ATZEKOZ AURRERA. Jose Ramon Mauleon Gomez. Soziologia irakaslea EHUn

«Ez da posible esfortzua egin behar izatea osasungarri jateko»

Mauleonek, elikadurari buruzko informazioa emateaz gain, modu iraunkorrean kontsumitzeko aukera ematearen garrantzia aipatu du; tailer agroekologikoa hasi dute EHUko Arabako campusean.
ENDIKA PORTILLO / @FOKU

Jon Rejado -

2019ko martxoak 13
EHUko Arabako campuseko irakasle talde batek proiektu berri bat hasi zuen atzo: tailer agroekologiko bat. Farmazia Fakultateko Soziologia irakasle Jose Ramon Mauleon Gomez (Bilbo, 1959) da sustatzaileetako bat. Proiektua azaltzeko, elikadurak hartzen dituen eremu guztiak ekarri ditu gogora: produkzioa, garraioa, banaketa eta kontsumoa. Bada, uste du sistema hori ez dela iraunkorra: ez ekonomikoki, ez sozialki, ezta ingurumenari dagokionez ere. Proiektua alternatibak eragiteko asmoarekin jaio da. Hileko bigarren asteartean egingo dute saiakera, maiatzera arte.

Zergatik erabaki zenuten proiektua garatzea?

Zenbait egoera elkartu dira proiektua ahalbidetzeko: lehenik eta behin, arazo bat antzeman dugu, iraunkorra ez den elikadura sistema bati aurre egiteko moduei buruzko hausnarketak eraginda.

Zer arazo?

Informazioa jasotzen dugu, baina mugatuta gaude iraunkortzat jotzen ditugun erabakiak hartzeko.

Adibidez?

Adibidez, elikadurarekin ditugun arazoez informazioa izan dezaket. Ordea, sagar bat jan nahi badut, etxetik ekarri behar dut, inguruan eskuragarri dudan janaria ez delako osasungarria edo ingurumenean eragina duelako. Ez da posible esfortzua egin behar izatea osasungarri jateko.

Nola zuzendu daiteke hori?

Horrek proiektua sortzeko bat egin duen beste egoera batera garamatza: Valentziako Unibertsitate Politeknikoan [Herrialde Katalanak] ezagutu nuen proiektu bat. Unibertsitate hori Arabako EHUko campusarekin parekotasunak ditu: hirian, fakultateak gertu, baina bereizita... Nekazari azoka moduko bat zuten, eta askotariko elkarteek bertara gerturatzeko aukera zuten.

Zein da tailerraren helburua?

Proiektuaren azken ardatza da hori. Paradigma berriaren arabera, informatzearekin ez da nahikoa: jendeari gauzak erraz jarri behar dizkiozu. Azalduko dugu zer den bidezko merkataritza, zergatik den ona, eta elikagai hori eskuratzeko aukera emango dugu. Egokia dena hautatzea ahalik eta errazen izatea lortu behar dute erakundeek.

Farmazia Fakultateko irakasleek sustatu dute?

Arabako campuseko lau fakultatetako hainbat irakasle gaude atzean: Farmazia, Hezkuntza eta Kirola, Letrak eta Ekonomia. Hainbat diziplinatako irakasleok ikusi dugu arazo bat dagoela.

Behar besteko garrantzia ematen zaio gaiari fakultateetan?

Ez ditut gaitegiak ezagutzen. Baina, etorkizunera begira, iraunkortasuna lehentasunezko gaia da niretzat. Ikasgeletan gaia jorratzen dugunean, agian, teorikoegiak izan gaitezke, baina orain alde praktikoa ere ikusi ahal izango da. Are, tailerra baliatuko da gradu amaierako lan bat egiteko. Oso baliabide zabala da, eta hainbat pertsonak izango dute aukera bertan lan egiteko.

Nola aukeratu dituzue tailerrean parte hartu duten ekoizleak?

Guk, unibertsitate gisa, ez dugu kudeatu. Helburuak zehaztu ditugu. Ikuspegi teorikoa zehaztu dugu, eta helburu komunak dituzten elkarteekin jarri gara harremanetan, ekarpenak egin ditzaten. Tailerrean honako hauek egon dira: Bionekazaritza, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Slow Food Araba, Zentzuz Kontsumitu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zentzumen Analisiaren Laborategia.

Duela hainbat urte EHUko ortu ekologikoa hasi zenuen. Orain tailerra. Halako ekinbideek lekua dute unibertsitatean?

Instituzio guztietan ahalegin apur bat egin behar da hasieran, proposamen berriak garatzeko. Inertzia bat dute. Ortua, hasieran, gauza arrarotzat zuten batzuek, baina egun oso ondo funtzionatzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria