ATZEKOZ AURRERA. Gabi Berasategi. Biologoa eta Linduseko langilea

«Sekulako ondasun naturala dugu»

Lindus 2 proiektuan lanean ari da Berasategi, hegazti migratzaileak behatzen. Ingurumenean dauden arazoak antzemateko tresna «oso sendoa» dela dio, eta heziketaren beharra nabarmendu du.
IÑIGO URIZ / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko urriak 2
Udazkenerako jarduera anitz antolatu ditu Berriozarko (Nafarroa) Natureskolak: tartean, inguruko txoriak ezagutzeko tailerra. Gabi Berasategi (Iruñea, 1978) izanen da gidaria, Ornitolan enpresaren bidez Lindus 2 proiektuan lan egiten duen biologoa. Aurtengoa bederatzigarren sasoia dute Lindusen, eta uztailaren 15etik mendi tontor horretatik igarotzen diren hegaztiak behatu eta zenbatzen ari dira. Azaroaren 15ean bukatuko dute denboraldia.

Nola doa Linduseko lana?

Aurten miru beltz dezente pasatu dira, 3.000 inguru; zapelatz liztorjale asko —urterik hoberenean 12.000 izan ziren, eta aurten, dagoeneko, 8.000-9.000 pasatu dira—; eta zikoin beltzen kopuruak ere oso-oso onak dira. 10-12 pertsonako taldea gaude han egunsentitik ilunabarrera. Kontent gaude, baina pixka bat nekaturik.

Behaketa eta zenbaketa lanak zer helburu du?

Beti metodologia berarekin hartzen ditugu datuak; beraz, oso tresna sendoa da jakiteko ea arazorik baden ingurumenean. Ornodunek oso bizkor erantzuten diete aldaketei. Lurraren berotzeari lotuta, bidaiak aurreratu edo atzeratzen dituzte, edo gutxiago migratzen dute.

Lindusetik igarotzen dira Europatik heldu diren hegazti gehienak. Zergatik?

Alde batetik orografiagatik, Pirinioek behera egiten dute Kantauriko golfora hurbiltzean. Bigarrenik, hegaztiek kostaldea saihesten dute. Azkenik, egoera klimatiko berezia dago: hezetasuna. Hegaztiak, saguzarrak, intsektuak, erromatarrak... denak pasatu dira hortik.

Bederatzi urte igarota, atera duzue dagoeneko ondoriorik?

Talde zientifikoen artean 20-25 urteko ikerketa zabalak onartzen dira funtsezko arrazoiak emateko, baina gauza batzuk apurka-apurka antzematen dira. LPO elkarteak ikusi du hegazti batzuek migrazioa aurreratu dutela, adibidez, miru beltzek astebete azken hogei urteetan. Migratzaile partzialek geroz eta gutxiago bidaiatzen dute, eta negua geroz eta iparralderago igarotzen dute. Iaz lehenbiziko aldiz erregistratu zen Pirinioetan hego belatza, basamortuetako espeziea. Badirudi basamortuak iparraldera egiten duela.

Administrazioek datu horiek erabiltzen dituzte?

Administrazioek ez dute askorik sinesten honetan, baina gizartearen presioak bultzatzen ditu. Tresnak eskura izanen dituzte nahi badute.

Eskola ere baduzue. Dibulgazioa garrantzitsua da ornitologian?

Oso garrantzitsua da. Lindus eskola aparta da hegaztiei buruz jakin nahi duen edozeinentzat. Mendian, hegazti bat ikusten duzu, eta ospa egiten du; Lindusen kontrakoa da. Zuk iparraldean puntu bat ikusten duzu, eta hurbiltzen doa apurka-apurka, ikusten duzu nola mugitzen dituen hegoak, eta hurbiltzean koloreak ikusten dituzu.

Hegaztiak ikustera joanez gero, zer behar da?

Digitalizazioaren aroan informazio asko eskuragarri dugu: tokiak eta elkarteak, adibidez. Prismatiko batzuekin aski da. Lindusen Europatik migratzen duten hegaztien %95 ikus daitezke: egun batean ikus daitezke hogei espezietik gora. Egin behar den bakarra zain egotea da.

Ekoturismoa bultzatzea onuragarria dela uste duzu?

Oso erakargarria da. Aurten Auritzen egindako ekoturismo planean ikusi dugu turista gehienak klima bereziarengatik etortzen direla, haien hirian beroak jota ezin dutelako lorik egin. Sekulako ondasun naturala dugu Nafarroan, eta gehiago ustia dezakegu.

Asfaltora itzulita, hirian ere hegazti asko daude. Beharrezkoa da kalekoak ere sentsibilizatzea?

Iruñean zorte handia dugu, Arga ibaia dugulako hiriaren erdian. Hegazti espezie dezente ditugu; igarabak eta bisoi europarrak ere baditugu, kastoreak ere bai.

Hegaztientzat zeintzuk dira hiriko kalterik handienak?

Batez ere, trafikoa eta parkeen homogeneizazioa.

Hemengo [Gazteluko plaza] usoak uxatzeko belatzak erabili dituzte berriki. Zer iduri zaizu?

Badirudi molestatzen zietela terrazetan egoten zirenei. Helburua usoak uxatzea bada, lortu dute, baina agian arazoa beste toki batera doa. Dena den, arazorik larriena gure heziketa da. Gure zaborrak dauden tokietan egon ohi dira usoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna