ATZEKOZ AURRERA. Aritz Dendategi. Argazkilaria

«Zinemaldia bakarra da, baina bakoitzak berea egin dezake»

Dendategi gaztetan hasi zen Zinemaldira joaten, eta nazioarteko zinema izarren aurrean amaitu du, argazkiak egiten. Zinemarako eta argazkigintzarako zaletasuna batera hazi dira.

GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Zinema izarren erretratuz betetako areto bat dago Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Donostiako egoitzan. Aritz Dendategiren (Donostia, 1978) kamerak harrapatu ditu guztiak, 2000. urtetik 2017ra arteko Zinemaldietan. Atzo inauguratu zuten erakusketa, eta urriaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Gogoratzen duzu zure lehen Zinemaldia?

8 urte nituela, Martxelo Rubio izan nuen begirale udalekuetan. Garai hartan, 27 ordu egin zuen, Montxo Armendarizek zuzendu eta Elias Kerejetak ekoitzitako filma, Maribel Verdurekin. Nire begiralearen sinadura nahi nuen posterrerako.

Ordutik aurrera, atzeko ilaratik aurrenekora igaro zinen.

Nerabezaroan gehiago hurbildu nintzen, eta akreditazioa izateko aukera eman zidaten azkenean. 18 urterekin hasi nintzen argazkiak ateratzen, eta, gero, webgune batzuekin kolaboratu izan dut.

Jaialdia bizi izateko modua aldatuko zen.

Guztiz aldatu da. Orain, ez dut imajinatu ere egiten Zinemaldi bat kamerarik gabe.

Gozamena ere ezberdina izango da kamera atzean eta pantaila aurrean.

Azkenaldian, gero eta film gutxiago ikusten dut Zinemaldian. Apuntatu egiten ditut, baina ikus daitezke beste noizbait ere. Kevin Costner, Penelope Cruz edo Susan Sarandon aurrean edukitzea oso gauza ezberdina da.

Kamera aurrean bizi diren aktoreei egiten dizkiezu argazkiak Zinemaldian. Bestelako erretratuak ere egin ohi dituzu?

Afizioa badaukat, baina denbora gutxi. Amateur bat naiz, eta nahi baino argazki gutxiago ateratzen ditut egunerokoan, baina atera izan ditut erretratuak, paisaiak, bidaietako eraikinak... Halere, Zinemaldia baliatzen dut gehien.

Errealitatea eta ilusioa elkartu ohi dira argazkietan.

Eta mitoak batzuetan aldatu egiten dira. Han egon ginen guztiok ikusi genuen, esaterako, Julia Roberts inguratzen duen magia oso bestelakoa zela guk photocall-ean ikusi genuen hartatik. Nekatuta egongo zen akaso, baina argazkilarion aurrean ezin zen takoien gainean ibili ere. Batzuetan, buruan duzun irudia irauli egiten da.

Zinemaldian beste esperientzia bat izango duzu aurten: LGTBI zinemako Sebastiane sarietako epaimahaikide izango zara.

Duela bi urte hasi nintzen haiekin kolaboratzen, elkarrizketetarako argazkiak egiten. Iazko edizioa amaitu zenetik, horretan sartuta nago, eta epaimahaikide berrietako bat izango naiz aurten. Zazpi film ikusi behar ditugu, eta ondorio batera iritsi gero.

Nabarmena izango da LGTBI gaien inguruko filmek Zinemaldian eduki duten gorakada ere.

Adibidez, Isabel Coixeten film berriaren aurkezpena egingo da industria klubean, eta bi emakume homosexual dira protagonistak. Gauza asko daude orain: Sebastiane saria, LGTBI Zinemaldi Iberoamerikarren Topaketa, industriarekiko harremana... Denetik egitea tokatuko zaigu.

Zinemaldian barruraino sartu zara azkenean.

Gauza ezberdinak egiten ari naiz, esperientzia politak dira. Azkenean, Zinemaldia bakarra da, baina bakoitzak bere erara antola dezake, eta bakoitzak berea egin.

Zer jasotzen du erakusketak?

Zaila izan da argazkiak aukeratzea: mitoek gauza bat esaten diote bakoitzari. Argazki batzuek badute lotura bizipen pertsonalekin ere. Gainera, argazkilarion Zinemaldiko egunerokotasuna islatzen du erakusketak: aktoreak hotelera iristen direnekoa, photocall-a, prentsaurrekoak, sari banaketa... Argazkiak ateratzeko ditugun uneak erakusten ditu, gure ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.