ATZEKOZ AURRERA

Futbola, elkar ezagutzeko tresna

Bilbao Reggae Skins kolektiboak arrazakeriaren kontrako areto-futbol txapelketa egin du Karmelan, laugarrenez: jatorri askotako 44 talde aritu dira futbolean, reggae doinuek girotuta.

Bost jokalariko taldeetan batuta, hamar minutuko partidak jokatu dituzte izena eman duten 44 taldeek. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Azken finean, futbola aitzakia bat besterik ez da jatorri ugaritako pertsonak bildu eta elkar ezagutzeko», hala azaldu du areto futboleko txapelketaren helburua Itxaso Perez Bilbo Reggae Skins kolektiboko kideak. Bilboko Santutxu auzoan daude, Karmela gune autogestionatuan: reggae doinuak bozgorailuetatik, animo oihuak futbol zelaiaren inguruetatik, eta baloiari jotako ostikoen hotsak nonahi. Karmelo ikastola zena Karmela bihurtu dute erabilera aldatzearekin batera: hantxe jokatu zuten atzo arrazakeriaren aurkako laugarren areto-futbol txapelketa.

Bost jokalariz osaturiko 44 taldek eman zuten izena inoizko parte hartzerik handiena izan den aldi honetan. Perez pozik zegoen «arrakastarekin»: «Giro itzela dago: 08:30ean, gu heldu garenerako, bazebilen jendea, eta horrek asko harritu gaitu». Egitasmoa errotuz joan da, eta beste kolektibo batzuk batu dira txapelketa babestera: Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zanafrik elkartea eta Mbolo Moye Doole elkartea, besteak beste.

Harmailan eserita daude Mikel Pryce eta haren taldekideak, hamar minutuko partida jolastu berri, oraindik ere izerdi tanta kopetatik behera dariola: «Ni ez naiz horrelako egitasmo askotan egon, eta oso gustura nago. Arnasten den giroa ez da beste kirol guneetan dagoena: hau sanoagoa da, ez dago lehiakortasunik. Ondo pasatzera eta jendea ezagutzera etorri gara».

Paula Santos jokatzeko zain dago gainerako taldekideekin batera, eta hasiak dira harremanak ehuntzen: «Neska bat bakarrik etorri da, eta, jolastu nahi zuenez,gure taldera batzeko esan diogu». Bigarren urtea du Santosek txapelketan parte hartzen, eta, dioenez, iaz ezagututako jendearekin harremanetan dago oraindik. «Beti gaude ohituta espazio zurietara, eta hemen denetariko jendea ikusten duzu: denok gaude egoera berean: futbolean jolasten eta kito».

Karmela barruan «berdintasun burbuila bat» sortzen dela uste du Elmahdi Khalidi marokoarrak. «Denon arteko bakea lortzeko balio du txapelketak: disfrutatzera eta futbolean jolastera etorri gara, eta denok gara berdinak». Iazko irabazleetako bat da Khalidi, eta berriz arrakasta lortzeko gogoz heldu da: lehen partida irabazia du dagoeneko.

Owsmane Sore orain urtebete pasa heldu zen Boli Kostatik, eta aurreiritziak hausteko gunea aurkitu du txapelketa honetan: «Honi esker, jendeak ikus dezake etorkinak ez garela eurek uste duten bezalakoak; horrela, indarrak batu eta elkarrekin gauzak egiteko aukera dugu». Etxean sentitzeko aukera bat dela dio, «familia giroa» nabari duela.

Reggae doinuen ekarpena

Futbol partidak izan dira eguneko protagonistak, baina reggae doinuek ere ekarpena egin diote aniztasunaren festari. Reggae doinu afrikarrak Euskal Herrian barrena zabaltzen ditu Pantx Records kolektiboak, eta haiek dira, sorreratik, txapelketaren soinu bandaren arduradunak. «Helburua da txapelketa antirrazistari gure babesa ematea, eta musika poztasuna transmititzeko oso tresna ona da», nabarmendu du kolektiboko kide Irati Agirrek.

Karmelan bertan bazkaldu, eta arratsaldean jokatu dituzte finalaurrekoak eta finala. Irabazleek Aziz eskulangile senegaldarraren lan bat jaso dute opari. Halaxe bukatu dute eguna, Karmela «kulturartekotasunaren erakusleiho» bihurtuz beste egun batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.