ATZEKOZ AURRERA

Geografiaren giharra agerian

Dozenaka ikaslek Geografiako Olinpiar Jokoen bigarren aldian parte hartu dute EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. Ezagutza arlo horren balioa aldarrikatzeko baliatu dute ekitaldia.

Geografiako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten ikasleen arteko diploma banaketa, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Zer dira penilautadak? Eta lapiazak? Zein izan zen EAEko 2017ko enplegu tasa? Zer esan nahi du LAG laburdurak? Eta isohipsek lotzen dituzten puntuek zer dute komunean? 50 galderako erronka bat izan dute 53 ikaslek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Geografiako Olinpiar Jokoetan. Parte hartzaileek ezagutza neurtzeko tartea izan dute, baina, horren gainetik, ezagutza arloa aldarrikatzeko balio izan du: geografiaren giharra agerian uzteko.

Goizeko hamarrak pasatu dira, eta dozenaka ikasle daude Gasteizko Letren Fakultatearen sarreran. Batxilergoko 2. mailakoak dira, guztiak Geografia ikasgaiko ikasleak. Geografoen Elkarteak deituta bertaratu dira, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. Lasaitzeko aholkuak entzuten dira han-hemenka. Disfrutatzeko. Esperientzia berriaz gozatzeko. Ordea, Gradu Aretoan eserita daudela, ikasle asko ari dira jolasten, urduri, sarreran banatu dieten paper batekin: Pintxo eta freskagarri baterako txartela dago idatzita.

«Geografia planeta eta inguru gertua ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen digun zientzia da», gogorarazi die Orbange Ormaetxea EHUko Geografia arloko irakasleak bertaratutakoei. «Ingurumenari buruzko ikuspuntua aldatzeko ere balio du, eta hori adierazgarria da», gaineratu du, Fridays for future klima aldaketaren aurkako mugimendua gogora ekarriz. Hori dela eta, Ormaetxeak aukera baliatu du ikasgaia aldarrikatzeko eta unibertsitatera joateko hautaprobetan beste ikasgaiek duten balioaren pare jartzeko.

Ikasleak laguntzera joan diren irakasleek buruarekin berretsi dituzte Ormaetxearen hitzak. «Gogoeta ona benetan», esan du irakasle batek, Gradu Aretotik atera bitartean. Hamar eta erdiak dira, eta heldu da ikasleek 50 galderako erronkari aurre egiteko ordua. Atea itxi aurretik entzun da areto barruan: «Mesedez, aulki asko geratu dira libre: horiek baliatu eta sakabanatu apur bat».

Bisita gidatu eta guzti

Irakasleekin batera hogei ikasle inguru ere atera dira Gradu Aretotik. «Ikastetxe bakoitzetik zortzi ikaslek parte har zezaketen, baina ikasgelako guztiek etorri nahi zuten», azaldu du Eduardo Piñel irakasleak. Urritxe Institutuko kideak dira, Zornotzakoak (Bizkaia). Olinpiar Jokoetako antolatzaileek ez diete trabarik jarri. Are, zortzi hautatuek galderak erantzun bitartean, gainontzekoek fakultateko azpiegiturak ezagutu dituzte, eta aukera izan dute institutuan ikasitakoa erabiltzeko geografia fisikoko laborategian.

Urritxeko ikasleak mapa geologikoetan murgiltzen hastean, galdetegia bete duten batzuek amaitu dute dagoeneko. Xanti Sudupe, Ballonti Institutuko irakaslea, ikasle batzuen zalantzak argitzen ari da. «Ezin izan dugu ezer prestatu etorri aurretik; are, oraindik eman ez ditugun edukiak sartu dira». Beste ikastetxe bateko ikasleak «zailegia» zela hausnartu dute, baina gaineratu dute merezi zuela.

Eguerdian banatu dituzte sariak. Irabazleak irabazle, parte hartu duten guztiek jaso dute diploma bat. Geografia ikasketek ematen dituzten aukera guztien berri jaso dute: ingurumena, klima, lurralde antolaketa, hirigintza... Ikasle batek baino gehiagok adierazi du fakultatera itzultzeko asmoa duela institutua amaitu ostean, geografiaren giharrak erakarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.