ATZEKOZ AURRERA. Luis Miguel Martinez. Geologoa

«Ondorioak atera ahal izateko, harrien jatorria aztertu behar da»

Historian erabili izan diren eraikuntza sistemetako harriak izan ditu hizpide Martinezek bere ikerketetan. Azkenengo lanean, Arabako trikuharriak aztertu ditu; liburua aurkeztu berri du.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Arabako trikuharriak aztertu ditu Luis Miguel Martinez Torres irakasleak (Bilbo, 1956). Geodinamika sailean irakasle da Leioako campusean, Euskal Herriko Unibertsitatean.Orain arteko azterketak ere arlo horri lotuak egin ditu. Aurkeztu duen azken liburuan, esaterako, trikuharrien materialak eta eraikuntzak izan ditu oinarri, Neolito garaikoak. Arabako trikuharriak: neolitiko materialak eta eraikuntza sistemak da liburuaren izena.

Gehiengoak trikuharrietan harriak soilik ikusten ditu. Baina, zer da harriek kontatzen dutena?

Trikuharriak panteoiak dira. Urte askotan erabili izan dira, milaka urteetan. Jende asko lurperatu dute horietan, objektu guztiekin. Arkeologoek objektu horien aurkikuntzetatik, edota hezurretatik, trikuharrien funtzioak aztertu zituzten. Niretzat, ordea, egitura arkitektonikoak dira. Bolumen jakin batera mugatzen dira, eta harriekin eginak daude. Ikerketa honetan, aztertu dut zein harri mota erabili diren eraikuntzarako; baita nondik ekarri diren eta nola landu diren ere. Oinarrian, trikuharrien eraikuntza sistemak eta materialak dira aztergai nagusi. Liluragarria da.

Ikertutako trikuharriak Neolito garaiko eraikuntzak dira. Aztertu al dituzu aurretiko eraikinak ere?

Azken finean, trikuharriak bolumen jakin bateko estrukturak dira, espazio bat okupatzen dutenak, eta egun, kontserbatzen direnak. Halere, aurretik bazeuden bestelako eraikuntzak ere; esaterako, menhirrak. Lokatzarekin edota arramekin egindako etxolak ere egongo ziren duela milaka urte, baina ez da halakorik kontserbatzen.

Eta trikuharriek urteetan izan duten funtzioaren arabera, ba al dago desberdintasunik?

Ez, panteoiak dira. Han jendea lurperatzen zuten. Tumulu bat dela esan genezake, barruan gela bat duena: kono itxura du, eta barruan korridore bat dauka gelara sartu ahal izateko. Hilotzak hantxe egoten ziren, eskaintza guztiekin.

Tumulua aipatu berri duzu. Desberdinak al dira trikuharriak eta tumuluak?

Esan daiteke tumuluak harri pilaketak direla, baina barruan ez daukate gelarik. Ganbera bat izanez gero, trikuharriak dira.

Egin al duzu topo ezustekoren batekin ikerketan?

Bai. Arabako trikuharrien azterketa egin aurretik, Iberiar penintsulan ere egin ditut ikerketak; hain zuzen ere, Espainian eta Portugalen. Gutxi gorabehera, 200 trikuharri inguru aztertu ditut, eta ondorioztatu dut hiru mota daudela. Trikuharriek harresia eta gaineko estalkia dute, baina harresiak ezberdinak dira.

Eta zein motatakoak dira aztertu dituzun trikuharrien harresiak?

Batetik, ortostatoz egindako trikuharriak daude. Harriak elkarren ondoan jartzen ziren, eta, hala, horma bat eraikitzen zuten. Bestetik, lauza teilakatuz egindako egiturak daude; hain zuzen ere, harriak elkarren gainean pilatzen ziren, batabestearen gainean. Azkenik, harlagaintzez egindakoak. Horiek harri txikiagoz osatutako harresiak dira, elkarren artean pilatzen ziren horma eraiki ahal izateko.

Geologiarekin lotutako azterketa gehiago ere egin dituzu.

Arabako menhirrak aztertu nituen aurretik. Oinarria bera izan zen: harriak aztertu nituen. Ondorioak atera ahal izateko, harrien jatorria aztertu behar da. Gainera, geologook sarri izaten dugu aurretiko informazioa; esaterako, badakigu non zeuden harrobi zaharrak. Halere, noizbehinka zailtasunak ere izaten ditugu, eta lan asko egin behar izaten dugu.

Gaur egungo eraikinetako harriek zer kontatuko dute etorkizunean?

Egungo eraikinek ez dute ezer kontatuko; izan ere, zementuzkoak dira. 1900. urtetik aurrera ia eraikin guztietan da zementua nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.