ATZEKOZ AURRERA. Renato de la Maza. Aire trapezista

«Antropologoentzat ikergai ona da zirkua»

Hogei urte inguru daramatza De la Mazak zirku garaikidean murgilduta; tela eta trapezio artean pasatzen ditu ordu gehienak. Egunotan, gertutik ezagut daiteke bere lanbidea Zirkozaurren.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 7
Unibertsitatean zegoela, 19 urterekin, lagun batek bultzatuta murgildu zen zirkuaren munduan Renato de la Maza (Ñuñoa, Txile, 1983). Eta, ordutik, hankak lurrean gutxitan izaten ditu: aireko akrobaziak egiten espezialista da. Alde batetik bestera hegan egiten duten trapezistez beteriko ikuskizun handi eta eder bat zuzentzea du amets. Egun hauetan, Zirkozaurre Bilboko zirku arteen sorkuntza eta erakusketen espazioak antolatutako jardunaldietan tailerrak ematen ari da, haurrentzat zein helduentzat.

Antropologia ikasi zenuen, baina ia hamasei urte daramatzazu zirkuan lanean. Loturarik ba al dago bi esparruen artean?

Bai. Batetik, hurbilketa sozialak batzen ditu, eta, bestetik, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko baliabideak eskaintzen dituztelako bi esparruek. Horrez gain, zirkua antropologo batentzat ikergai ona da, bizitzeko modu bat den heinean, kultura bat ere badelako.

Eta zertan datza zirku garaikidea?

Zirku tradizionalaren alderdi bat da, baina askoz elementu gehiago hartzen ditu ekoizpen osoago bat egin ahal izateko. Musikaren, antzerkiaren eta dantza garaikidearen arteko bat egitean oinarritzen da zirku garaikidea.

Bilbon, animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatu dituzte duela ez gutxi. Zuen lana ezagutarazteko aukera gehiago izango dituzuela iruditzen zaizu?

Animaliak dituzten zirkuak ez ditut sekula konpetentzia moduan ikusi. Ankerkeria iruditzen zaizkit. Guretzako aukera gehiago sortu baino gehiago, gizartea osasuntsuago egiten laguntzen dute halako erabakiek. Basakeria eta tratu txarrak azaltzen diren ikuskizunak ez lirateke existitu behar.

Txilen eman zenituen zure lehen pausoak. Egun, Euskal Herrian zaude. Zein desberdintasun atzeman dituzu?

Txilen, diktadura militarra nagusitu da orain arte, eta edozein arte diziplina deuseztatua egon da. Zalantzan jartzen zen zirkuari loturiko edozer. Euskal Herrian, aldiz, artea baloratua dago, pertsonek dagokien estatusa dute, eta ez da denbora-pasa gisa ikusten, ofizio moduan baizik.

Nola lortu zenuen zure lanean aurrera egitea?

Txilen, lan ibilbiderik eta talde onik eduki ezean, zaila da norbaitek entzutea eta errespetua edukitzea. Oihartzun handiagoa dute kanpoko zirkuek bertakoek baino. Horrez gain, zirkuan lanean hasi nintzen garaian ez zegoen hain hedatua zirku garaikidea. Halaber, aire trapezista naiz, eta ezezagunak diren diziplinak lantzen ditut, eta Txilen soilik ez, hasieran, Euskal Herrian ere ez zen erraza izan lana aurkitzea.

Kirola edo artea. Zer da zirkua?

Uneak daude. Batetik, zirkuan entrenatzen den jendea dago, diziplinak lantzen dituena, akrobaziak, besteak beste. Bestetik, sorkuntzak egiten dituztenak ageri dira, artistak bilakatzen dituzten ikuskizunak. Azken finean, arte mota bat erakusteko tresna da zirkuko diziplina.

Aireko akrobaziak baliatuz, yoga ere egin izan duzu. Nola uztartu zenituen?

Yogak eskaintzen duen gorputz kontzientzia ezinbestekoa da aire diziplinak garatu ahal izateko; horregatik, zirkuko ekintzen osagarri ezin hobea dela iruditzen zait. Gainera, bat egiten du norberaren elastikotasunarekin, malgutasunarekin eta orekarekin.

Zer landuko duzue Zirkozaurrek antolatutako jardunaldietan?

Tailerrak emango ditut, eta, horietan, telak eta trapezio finkoak erabiliko ditugu. Helburua, batik bat, gorputz kontzientzia nola landu erakustea izango da, oso garrantzitsua baita; are gehiago, norbere segurtasunarentzat. Horrez gain, burua zaintzen eta ariketa hezigarriak egiten ikasiko dute, pausoz pauso akrobaziarik handienak egitera iritsi ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna