TXAPELA BURUAN. Xabier Judez. Grenoblen bizi den gasteiztarra

«Hiri honek daukan onena da Alpeetako atarian dagoela»

Euskal Herrian lan egin zezakeen, baina Judezek uste du atzerrian lan egitea aukera «ona» dela. Frantsesa lehen egunetik ikasten ari da, eta ongi moldatu da jende berria ezagutzeko.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Xabier Judez (Gasteiz, 1993) ingeniaritza kimikoan doktorea da. Tesia bukatutakoan, Frantziako hego-ekialdean dagoen Grenoble hirira joateko aukera sortu zitzaion. Ikerketa zentro batean dabil lanean urte hasieratik.

Nolatan joan zinen Grenoblera?

Lan egiteko aukera sortu zitzaidan hemen, eta, Euskal Herrian nire alorreko ikerketak badauden arren, aukera ona iruditu zitzaidan profesionalki garatzeko. Oraindik gaztea naiz, eta urtebete atzerrian egoteko aukera probatu nahi nuen.

Zehazki zer egiten duzu?

Ni CEAn nago, hau da, energia berriztagarrien eta energia atomikoen komisioan. Baterien garapenerako ikerketa batean parte hartzen dut.

Bakarrik joan zinen? Zaila izan al zitzaizun hutsetik hastea?

Bai, bakarrik etorri nintzen, baina ez zen oso zaila izan. Frantzian oso ongi prestatuta daude langile berri bat etorri behar denerako. Nire enpresak, adibidez, agentzia baten bitartez pisua, ura, elektrizitatea eta bestelakoak kontratatzen lagundu ninduen, eta gastuak estatuak ordaintzen dizkit.

Eta jendea ezagutzeko?

Jendea oso jatorra da hemen, baina hizkuntza ez ezagutzea traba izan daiteke lagunak egiteko. Nire kasuan, abantaila handia izan zen nire Gasteizko lankide ohi bat hemen bizi dela. Hona heldu nintzenean, gutxienez, lagun on bat neukan. Harekin ere jende berria ezagutu dut, baina ez da oso zaila izan jendea ezagutzea.

Zer eskaintzen du hiriak?

Hiri honek niretzat bi gauza garrantzitsu eskaintzen ditu: batetik, ikerkuntza zentro eta unibertsitate asko daude. Grenoble munduko hiri garrantzitsuenetako bat da zientzia ikasketen arloan. Beraz, ikasle eta ikertzaile asko daude mundu osokoak, eta jende gaztea izaten da. Baina, batez ere, hiri honek daukan onena da Alpeetako mendien atarian dagoela. Autoa hartu, eta ordu erdira eski estazioak, mendiak edota bizikletarako ibilbideak daude.

Frantsesarekin zer moduz moldatzen ari zara?

Lehen egunetik jarri nintzen frantsesa ikasten, eta ingelesarekin eta gaztelerarekin antza duenez, ez da ikasteko zaila. Hala ere, kanpotarra zarela ikusten dutenean, saiatzen dira ingelesez edo gazteleraz zurekin komunikatzen. Nik ez dut arazorik izan.

Euskal Herria eta gertukoen falta sumatzen duzu?

Familia, lagunak, bikotekidea... faltan sumatzen ditut, baita kaleko giroa ere. Hemen ere giro handia dago kalean; are gehiago, aste barruan Gasteiz baino biziagoa da. Baina giroa ez da gurea bezain herrikoia: jendea tabernetan elkartzen da mahai baten bueltan, ez dira kalean egotekoak.

Konfinatuta egongo zarete Frantzian ere. Nola eragin dizu zuri egoera honek?

Gu ere konfinatuta gaude, baina Euskal Herriko, eta batez ere Gasteizko egoerarekin alderatuta, ez daude horrenbeste infektatu. Lasaitasunez hartu dugu neurria. Nire kasuan, konfinamendua hasi aurretik etxera bidali gintuzten telelana egitera. Gainera, aisialdiko aukera guztiak bertan behera geratu direnez, hilabete daramat bakarrik etxean. Hala ere, ez da oso zorrotza, kalera irten gaitezke kirola egitera, eta ez dago horrenbesteko kontrolik.

Zer moduz bakarrik egonda?

Konfinamendua hasi baino lehenago ere bakarrik nengoen, baina aukera asko zeuden aisialdiarako. Orain bakarrik nago, eta gogorra izaten ari da, bai.

Lana urtebeterako duzu. Bukatzean bueltatzeko asmorik duzu?

Lana, hiria eta ingurunea asko gustatzen zaizkit, baina ez dut hemen geratzeko asmorik. Neure burua Euskal Herrian ikusten dut, han ditudan loturengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.