TXAPELA BURUAN. Mikel Arevalo. El Salvadorren bizi den bilbotarra

«Gerrako aztarnak giroan nabaritzen dira»

Arevalo beka batekin joan zen El Salvadorrera, eta egonaldia boluntario modura luzatu du. Adierazi du hasieran beldur pixka bat ematen ziola hara joateak, baina «oso gustura» dabilela.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2020ko maiatzak 8

Mikel Arevalo (Bilbo, 1994) soziologoa daikasketaz. Iazko uztailean, Suchitotora joan zen bekadun, El Salvadorrera, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren arteko Gaztenpatia programarekin. Han gustura zebilen, eta gelditzea erabaki zuen. Orain, boluntario lanak egiten ari da hango elkarte batean.

Zerk eraman zintuen El Salvadorrera?

Gaztenpatiak soziologiako ikasleentzat eskaintzen zituen programen artean, El Salvadorkoa gustatu zitzaidan gehien. Gainera, Mexikon egona naiz lehenago ere, eta oso gustura egon nintzen. El Salvador aukeratuta, Mexikora erraz bueltatu ahalko nintzela pentsatu nuen.

Beka bukatuta, han geratzea erabaki duzu. El Salvadorrek harrapatu egin zaitu?

El Salvadorrek baino gehiago, hemengo jendeak harrapatu nau. Oso pertsona bereziak ezagutu ditut hemen, eta oraintxe bertan zoriontsu naiz jende horrekin.

Orain, berriz, boluntario zabiltza Plataforma Globalean, ezta?

Hori da, hainbat alderdi lantzen dituzte, musikarekin, ekintzailetzarekin eta abarrekin. Ni, berriz, tabernaria nintzen, Suchitotoko egoitzan. Oso giro polita genuen lankideon artean. Horrez gainera, laguntza behar zuten edozerekin ere aritzen nintzen. Abenduan, etxe bat eraikitzen hasi ginen, esaterako. Hala ere, uste dut beste momentu bat iritsi dela, eta soldatapeko lana bilatzen saiatuko naiz.

Esan daiteke El Salvador ez dela oso ezaguna, eta entzuten dena ez dela oso positiboa...

Nik ezagutzen nuen El Salvadorren egondako pare bat pertsona, eta, etorri aurretik, haiekin hitz egin nuen. Esan zidaten ez zuela zer ikusirik entzuten denarekin. Abentura hasi baino lehen, noski, beldur nintzen. Nik tatuajeak dauzkat, eta beldur nintzen arazorik sortuko ote zidan horrek, baina gerora ohartu naiz kanpotarrak ez garela banden helburua. Nik Mendebaldeko hazpegiak ditut, eta, beraz, salbu naiz, nolabait esateko.

Eta hara iristean, zerk harritu zintuen?

Gerrako aztarnak giroan nabaritzen dira. Alde bateko zein bestekoen artean. Gerran jende askok armak hartu behar izan zituen, baita umeek ere.

Nolakoak dira salvadortarrak?

Zaila da galdera horri erantzutea. Oso ezaugarri orokorrak eman beharko nituzke. Hala ere, hemengo jendearekin hitz egin dudanean, hiriguneetako jendea zuhurra dela esan didate. Suchitoto landa eremuan dago, eta ez dago horrenbesteko indarkeriarik. Baina, hiriburuan, bai, eta, horregatik, tentuz jokatzen dute une oro, arazorik ez izateko.

Bidaiatzeko aukerarik izan al duzu?

Bai. Hondurasen asteburu-pasa bat egin nuen, El Salvadorko gerran erbesteratu behar izan zutenen omenezko jaialdi batera joanda. Baina, batez ere, herrialde barruan mugitu naiz: Loreen Ibilbidea egin dut, herri txiki eta ikusgarriak lotzen dituen, eta hondartza turistiko eta ez hain turistikoetara ere joan naiz. Nahiago ditut hondartza txikiagoak eta lasaiagoak, egia esan.

Koronabirusa hara ere iritsi da...

Bai, baina egoera ez da hain larria. Interneten ikusi nuen neurririk zorrotzenak dituzteen herrialdeetako bat dela El Salvador. Nik ez dakit oso ondo. Hala ere, kalean harrapatzen bazaituzte, kontzentrazio esparru antzeko batera bidaltzen zaituzte. Bideoak eta albisteak zabaldu dira han gertatzen denari buruz, baina ez dira oso ziurrak.

Bueltatzeko asmorik bai?

Hegaldia hartua nuen martxoan bueltatzeko, baina, birusa zela-eta, ezin izan nuen hartu. Orain zaila ikusten dut lan egitea, egoera honek dena zailduko duelako, eta, beraz, azarora bitarte, behintzat, geratuko naiz; hori aurreikusten dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Erandioko Akarlanda parkean aukera dago barbakoak egiteko, paseoan, korrika eta bizikletan ibiltzeko, eta eskalatzeko. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Arnasgune bat bidegurutzean

Uxue Gutierrez Lorenzo

Bilbo hirigunetik oso hurbil eta herri ugariren bidegurutzean dago Erandioko Akarlanda parkea. Besteak beste, eskalatzeko, paseoan ibiltzeko eta barbakoak egiteko aukera dago han.

 ©IÑIGO URIZ / @FOKU

«Pedagogiak independentzia lortzen ez badu, ez dugu sekula aurreratuko»

Iker Tubia

Apalategik uste du eskolaren eraketak pedagogoen eta ikerlarien esku egon beharko lukeela. Jorge Oteiza fundazioan aurrekoen lekukoa hartu duela azaldu du.
Inaxio Esnaola kazetaria, <em>Burdinola</em> saioaren arduraduna. ©MAITE REZABAL ARREGI / IRUTXULOKO HITZA

Heavya itzuli da uhinetara

Jakes Goikoetxea

Naiz irratia heavy metalari buruzko 'Burdinola' saioa ematen hasi da, Inaxio Esnaolaren eskutik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñigo Satrustegi

Informazio osagarria