ATZEKOZ AURRERA

Postaletik kanpoko munduak

Olatz Mitxelenak irabazi du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Grezian izan da udan, eta han ikusi eta bizitakoak bildu ditu. Alpeetan zeharkaldi bat egitea izango du sari. Bideoa albistearen amaieran.
Martxelo Otamendi, Olatz Mitxelena eta Felipe Uriarte, Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako sari banaketan.
Martxelo Otamendi, Olatz Mitxelena eta Felipe Uriarte, Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako sari banaketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Andoni Imaz -

2019ko urtarrilak 12
Ez dago alde makala Greziako irlen eta Alpeetako mendien artean. Paradisuko irudi zuri-urdinak utzita, goi mendi elurtuak izango ditu zerumugan Olatz Mitxelenak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989), kranpoiak eta pioletak aldean daramatzala. Joan den udan Greziara eginiko bidaiari buruzko Grezia: memoriaren postalak kontakizunarekin irabazi du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa, postaletan agertzen diren eta ez diren paisaien eta egoeren atalkako kronika batekin. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Roberto Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kideak eman diote saria, aste honetan.

Filosofia ikasia da Mitxelena, eta, besteak beste, pentsamenduaren oinarrien lurretara bidaiatzeko gogoak erakarrita abiatu zen batera Greziara, mutil lagunarekin: «Leku gisa ere oso erakargarria iruditzen zait Asiara gerturatzen den Europako zatia». Urtero aprobetxatzen dute udan tarte bat hartu eta bidaiatzeko, eta dagoeneko bisitatu dituzte Hego Amerikako eta Europako zenbait toki. Atenasko ezagun bati aholkua eskatu, eta bost asteko bidaiari ekin zioten abuztuan, udako denboraldi bete-betean.

Lehendik ere ezagutzen zuen Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa, eta han zegoela gogoratu zen: «Ikusi nuen deialdia atera zutela, saria zein zen, eta animatu egin nintzen». Idatzi beharreko karaktere kopurua ikustean, pentsatu zuen: «Luze!». Ekin zion idazteari, eta pasartez pasarte kontatu zituen bidaian bizitakoak. Konturatzerako, eskatutakoa baino gehiago zuen idatzia, eta «aukeraketa estilistikoa» egin zuen.

Hiru atal aukeratu zituen kronikarako: Atenaskoa, Greziako barnealdekoa eta irletakoa. Eraikin ederrak eta eder izandakoak jaso zituen lehenengoan, harkaitz tontor harrigarriak bigarrenean, eta idealizatutako paisaien edertasuna hirugarrenean.

Izenburutik bertatik, postalez aritu zen; erakusten denaz, eta atzean dagoenaz: «Kasu honetan Greziarekin adierazten den hori beste edozein lekurekin gertatzen da. Ezagutu eta pixka bat ibili arte, ez da ikusten zer den». Aurrez imajinatuko ez lituzkeen hainbat paisaiarekin egin du topo bidaian.

Herrialdearen ipar-mendebaldeko paisaiek harritu dute gehien Mitxelena: «Albaniarekiko mugan, Alpeetako estiloa duten herriak daude, eta ez nuen inondik espero». Bertako jendearen harrera ona ere nabarmendu du kronikan: «Haien ustez atzerritarrei harrera ona egitean datzan bertute edo dohain bat dute, eta nabaritzen da hori; oso atseginak dira, beti laguntzeko prest».

Hurrengo geltokia

Alpe itxurako paisaietatik, Alpeetara bertara joateko prestatu beharko da Mitxelena, hori baitzen kroniken lehiaketako saria: datorren udan Zermatt inguruan egiteko goi mendiko zeharkaldia, Mendiak eta Herriak elkarteak antolatuta. Bi lagunekin eta elkarteko gidari batekin egingo du bidaia, eta 4.000 metrotik gorako zenbait tontor igoko dituzte.

Mendizalea da bera, eta azken urteetan gero eta gehiago aritzen da, nahiz eta horrelako mailan ez den sekula ibili. Baina saria ikusita animatu zen lehiaketan parte hartzera, horrelako aukera bat aprobetxatzeko: «Bestela, ez nuke horrelako bidaiarik egingo». Oraingoz, bikotekidearekin egingo duen hurrengo bidaia antolatzen hasiak dira: Vietnam izango da haien hurrengo helmuga.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna