ATZEKOZ AURRERA. Cristina Reni. Food for Soulen zuzendari exekutiboa

«Gastronomiak denok berdintzen gaitu: gizaki guztiokin lotzen gaitu»

Jana alferrik ez galtzeko, Food for Soul erakundeak proiektu txikiak bultzatzen ditu han eta hemen: jangela sozial gisakoak irekitzen ditu, tokian tokiko jendearekin elkarlanean, komunitateak lotuz.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Donostiako Basque Culinary Centerren egon da egunotan Cristina Reni (Barquisimeto, Venezuela, 1989), Sukaldeko solasaldiak jardunaldietan. Food for Soul irabazi asmorik gabeko erakundeko zuzendari exekutiboa da: tokian tokiko komunitateetan jangelak sortzen ari dira, alferrik galtzen den janariarekin arduratuta; halako lau zabaldu dituzte Italian, bat Londresen, eta beste bat Rio de Janeiron.

Zein izan zen Food for Soulen hazia?

Ofizialki, 2016an sortu zuten Massimo Botturak eta Larak Gilmorek. Baina, izatez, lehenengo proiektua urtebete lehenago abiatu genuen, Milanen [Italia], konferentzia baten harira. Bazen sukaldari bat zerbait egin nahi zuena bizi zen komunitatearentzat: sei hilabeterako esperimentu gisa jaio zen, baina, gaur egun, martxan dago oraindik ere.

Zer dago oinarrian?

Batez ere, janaria alferrik ez galtzea da asmoa, eta horren bidez gizarte inklusioa bultzatzea. Konferentzia hartan, gastronomiaz aritu ginen, baina ez goi mailako sukaldaritzaren sinonimotzat hartuta, baizik eta hainbat punturen elkargune gisa ulertuta: nekazaritza, teknologia... Gastronomiak denok berdintzen gaitu: gizaki guztiokin lotzen gaitu. Hori da interesgarriena niretzat.

Jangela sozial modukoak dira?

Hala da, baina pixka bat diferenteak dira. Bidaiatzen dudan toki guztietan joaten naiz jangela sozialetara, boluntario, eta bakoitzetik zerbait ikasten saiatzen naiz. Izan ere, asko dugu elkarrengandik ikasteko; arlo sozialean, bereziki: gauzak aldatu nahi baditugu, beharrezkoa da aliantzak egitea.

Jangela sozialak estigmatizatuta ez ote dauden, sobratutako jana...

Bai; ematen duten janaria zalantzazkoa balitz bezala, osasunari kalte egingo balio bezala. Modenakoa ireki genuenetik, han jaten dut nik, eta ez naiz gaixotu. Profesionalak daude bertan lanean: sukaldari batek ikusten badu zerbait gaizki dagoela, ez du prestatuko. Sistema bat daukagu sobran dagoen janari hori alferrik gal ez dadin, betiere arau batzuen barruan.

Posible da jendearen asmo onari denboran eustea?

Gure baldintza bakarra da ezin dutela itxi: jangela horiek ez dira epe mugatu baterako diseinatu. Ez du zentzurik hainbeste lagun mobilizatzeak eta gero ixteak. Badirudi gaur egun denak azkarra izan behar duela, baina gauzak egiteko denbora behar da; gu geu ere, gizakiok, aldatu egiten gara denborarekin, baina ez egun batetik bestera. Guretzat garrantzitsua da leku horiek erreferentziazkoak izatea.

Zerk bultzatuta irekitzen dituzue jangela horiek? Nork ematen du lehenengo pausoa?

Jendearen eskaria dago proiektuon atzean. Pariskoa artista batek hasi zuen, guri laguntza eske deitu ostean. Beti tokian tokiko jendearekin egiten dugu lan, jatorrizko ideia hango berezitasunetara egokitu eta baliagarria izan dadin hango jendearentzat. Ez gara mundu mailan lan egiten duen talde handi bat: tokian tokiko aliantza bila ibiltzen gara. Jarraipena egiten diegu gero, baina ez ditugu guk kontrolatzen.

Elkarte bat dago jangela bakoitzaren atzean: nolakoak dira elkarte horiek?

Desberdinak dira guztiak. Rio de Janeiron, esaterako, Gastromotiva elkarteak urteak daramatza faveletako haurrei prestakuntza eskaintzen, sukaldari izan daitezen. Londresen, berriz, zentro txiki bat dago batez ere zaharrekin eta buruko gaixotasunen bat dutenekin lan egiten duena. Leku bakoitzean bost bat laguneko lantaldeak daude, proiektuaren jarraipena eta ardura dutenak.

Halako bakoitza martxan jartzeak denbora beharko du, ezta?

Hala da: badakigu ez ditugula milaka jangela sortuko urtebetean, baina ez da gure asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.