ATZEKOZ AURRERA

Kimuetatik hazi da Oihaneder

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldian euskaltzale ugarik hartu dute parte. Elkarlana, sorkuntza eta parte hartzea izan dira oinarrietako batzuk.

Umorerako tarterik ere izan zen Oihaneder Euskararen Etxearen urteurrenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Duela bost urte baso txiki bat zena euskararen oihana bilakatu da. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bost urte bete berri ditu, eta ospatzeko ekitaldia egin zuten atzo, Ortuño aretoan. Euskal komunitatea eta euskararen erabilera hirian sustatzeko asmoz hasi ziren lanean duela urte batzuk zenbait euskaltzale. Urteurreneko ospakizunean daude horietako hainbat ere. Pixkanaka bete da aretoa; euskararen etxearekin harremana izan duten lagunez gain, bertan daude erakunde publikoetako kideak ere. Isiltasuna, eta lehen hitzak.

Eskerrak ematen hasi da oholtza gainera igo berri den Josune Velez de Mendizabal aurkezlea. Urteurreneko ospakizuna «berezia» dela adierazi du, eta gaineratu du elkarlanean «zaindutako» eta «ureztatutako» proiektua «oihan ederra» bilakatu dela. Hizketan ari dela, hiru animaliak egin dute jauzi oholtza gainera, The Lion King pelikularen musikarekin dantzari. Bosgarren urteurreneko adierazle gisa aurkezleari bostekoa eman, eta ihesi atera dira. Irudi emanaldi batek eman dio jarraipena ekitaldiari.

«Askotariko edukiak eskaintzen ditu Oihanederrek, eta, gainera, euskaraz», esan du bideoan agertu berri den Ander Zabaleta trikitilariak. Bertan antolatzen diren egitasmoetako partaideetako bat da. Hari jarraika, bertsolarien, zinema zuzendarien eta euskaltzaleen hitzak ere entzun dira. Nabarmendu dute Oihaneder kulturgunea ez ezik proiektuak aurrera eraman ahal izateko topalekua ere badela. «Behar zaitugu, Oihaneder», gaineratu du Manex Agirre bertsolariak.

Bertaratuek argi dute zeintzuk diren oinarriak euskararen etxean: parte hartzea, elkarlana eta sorkuntza. Aurkezleak ere gauza berbera berretsi du, eta proiektuaren bidelagunak gonbidatu ditu oholtzara. «Erraza da elkarlanean aritzea, proiektua bera ere elkarlanetik sortu baitzen», adierazi du Irati Iciar euskaltzaleak.

Sorkuntza eta parte hartzearen adarrek hartu dute lekukoa. Oihanederrek baditu euskarazko sorkuntza babesteko helburuz eskaintzen dituen proiektuak. Parte hartzeari dagokionez, berriz, aurkezleak jakinarazi du urtero 10.000 lagun igarotzen direla handik. Horietako batzuek arraunean, elkarrekin egin dute aurrera. «Ametsa errealitate bilakatzeko bideari jarraikiz egin dugu lan, elkarlanean; esparru berriak ireki ditu proiektuak», nabarmendu dute parte hartzaileek.

Etorkizuneko erronkak

Lazarraga kultur elkartea da euskararen etxearen kudeatzailea; gerora, hura izango da Gasteizko Kafe Antzokiaren arduraduna ere. Etorkizuneko helburuak izan dituzte gogoan bertako kideek, «Araban bagara» esapidea ahoan: «Bestelako mundu anitz eta ederragoan euskarak lekua duela pentsatu behar dugu». Haien ostean hartu du hitza Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. «Araba, Bizkai, eta Gipuzkoan gorantz egin dute euskararen erabileraren datuek; nabarmenagoa da, ordea, Gasteizen». Eta aipatu du bide horretan «garrantzit suak» direla euskara, gazteak eta sorkuntza.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak izan du azken hitza. Oihanederrek orain arte eginiko lana nabarmendu du, eta espero du hala izatea kafe antzokiaren proiektuarekin ere. Euskararen etxerako propio sortutako abesti batekin eman diote amaiera ekitaldiari. «Bost urte ez dira ezer, aurrera Oihaneder».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.