ATZEKOZ AURRERA

Erdi Aroan barrena, eguzkipean

Gasteizko Udalaren bisita gidatuan, Alde Zaharreko txokoak ezagutzeko aukera dago. 30 gradutik gorako egunetan, jauregien edertasunaz ez ezik, inguruko itzalez ere disfruta daiteke.

Bisita gidatua egin zuten lagunak, Gasteizko Aiztogile Kalean sartu aurretik, Karlos Turrillias gidariaren azalpenak jarraituz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Egongo dira plaza handiagoak Espainian, baina Gasteizko Plaza Berria guztien artean karratuena da», azaldu die Karlos Turrillias gidariak plaza erdian dauden bisitariei. «Alde bakoitzak 220 oin ditu, eta, udaletxeko erlojutik beste aldera banatuz gero, guztiz simetrikoa da», gaineratu du. Datua entzun eta berehala, zazpi buru jiratu egin dira, baieztapena egiaztatzeko.

Gasteizko Erdi Aroko Alde Zaharra ezagutzeko prest daude zazpi bisitariak. Goizeko hamaikak dira, eta eguzkia erruz jotzen hasi da. Plaza Berriaren erdian daude Emilia Beas eta Juan Gomez. Granadatik heldu dira (Espainia), bidaian. «Erretiratuta gaudela baliatu behar dugu», barre egin du Beasek. Haiekin batera, Palmako (Herrialde Katalanak) lau lagun daude, eta Madrilgo bat. Arkupeen ondotik, Aiztogile kalera abiatu dira. Gidariaren azalpenak entzun dituzte bidean: «Justo Antonio de Olagibelek arkupeekin konpondu zuen Alde Zaharraren eta zabalgunearen arteko aldaparen traba».

Aiztogile kalean, Erdi Aroko Gasteiz irudikatzen hasi dira bisitariak, Turrilliasen azalpenei esker. Kordoi Etxeak horretarako aukera eman die, baita Erdi Aroko gorabeherak ulertzeko ere: kristau bihurtu ziren juduen errealitatea, garaiko erregeekin izandako harremana, nobleak, herritarrak... Are, Kordoi Etxearen barruan ezkutatuta zegoen dorretxera ere sartu dira bisitariak. «Zer ondo halako lekuetan sartu ahal izatea! Guri Alhambrara sartzeko aukera kendu digutela pentsatzen dudan bakoitzean...», kexatu da Beas.

Aiztogile kalea San Frantzisko kantoian gora utzi aurretik, bazkaltzeko leku aproposez galdetu du Gomezek. Bazkalostean bidaia jarraitzeko asmoa omen dute. Gidariak, baina, gehiago geratzeko amua bota die, ibilbideak aurrera egin ahala. «Aukera izanez gero, katedral zaharra bisitatzeko aholkatzen dizuet: dorrera igotzea dago...», proposatu die Santa Maria plazan.

Azalpenak eman bitartean, bisitariek Turrilliasengana gerturatu behar izan dute, hobeto entzuteko. Eguneko udalekuetan parte hartzen ari diren dozenaka haur pasatu dira ondotik, soka bati helduta. «Sardina bat! Bi sardina!», ari dira abesten, oihuka, Etxauri plazan urarekin jolastera joateko bidean.

Jauregiz jauregi

Kordoi Etxea utzi eta Gasteizko harresia bertatik bertara ezagutu ondoren, Frai Zakarias Martinez kaleko hiru jauregiren aurrean geratu dira. Eskoriatza Eskibelgo fatxadaren xehetasunak ezagutu dituzte, Montehermosoko jabeen gorabeherak Jose Bonaparterekin... Goiuri jauregira heltzean, Gomezek besoa jaso du: «Azalpenak itzalean eman ditzakezu?». «Itzalpean dagoena errepidea da», erantzun du Beasek.

Aihotz Plazara jaitsi dira gero. Gasteizko agintariek kargua hartu zuten han, aihotz baten aurrean. Hiria babesten ez bazuten, burua moztuko zieten aihotz horrekin. «Ez da inon ageri aihotza behin ere erabili zenik», gaineratu du gidariak. «Bada, ez zait sistema txarrena iruditzen», esan dio Palmako emakume batek Juan Palouri, ahopeka. «Zertarako, politikaririk gabe geratzeko hilabete gutxian?», erantzun dio.

Zeledonen estatuatik pasatu ostean, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu dute bisita, termometroak 30 graduak aise gaindituta. Gomezek egin du azken galdera: «Zer jatetxe esan duzu zegoela hemendik gertu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.