ATZEKOZ AURRERA. Joli Paskualena. Abeslaria

«'A capella' abestuz, den-dena ikusten da»

Ahots hutsez kantatzen duen Demode Quartet taldearengatik da ezaguna, baina aktore lanetan ere ibili da Paskualena. Kultura aisialdi bihurtuta, egoera zaila dutela dio, baina ari dira bidea egiten.
PENINSULA

Iker Tubia -

2018ko urriak 11
Dagoeneko ezaguna da Demode Quartet, ahots hutsez aritzen den taldea. Asteburuan Iruñeko antzerki eskolan ariko dira, eta urrian Castejonen, San Adrianen eta Altsasuko Nafarroa Oinez-en (Nafarroa). Joli Paskualena (Iruñea, 1976) da taldeko ahotsetako bat. Umorea ez du gordetzen oholtza gainerako soilik.

Ahotsa beti duzue prest?

Aspalditik ari gara ahotsa lantzen. Azken ikuskizunak dezente eskatzen digu, ez bakarrik harmoniagatik edo ahotsaren zailtasunagatik. Prest egon behar dugu, baita fisikoki ere. Ordu eta erdiz ahotsa erabiltzen dugu etengabe; ez dugu denborarik ur trago bat hartzeko ere.

Nola prestatzen duzue ahotsa halako kontzertu luzeak emateko?

Ahotsak gehiago lantzen ditugu entseguetan; berotzeko momentuan, batez ere, abdominalak edo sentadillak egiten ditugu. Gorputza gogor izan behar duzu abesteko. Baina ez naiz ari sustraiak botatzeaz, e.

Edozein ez da ausartzen ahots hutsez kantatzera.

A capella abestuz, den-dena ikusten da; beraz, oso ongi afinatu behar duzu. Kalitate berean egon behar dugu enpastea lortzeko. Estilo guztietatik pasatzen gara, eta edozertarako prest egon behar dugu.

Zein da taldearen gakoa?

A capella abesten dugula eta gure bertsioak freskoak edo originalak direla. Pertsonaiak ere atseginak dira. Ikuslea beti oso gustura eta pozik geratzen da gurekin.

MTV eta irrati komertzialetatik kanpo hotz egiten du?

Oso zaila da, batez ere, mantentzea. Guk jarraitzen dugu hamar urteren ondoren: batzuetan zaila da, baina pixkanaka ari gara gauza gehiago egiten. Ja hasi gara pentsatzen pornoa egitea, %4ko zerga duelako, eta guk %21. Hori ezin da hala izan.

Zergatik? Musikari ez zaiolako baliorik aitortzen?

Gauzak gaizki daudenean, kultura izatetik aisialdi izatera pasatzen gara. Horregatik ez zaio garrantzi handirik ematen kulturari.

Habanako Arte Cubanon aritzeak zer ekarri dio taldeari?

Esperientzia profesionalaren aldetik oso esperientzia ona izan zen; oso harrera ona izan genuen, eta ikusleek dena eman zuten. Epa! euskaraz izan arren, bukaera arte geratu ziren, harriturik.

Horrek aterik irekiko dizue?

Zerbait ezberdina egiten duzun bakoitzean, beti irekitzen da ate bat. Oraingoz, ate hori irekia dugu bueltatu nahi izanez gero, eta beste ate batzuk ere irekiko dira, seguru.

Zergatik eman diozue interpretazioari hainbesteko garrantzia?

Lehenengo ikuskizunean, abesti batetik bestera pasatzeko esketxak sartu genituen, kontzertua borobiltzeko. Pertsonaietan sartuta, guretzat ere dibertigarriagoa da. Umorea beti lantzen dugu, bai esketxetan, bai abestietan. Hurrengoetan gidoia eta abestiak batera landu genituen hasieratik, eta horrek koherentzia handiagoa ematen du.

Baduzu esperientzia aktore lanetan. Telebistan beti zara Miren?

Bai, kar-kar-kar. Ez ziren pertsonaia bera Goenkale-koa eta Go!azen-ekoa, oso ezberdinak ziren, baina berriz ere Miren izateko prest nago, e.

Telebista maite duzu?

Oso esperientzia ona izan da. Go!azen-ekoa azkar pasatu zen, baina gehiago arduratzen ninduen euskarak interpretazioak baino, eta horrek pena ematen dit. Berriro ere oso gustura egingo nuke, orain moldatzen bainaiz euskaraz, beldurrik gabe.

Ezetzik ere esan duzu telebistan, Operacion Triunfo-n, adibidez.

Ez nengoen prest hori egiteko; erabaki ona izan zen. Azken fasera pasatzeko, eskua goratu behar genuen kamera aurrean. Deseroso sentitu nintzen, eta ezetz esan nuen. Ez nago programa horien kontra: argi baduzu zer egin nahi duzun, aprobetxa dezakezu hortik pasatzeko aukera, baina ni oso erabilerraza nintzen; ez nuen argi zer egin nahi nuen.

Orain argi duzu zure bidea?

Beti zalantzan, ez pentsa, baina bai.

Kantautore bidea hartzekotan zinen. Hartuko duzu?

Horrela hasi nintzen musikan, eta gogoa dut berriro aritzeko. Uste dut bueltatuko naizela.

Demode Quartetekin proiektu berririk baduzue?

Azaroaren 25ean Donostiako Egiako kultur etxean Epa! Txiki estreinatuko dugu. Gure jarraitzaile batzuk haurrak dira, eta haientzat moldatu dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna