ATZEKOZ AURRERA. Encarna Andueza. Mus jokalaria

«Andreak eta gazteak animatzea nahi dugu»

Martxan da Euskal Herriko Mus Txapelketaren 11. aldia. Baztanen eta Malerrekan antolakuntzan dabil Andueza. Geroz eta gehiago jokatzen dela dio, eta emakumeei dei egin die txapelketetan izena ematera.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko abenduak 18
Iparra-Hegoa egitasmoan jarri zuten hazia, Seguran (Gipuzkoa), baina gaur egun Euskal Herri osoko txapelketa da, eta 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartzen du. Martxoaren 16an jokatuko da finala, Lizarran (Nafarroa). Orain, herri eta auzoetako kanporaketak jokatzen ari dira. Encarna Andueza (Doneztebe, Nafarroa, 1964) bere eskualdeko antolaketa lanetan ari da.

Mus. Non ikasi zenuen musean?

Herrian beti bazen ohitura jokatzeko; beraz, lagunen artean.

Bazkalondorik ez da mus partidarik gabe?

Batzuetan egiten dugu, baina ja aspaldixko jokatzen dugu txapelketa antolatzen denean. Segun eta nor dagoen mahaian jarrita, antolatzen dugu partidatxo bat.

Handira. Gaur egun gutxiago jokatzen da musean?

Lehen bazen ohitura gehiago herri guzietan, baina orain ari da hori berreskuratzen. Baztanen, nire etxe ondoan, egun guzian aritzen dira jokatzen. Agian, adineko jendea, hori bai. Joan den astean, hemen egin dugu txapelketa, eta oso ongi atera da. Orain nahi dugu emakumeak eta gazteak animatzea.

Txikira. Gutxiengo dira horiek?

Bai, gutxiago, baina ari dira animatzen. Azkenean, joko bat da, eta aski polita. Baina behar da animatu.

Zergatik gertatzen da hori?

Gizonak gehiago ikusten dira musean, eta emakumeak, agian, gehiago beste mahai jokoetan. Baina geroz eta gehiago animatzen dira.

Nola erakartzen ahal dira emakumeak?

Bakoitzak bere herrian animatu behar ditu izena ematera, eta, ez badakite jokatzen, ba ikas dezatela. Oso joko polita da. Aste honetan, Baztanen 12 bikotetan hiru emakume bakarrik zeuden, baina pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da. Aurten, gainera, ari gara kanpaina egiten emakume gehiagok jokatzeko.

Oso ezberdina da txapelketa batean edo bazkalondoan jokatzea?

Txapelketaren arabera. Euskal Herrikoan nahi duzu herrialdeko kanporaketara joan, eta, gero, finalera. Orduan, irabazten saiatzen zara, ez duzu lasai jokatzen; badu bere saltsa.

Pareak. Zer garrantzi du bikoteak txapelketan?

Lagun batekin edo familiako norbaitekin izena ematen duzu, baina ongi pasatzeko izaten da. Batzuek beti bikote bera dute, eta ezagutzen dute elkar, keinu edo begiradekin. Ni ez naiz hainbesterako ailegatzen.

Jokoa. Nola deskribatuko zenuke musa?

Aski polita da, ulertzen baduzu. Joko hau beti ezagutu izan dut, eta gustatzen zait.

Apusturik egiten duzu?

Bueno, erronda bat bai, hori beti egiten dugu: galtzen duenak erronda ordaintzen du. Baina ez dugu apustu handirik egiten, ez dugu etxea edo autoa jokatzen.

Keinuka, gertatu zaizu inoiz gaizki ulerturik egotea?

Bai, noski. Gauza bat duela pentsatzen duzu, eta bertze bat da, eta hanka sartzen duzu. Adibidez, uste duzu bi errege dituela, eta bi bateko ditu. Horiek dira jokoaren aferak.

Puntua. Zein izan da jokatu duzun partidarik onena?

Lehen, Donezteben, beti taberna batek antolatzen zuen txapelketa, eta ortziralero izena ematen genuen. Egun batean, finala jokatu, eta bi bildots irabazi genituen.

Txapelik jantzi duzu?

Bai, behin, Arraiozen. Etxean gordea dut.

Jokoan jakitea edo zortea izatea, zer behar da gehiago?

Zortea behar duzu, kartak etorri behar zaizkizu, bestela ez duzu deus egiten, nahiz eta gezurrak erran. Kartek ematen dute jokoa, eta, bestela, ez duzu deus egiteko.

Zer garrantzi du txapelketak?

Zazpi herrialdeetan mahai joko oso inportantea izan da, eta uste dut harremana izan behar dugula denen artean. Hori da helburua. Herrialdeko kanporaketan herri guzietako jendea ikusten duzu, juntatzen gara denak, eta harreman berria egiten duzu. Oso polita da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna