ATZEKOZ AURRERA. Carlos Purroy. Eskultorea eta futbolari ohia

«Lehen, hankekin hitz egiten nuen, eta, orain, eskuekin saiatzen naiz»

Futbol jokalari izan ondoren, eskultore gisa dabil azken hamarkadetan Purroy. Futbolean bezala, artean ere ikusleek goza dezaten lan egiten saiatzen da: «Hori lortu nahi dut nire lanarekin».

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gutxik izan duten ibilbidea izan du Carlos Purroyk (Iruñea, 1957). Hamalau urtez futbolari izan zen Athletic, Osasuna, Logroñes eta San Andreu taldeetan, eta, ibilbide profesionala amaitu zuenean, eskulturak egiten hasi zen. Bi izaera horiek uztartzen jakin du, eta, orain, Bilboko Itsasadarra itsas museoan Burdina, Bilboko lagun hori erakusketa jarri du ikusgai; Felix Marañak idatzitako liburua ere aurkeztu berri dute: Del cuero al hierro. Escultura y naturaleza en Carlos Purroy (Larrutik burdinera. Eskultura eta natura Carlos Purroyrengan).

Burdina, Bilboko lagun hori izena du erakusketak. Bilboren laguna da burdina: zurea ere bai?

Burdina Bilboren laguna zen nirea izan baino lehen, baina bai, nire laguna ere bada, artelanen oinarrian burdina dagoelako. Asko erakartzen nauen materiala da, gogorra eta hotza delako era berean.

Burdina Bilboren historiarekin lotu da beti. Omenaldi bat da?

Bai, noski. Gogoan dut itsasadarraren eskuinetik nola joaten nintzen iluntzeetan kotxean etxera bidean, eta labe garaietako sua ikusten nuen. Askotan geratzen nintzen errepide ondotik begira, eta hantxeegon nahiko nukeela pentsatzen nuen. Barruan zer gertatzen ari ote zen ikusteko, batez ere.

Joan al zinen inoiz?

Ez, eta gogo horrekin geratuko naiz beti.

Lehen, larrua lantzen zenuen; orain, burdina. Gutxitan ikusten den ibilbidea, egia esan.

Nahiko arraroa da, bai. Hamalau urtez futbolean aritu eta gero eskultore bihurtu ahal izatea nahiko arraroa da. Hortik iritsi zen liburua argitaratzeko ideia, berezitasun hori agerian utziz, eta nire ekarpena egin nahi izan nuen Athleticen ibilbidean Purroy delako bat egon zela esateko.

Carlos Purroy futbolaria izan da lehenbizi, eta eskultorea da egun. Bietako zein da artista?

Denok saiatzen gara artistak izaten. Ni saiatu nintzen hori futbolean jokatzen ari nintzela egiten. Eskulturatik oso ezberdina da futbol mundua, eta oso kirol jatorra da, baina kontu handiz ibili behar da. Inoiz ez da muga bat zeharkatu behar.

Zein da muga hori?

Jarduera gogor bat da futbola, baina aurpegia txikitu ahal zizuten aurkariak ere bazeuden, eta hori da gainditu behar ez den muga.

Lehen bortitzagoa zen?

Orain, teknikoagoa da, baliabide gehiago dauzka, eta jendea hobe prestatuta dago. Lehen, intuizioarekin asko jokatzen zen, inprobisazio handia zegoen. Lehen, jokoan zehar pertsonak markatzenziren, eta, orain, zonak markatzen dira.

Eskulturan ere aldatuko ziren gauzak...

Mundu ezberdinak dira. Futbolean,hankekin hitz egiten nuen lehen, eta eskuekin saiatzen naiz orain. Eskulturena alor ederra da, eta, askotan, intuizioz jokatzen duzu. Apurka, zure bidea egiten zoaz, eta, ahal den bezala, egiten duzu lan besteen aisialdirako. Artearen munduan nire txokoa egin dut, gainera, eta hori mantentzeko lan egiten dut. Futbolean bezala da: ez da iristea soilik, mantentzea baizik.

Esan daiteke beti ikusleentzat lan egin duzula?

Baietz esango nuke, bai. Lehen, futbolean zaleentzako egiten nuen lan, eta orain ikusleek gozatu dezaten. Izan ere, artea gustuko izan dadin sortzen dut nik, eta ez probokatzeko. Hori da nire hautua, behintzat: bestela ere nahikoa arazo badauzkagu, gure bizitzan, ondokoak gogaitzen hasteko. Ez zait gustatzen. Futbolarekin pareka daiteke, gainera: taldea irabaztera ateratzen da partida guztietan, ikusleek eta jarraitzaileek horrekin goza dezaten. Artearen munduan ere berdin egin behar dela iruditzen zait. Horregatik, beti ikusleentzako lan egin dudala esan daiteke, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.