ATZEKOZ AURRERA. Kauldi Iriondo Galarraga. Argazkilaria

«Jakin-minak eraginda astakeria handiak esan daitezke»

Euskalduna eta euskal herritarra izatearen inguruko gogoeta proposatu du Kauldi Iriondok Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko erakusketa batean. Egungo errealitatea askotarikoa dela dio.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Igandean itxiko ditu ateak Euskaldun-berriak? erakusketak, Oihaneder Euskararen Etxean, Gasteizen. Kauldi Iriondo Galarragak (Gasteiz, 1992) Batera deialdiaren bitartez garatu du proiektua. Hamabi pertsonaren erretratuak bildu ditu erakusketan: koloretan, eta metro koadro batekoak. Guztiek ezaugarri bat dute komunean: «Ez datoz bat euskaldun izatearen estereotipoarekin». Horien elkarrizketak entzun daitezke erakusketan.

Erakusketaren izenburua Euskaldun-berriak? da. Zer esan nahi du azken galdera marka horrek?

Hamaika buelta eman dizkiot izenburuari, egia esan. Proiektuaren abiapuntua kuadrillako kide baten bizipenetan dago, nolabait. Haren eguneroko bizipenen gaineko jakin-mina nuelako sortu da.

Zergatik?

Perutik etorri zen txikitan, eta jatorriak eman dizkio ezaugarri fisiko batzuk. Betidanik jakin du euskaraz, eta euskal herritartzat dauka bere burua. Hor sortu zitzaidan galdera. Ezaugarri fisikoengatik ezberdin tratatu izan dute noizbait? Eta, bestetik, nola bizi ditu kuriositateak eragindako galderak?

Nola gertatu zen ideia izatetik proiektu bihurtzera arteko jauzia?

Lagunarekin hitz egin nuen. Ondo ikusi zuenez, aurrera eraman nuen. Bera izan zen elkarrizketatu nuen lehena. Beste 11 etorri ziren gero.

Nola bizi izan duzu proiektua egiteko prozesua?

Asko hausnartzeko aukera eman dit. Asko ikasi dut, bai gaiari buruz, baita halako proiektuei heltzeko moduaz ere.

Agian kuadrillako lagunaren errealitatea aurrez ezagutuko zenuen, baina nolakoa izan da besteen bizipenen berri jasotzea?

Lagunaren bizipenen inguruan ere ez nekien asko, ez pentsa. Sekula ez genuen horri buruz asko hitz egin; beste lehentasun batzuk izango genituen. Bestalde, saiatu naiz elkarrizketa irekiak egiten; hots, oinarrizko ideia azaltzen nuen, haiek libreki hitz egin zezaten.

Partekatutako hausnarketarik antzeman al duzu?

Jakin-minak eraginda astakeria handiak esan daitezke. Eta egunero-egunero halakoak entzun behar izatea... Elkarrizketatuetako batek zuzenean erantzuten du sahararra dela, beste azalpenik eman gabe, bizitza errazte aldera. Horrez gain, denok egiten ditugu galdera horiek. Parte hartu duten lagunek ere esan dute egin izan dituztela.

Asteetako lanaren ostean, zer ondorio nagusi atera duzu?

Oinarrizko kontzeptu batzuk berrikusi beharko lirateke, oro har. Ohartu behar dugu zein den errealitate berria. Garai bateko euskaldun peto-petoaren estereotipoa dute hainbatek buruan, eta euskaldun batzuek irudi hori izango dute, baina Euskal Herriko errealitatea askoz pluralagoa da.

Nola aukeratzen dituzue argazkiak ateratzeko lekuak?

Erretratu guztiak elkarrizketatuaren herrian eginda daude. Bertara mugitu izan naiz, eta, elkarrizketa egitearekin batera, argazkia atera.

Egin duzun lehen erakusketa izan al da?

Tabernetan egin izan ditut, baina lehen aldia da halako leku batean argazkiak jartzen ditudala, bai. Ikasketa prozesu bat izan da, hasieratik.

Zergatik?

Batetik, aukeratutako gaiak aukera eman didalako horren gainean asko hausnartzeko. Erakusketan agertzen diren hamabi pertsonek animatu ninduten aurrera egiten. Hori erabakigarria izan zen. Bestetik, argazkiak ateratzeko formatu ertaineko kamera bat erabili dut, eta horrekin lan egiten ere ikasi dut.

Aurrera begira, beste egitasmorik baduzu buruan?

Nahiko nuke aurrera begira proiektu gehiago landu. Dena den, aurretik, neure burua jantzi nahiko nuke gai hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.