ATZEKOZ AURRERA

Iruindarren benetako erlijioa

Erraldoien konpartsak Iruñeko Udaletxe plaza goraino bete du haiek ikustera joandako haur, guraso eta amatxi-aitatxiekin. San Saturnino eguneko ospakizunengatik atera dira karrikara.

Toko-toko eta Braulia Iruñeko Udaletxe plazan dantzan, San Saturnino egunez, plaza bete zuten iruindarren begiradapean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Besta egun tontoa». Hala izendatu zuten askok atzoko eguna okindegian edo etxeko atarian. Egun tontoa, besta soilik Iruñean baitzen. Are, denda gehienak itxita baziren ere, jantzi eta teknologia saltzaileek ez zuten pertsiana jaitsi, ezta saltoki handiek ere. San Saturnino ospatzen zuten, Iruñeko patroia, eta jendetza atera zen hiriburuko karriketara. Baina, santuak ikustera baino gehiago, giroaz gozatzera, tabernetan trago bat hartu, eta, nola ez, iruindarren benetako erlijioa gurtzera: erraldoiak.

Eguerdian Udaletxe plaza lepo bete zen. Uztailaren 6an ordu berean antzera egoten da, nahiz eta atzo zuri-gorriz jantzitako gazte mozkorren tokian haurrek hartu zuten plaza, haien gurasoekin edo aitatxi-amatxiekin. Erraldoiak geldi ziren, zain, udalbatza eta sinestunak mezatik noiz aterako. Ehun metro eskasera ziren, San Saturnino elizan. Itxaronaldia sobera luze ez zedin egin, pare bat dantza egin zuten erraldoiek, gidoiari jaramonik egin gabe. Haurrak pozarren, txaloka.

Javier Villanueva bilobarekin zegoen udaletxe plazaren atarian. Jende uholdeak ez zien utzi gehiago gerturatzen. 12:15 inguruan Dugunako dantzariak elizaren atarira agertu ziren, barnean zirenen eske. «Zein astunak mezekin. Denak haien esperoan dituzte! Jendeari bost axola zaio alkatea, erraldoiak ikusi nahi ditu», esan zuen Villanuevak, Kale Nagusian zirenak San Saturnino elizatik Udaletxe plazara pasabidea egiten hasi ziren unean. Naiara Goñi eta haren seme-alabak ere ez ziren patroiarengatik joan: «Erraldoiak ateratzen diren guzietan, gu han gaude».

Ibiltzeko arazorik ez zen Kale Nagusian. Jendea Udaletxe plazara joan zen zuzenean. Hori zen arretagunea. Erraldoien jantziekin mozorroturik ziren haur batzuk, eta erraldoien gomazko panpinak eskuan gehienak. Erabateko adorazioa. Gainera, jakin bazekiten hura zela aurten erraldoiak ikusteko azkenengo aukera. Ez dira berriro aterako 2020ko sanferminak arte. Tristura zantzurik ez zen haurren bisaietan, aitzitik. Denak irribarretsu, txaloka eta dantzan.

12:30 paseak ziren ehun metroko prozesioari ekin ziotenean. Dantzariak buru, atzetik udalbatza eta Pamplonesa musika banda. Santua elizan utzi zuten, lehenago paseatu baitzuten hirian zehar. Kale Nagusian lehenbiziko lerroan jarritako batzuek txalo egin zioten Enrique Maia alkateari, harro. Are, harrokeria ere antzeman zitekeen esku zartetan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei jarritako debekuak sortutako giro nahasian flotagailua jaurti nahian edo aritu ziren.

Koloretako Iruñea

Beste batzuek protesta egiteko aprobetxatu zuten besta giroa. Atzo arratsaldean egin behar zuten pailazoek emanaldia, baina, azkenean Maiaren apetak gailendu ziren. Kalejiran zebilen txistulari talde bat sudur gorriak jantzita ibili zen Alde Zaharrean barrena, karrikan ziren askoren irri konplizeak babesturik.

Beltza da nagusi udalbatzaren jantzietan, baina, haiek igaro ondotik kolorearen txanda izan zen. Erraldoiek oihal ederrak eta udal dantzariek gonak eta loredun txanoak dantzan jarri zituzten iruindarren begiradapean. Domingera-n kilikiak ere atera ziren Dugunako neskekin dantzatzera. Hori izan zen atzo haurrek gozatzerik izan zuten ikuskizun bakarra. Arratsean Eguberrietako argiak piztu ziren. Debekuak debeku, Iruñeak ez du kolorerik galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.