ATZEKOZ AURRERA. Maria Orcasitas-Bikandi. Idazlea eta irakaslea

«Hemen ere egon dira andre erreferenteak»

Euskal Herriko hainbat garai eta arlotako 50 andreren bizitzak bildu dituzte 'Errebelde 50 bider' liburuan. «Eurengandik espero zenarekin apurtu zuten emakumeak» ezagutarazi nahi dituzte egileek.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko 50 emakume errebelderen bizitzak jaso dituzte Maria Orcasitas-Bikandik (Gasteiz, 1985), Andrea Perales Fernandez de Ganboak eta Angela Garcia Mardonesek. Artistak, kirolariak, zientzialariak, ekintzaileak eta beste dira Erein argitaletxeak ateratako liburuko protagonistak; aspaldikoak batzuk, egungoak besteak. Haatik, errebeldeak dira guztiak, edozein zirrikitu aprobetxatu baitute nahi zutena lortzeko.

Hezkuntzan ikusitako hutsune bat izan da liburuaren sorburua.

Bigarren Hezkuntzan genbiltzala, ohartu ginen liburuetan ez zegoela emakume erreferenterik. Nik euskara, ingelesa eta gaztelania irakatsi ditut, baina arlo guztietan gertatzen da hori. Zientzian edo edozein esparrutan pentsatzen dugunean, burura datozkigun lehenengo irudiak gizonenak dira. Pentsatu genuen hori ezin zela horrela izan, ez zela mendea hori horrela izateko.

Euskal Herriko emakumeak dira liburukoprotagonistak.

Ikertzen hasi ginen Euskal Herrian zer emakume zeuden. Badaude emakumeak AEBetatik-eta etorri direnak, baina beti kanpoko erreferenteak ditugu. Guk biak batu nahi genituen, erreferenteak andreak eta hemengoak izatea. Hemen ere egon dira andre erreferenteak, eta horiek argitara atera nahi genituen.

Errebeldeak dira emakumeok, baina zer da errebelde izatea?

Euren garaian eurengandik espero zenarekin apurtu zuten emakumeak dira. Existitzen ziren hutsune txikiak baliatuz, euren bizitza desberdin egin zutenak. Statu quo hori apurtzen saiatu ziren emakume horiek. Batzuek modu nabarmenean egin zuten, beste batzuek apalago; baina denak saiatu ziren euretaz espero zenarekin apurtzen. Guretzat, biak izan dira garrantzitsuak, Pasionariaren moduko emakume indartsuak eta sukaldari bat.

Esparru askotako andreak dira.

Emakumeak oso desberdinak gara. Askotan, emakumeen bildumak egiten direnean, andre ilustratuenak egiten dira, aukera asko izan dituzten emakumeenak. Guk horrekin apurtu nahi genuen: emakume apalenak ere sartu nahi genituen.

Kortsarioa, espioia, tabernaria... Andreekin lotzen ez diren irudiak dira. Nola iritsi zarete horietara?

Horiek bilatzen saiatu ginen bereziki. Hezkuntzan ibilitako emakumeak erraz aurkitu genituen; izan ere, emakumeok, nonbait lan egin ahal izan badugu, hezkuntzan lan egin ahal izan dugu. Orduan, espioi bat edo kortsario bat sartzen saiatu gara. Ikusarazi nahi genuen modu batean edo bestean arlo guztietan egon direla emakumeak.

Kolektiboak ere jaso dituzue.

Mugimendu feminista borroka kolektibo bat da; eta, horrela ulertzeko, kolektiboak ere sartu nahi genituen. Orekatzen saiatu ginen, baina norbanako gehiago sartu ditugu azkenean. Ederra litzateke kolektiboei buruz egitea hurrengo lan bat.

50 emakumeren bizitza jaso duzue; zer irakaspen atera duzu?

Harritu nauen gauza bat izan da emakume horiek edozein zirrikitu aprobetxatzen zutela nahi zutena lortzeko; esaterako, ikasi nahi zutenak unibertsitatera joatea hainbat urtez, inolako aitortza eta titulurik gabe. Egunerokoan tinko mantentzea da emakume horietaz ikasi dudana; ez da egun bateko iraultza bat, egunero aurrera daramazun iraultza txiki bat baizik.

Liburua kalean da. Zein da orain haren helburua?

Irakurlea konturatzea emakumeak ezagutu ez baditugu ez dela izan egon ez delako, argitara eman ez gaituztelako baizik. Egon da intentzio bat andreon historia estaltzeko.

Aurrera begira, zer urrats egin beharko lirateke hezkuntzan?

Hezkuntza feminista bat posible da, maila guztietan. Transbertsala da, eta edozein irakasgai da egokia lantzeko. Ni Enpresa eta Ekonomia Fakultateko irakaslea naiz orain, eta inguru gogor horretan ere badago tokia andreon egoeraren kontzientzia hartzeko eta birpentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.