ATZEKOZ AURRERA. Paul Broos. Elaad NL fundazioko kidea

«Auto elektrikoa iraultza soziala da»

Gas kutsagarrien emisioa gutxitzea erabaki zuten Herbehereetan, eta ibilgailu elektrikoak bultzatu dituzte horretarako. Paul Broosek uste du Europan «booma» izango dela, eta ez du atzera-bueltarik ikusten.
MAIALEN ANDRES / @FOKU

Andoni Imaz -

2018ko azaroak 30
Automobilgintzan hasi zuen bere bidea Paul Broosek (Waalre, Herbehereak, 1959), baina energiaren sektorera egin zuen jauzi duela ia hogei urte. Aditua da mugikortasun elektrikoan, eta gertutik ezagutzen ditu Herbehereetako hiri nagusietako sare elektrikoak. Ibilgailuen alorrak jasandako «iraultzaz» aritu da Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa), aste honetan egin diren Go Mobility jardunaldietan.

Zer ekarri du Herbehereetan ibilgailu elektrikoen gorakadak?

Pilaketak gertatzen ari dira; smart charging [karga adimenduna] sistema bultzatu behar dugu. Hamar ibilgailu elektriko kargatzen badituzu kalean aldi berean, sistemak ezin dio horri erantzun. Bi edo hiru bai, baina ez hamar.

Ibilgailu elektrikoak sustatzeko, aldi berean inbertitu beharko da ekoizpenean eta azpiegituretan.

Inork ez du ibilgailu elektrikorik erosiko ezin badu kargatu, noski. Batzuek kargagailu pribatuak dituzte, eta etxean jar dezakete bat. Baina etxean jarri ezin duenak kargagailu publiko bat eskatuko du, eta halako geltoki bat egiteko hogei aste inguru behar dira, baimenak eta konexioak tarteko. Prozesu hori onartuko du auto berria erosten duenak, baina bigarren eskuko bat erosten baduzu, eta autoa bi egunean jaso behar baduzu, kargagailua ere bi egunean behar duzu.

Sistema osoa sendotzeko, norbanakoen autoak ez dira nahikoa. Zer egin da taxiekin, adibidez?

Duela bi urte, Schiphol aireportuak erabaki zuen taxi guztiek elektrikoak izan behar zutela. Amsterdam ere taxi elektrikoak babesten ari da, eta karga azkarreko aparkalekuak jarri dituzte haientzat.

Eta garraio publikoarekin?

Garraio publikoan egindako apustua garrantzitsua da. Herbehereetan, orain, desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak ere elektrikoak dira, jende gutxi garraiatzeko autobus txikiak.

Gobernuak diruz laguntzen ditu auto elektrikoen erosleak, ezta?

Herbehereetako Gobernua pizgarriak eta abantaila fiskalak ematen hasi zen jendeak auto elektrikoak eros zitzan, eta funtzionatu du. Laguntzetan aldaketak egon diren aldiro, salmentek gora egin dute.

Aldaketak badu babesik?

Jendeak hasieran uste du ez dela errentagarria, ibilgailuek ez dutela balio distantzia luzeetarako... Baina horrela hasten dira aldaketak.

Laguntzek badute beren arriskua. Ibilgailu elektriko asko ez al dira dirudunen bigarren autoak?

Ados. Ibilgailu elektriko gehienak enpresako autoak dira egun, eta hori jende gutxiren esku dago. Lan ona eta etxe handia duen jendea da. Askok etxean bertan kargatzen dituzte autoak. Baina jende horrek ez du erregai fosil bidezko autora itzuli nahiko ondoren: elektrikoa erosoa da, isila, gidatzeko erraza...

Gizartea prest al dago?

Iraultza soziala da. Jendeak ulertu behar du ez duela behar tanga bete eta 1.000 kilometro egingo dituen auto bat. Pentsatzen dugu auto elektrikoek ez dutela bidaia luzeetarako balio, baina, autoa kargatzeko, ordu erdiko geldialdia egin dezakegu inolako arazorik gabe. Pentsamoldea aldatu behar da.

Zein dira hurrengo urratsak?

Askoz modelo gehiago egongo dira laster; enpresa nagusiak auto elektrikoak egiten ari dira. Hurrengo urratsa ekoizpen gaitasuna handitzea da. Gaur egun, urtebete itxaron behar duzu autoa edukitzeko. Bateria lantegien ahalmena ere garatu behar da.

Energia berriztagarrien sustapena ere norabide berean doa?

Zoritxarrez, Herbehereetan Europako okerrenak gara horretan, Maltaren aurretik. Gobernuak jaso du abisua, eta hasi da ikatz fabrikak ixten eta energia eolikoa sustatzen.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Uste dut booma izango dela. Elon Muski eskerrak eman beharrean gaude, haren presioari esker hasi baitziren aldatzen konpainia tradizionalak. Auto elektrikoak sexy izatea lortu zuen Teslak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna