiak gustatzen zaizkit. Egunero entzuten dut musika; denetik entzuten dut.

Zein dira zure erreferenteak?

Luv Messenger taldeko Rude Teo izan da erreferenterik handiena—taldeko kidea da Muguruza—. Hura da taldeko burua; hark jartzen du musika, eta mikroarekin animatzen du jendea. Taldea bera ere erreferentea da, baita Stepi eta aita ere.

Nolakoa da DJ baten bizitza?

Ederra, asko gustatzen zait. Droga bat bezalakoa da niretzat: jendea dantzaraztea sekulakoa da. Akaso helduagoa egindakoan nekagarria izango da, gaueko bizitza da eta...

Euskal Herrian eta atzerrian ibili zara DJ. Ba al dago alderik?

Bai, alde handia dago; esaterako, Euskal Herrian eta Bartzelonan. Nik dancehall musika jartzen dut, eta hemengo dancehall festak ez du zerikusirik hango batekin. Euskal Herrian ez dago dancehall kulturarik. Gainera, ez dira gauzak aurreratzen: tabernetan Kortatu jartzen dute oraindik. Zergatik ez dugu aurrerapauso bat ematen eta musika berria entzuten? Nire musika ipintzeko modua aurrerakoia da, eta, ezagutzen ez baduzu, oso arraroa egin dakizuke.

Zergatik da aurrerakoia?

Ez dut 1990eko hamarkadako dancehalla jartzen, gaur egungoa baizik. Adibidez, Londresen atzo ateratako abesti bat jartzen dut gaur; gauza berriak entzuten ari naiz. Juggling teknika erabiltzen dut; abestiak oso arin nahasten ditut. Jamaikatik dator teknika.

La Furiarekin zabiltza biran orain.

Izugarrizko esperientzia da. Asko ari naiz ikasten; ez kontzertuetan eta biran soilik, baita feminismoari buruz ere. La Furia gaur egun Euskal Herrian dagoen rap musikari feminista erreferenteetako bat da.

Musikarien aurkako epaiketak pil-pilean daude azkenaldian.

Ez zait gustatzen politikoki zuzena izatea, eta adierazpen askatasuna aldarrikatzen dut. Aitari kontzertuak zentsuratu dizkiote... Zentsuraren aurka nago. Politikoki okerra izan behar duzu.

Eta reggaetoneko letren kasuan?

Latinoamerikatik datozen gauzekin aurreiritziak ditugu; asko kritikatzen ditugu. Errespetua izan behar da beti, jakina, baina adierazpen askatasuna izan behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.