ATZEKOZ AURRERA. Mauro Millan. Maputxea

«Maputxeon arbasoen oinarriak berreskuratu egin behar dira»

Pillan Mahuiza maputxeen komunitateko burua da Mauro Millan. Mapuzugun hizkuntzaren eta Wallmapu maputxeen herriaren arteko harremana izan du hizpide. Herritarren borrokez ere hitz egin du.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituak oinarri dituen zikloa da Hitz Adina Mintzo. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu du Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, Gasteizen. Mapuzugun hizkuntza izan da lehen gonbidatua. Mauro Millan (Maiten, Wallmapu, 1970) maputxeen buruetako batek eman zuen atzo hitzaldia.

Mapuzugun hizkuntza eta Wallmapu herria. Zein da bien arteko harremana?

Biak dira printzipio oso garrantzitsuak, eta harreman zuzena dute. Wallmapu herriaren kontzeptua da; haren parte da mapuzugunaren, herriko hizkuntzaren bitartez interpretatu daitekeen guztia. Wallmapu ez da soilik lurraldea, amesten dugun tokia ere bada. Azken finean, pentsamendu kosmogoniko guztia da: ideologia, filosofia eta espiritualitatea. Mapuzugun hizkuntzaren bidez guztia adierazten da.

Zein da bietako bakoitzarekin duzun harremana?

Wallmapu gure hizkuntzaren inspiratzailea da. Herriak gure jarrera zehaztu zuen munduan, baita admapua ere: maputxeon erresistentzia eta jarrera bermatzen duen legeen multzoa. Wallmapu erdigunea izateaz gain, ingurua ere bada; azken finean, maputxe herriaren eta naturaren arteko harremana zehazten duena da.

Mapuzugun hiztunen zenbakiak kritikoak direla diote inkestek. Biziberritze lana egin behar al da?

Hizkuntza ez da desagertuko. Zientziak estatistikak egiten ditu diagnostikoak ateratzeko, baina ez da kontuan hartzen kultura bakoitzak natura behatzeko era ezberdin bat duela; adibidez, maputxeak. Pentsamendu maputxea handituz doa, eta hizkuntza birmoldatzen.

Hizkuntzaz gain, zeremoniak ere berreskuratu dituzue.

Bai. Espiritualitatea berreskuratzen gabiltza; zeremoniak. Komunitateko longko [liderra] izendatu nindutenetik zeremonia espiritualak egiten ditut komunitatean. Hizkuntzaren ikaskuntza hortik hasten da. Hizkuntza bat ezin da soilik lau pareten artean erakutsi, zentzu ezberdin bat eman dakiokeen espazio bat ere beharrezkoa da.

Zeintzuk dira aurrera daramatzazuen gainontzeko borrokak?

Gure arbasoen pentsamendua berreskuratzeak egungo sistemaren aurrean kokatzen gaitu. Estatu txiletarraren eta argentinarraren errepresioaren eta sistema kapitalistaren aurrean, herri maputxearen erresistentzia nabaria da. Arbasoen pentsamendua berreskuratzearekin batera, mundua ulertzeko modu ezberdin bat sortzen da; horren aurrean, posizionamendu politiko, ideologiko eta antagoniko baten abanikoa zabaltzen da.

Eta zein da Euskal Herriarekin daukazuen harremana?

Harremanak, nolabait, antzinakoohiturekin erlazioa duela esango nuke. Herri maputxeak, beste kultura batzuen presentziarekin, diplomaziarako gaitasuna du; aliantzak aurkitu eta pentsamendu maputxea gainontzeko herrietako ideiekin elikatu eta sendotu behar da. Nire presentziak hemen aliantzak aurkitzearekin du lotura; pentsamendua, erresistentzia eta bizitzarengatik borrokatzea helburu duen aliantzaren bilaketa da.

Wallmapu eta Euskal Herria. Bateragarriak al dira errealitateak?

Kontsumoan murgilduta dagoen gizarteaz harago, hemen eta han badira mendiak basoekin, zeru urdina eta lainoak. Ideia utopikoa izan daiteke, baina ez da ezinezkoa. Maputxe herriak milaka urtez iraun du, eta gaur egun ere horretan dihardu. Nahiz eta atzera egitea zaila izan, ez da ezinezkoa. Maputxeon arbasoen oinarriak berreskuratu egin behar dira. Pentsatzeari ekin behar diogu berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.