MAITE DUT MAITE... 'ERRONDA KALEA'. Lutxo Egia. Idazlea

«Sinergia berriak hasi dira sortzen kalean»

Bilboko Erronda kalea hautatu du Egiak gustuko toki moduan. Txikitatik ezagutzen du, eta, urteen poderioz asko aldatu den arren, oraindik ere Zazpikaleetako «igarobide» nagusia dela dio.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal kulturari lotutako saltsa guztietan ibilitakoa da Lutxo Egia (Santander, 1969) sortzailea. Jaioleku izan ez arren, Bilboko Zazpikaleetan hazitakoa da, eta, hain zuzen ere, zazpi kale horiek inguratzen zituen Erronda kalea hautatu du solasaldirako. Kaleak sorreratik izandako igarobide izaerari eutsi diola deritzo Egiak, eta horrek «berezia» bilakatzen duela.

Nolatan okurritu zaizu kale bat hautatzea gustuko toki moduan?

Ni orain Bilbotik kanpo nago, eta deitu zenidanean hamaika toki, kanta eta liburu etorri zitzaizkidan burura. Gauza da nire bizitzan beti itzuli izan naizela kale honetara; behin eta berriro bueltatu naiz, eta, egun ere, hemen nabil sortzen eta gauzak antolatzen. Azkenean badut harreman bat kale honekin, ez sentimentala, baina bai oso berezia.

Zerk egiten du berezi?

Esango nuke kale hau alde zaharreko igarobide nagusia dela. Aldiz, batez ere azken urteetan, asko aldatzen ari da, eta, Etxebarrieta plaza eta San Anton lotzetik harago, beste zerbait bilakatzen hasi da: gaztetxea, Zirika, Adaxka, Bira... hainbat espazio ari dira hemen lanean, eta horrek espazio sinboliko bat ekarri du berekin. Igarobide izateari utzi gabe, kulturarako erreferente bat sortu da kale honetan.

Nondik datorkio izena kaleari?

Bilbon, lehenbizi hiru kale sortu ziren; gero, beste lau. Horrela jaio ziren Zazpikaleak. Kale honek inguratu egiten zituen. Harresia zegoen hemen —oraindik ere bisitatu daitekeena—, eta errondak egiten zituzten. Hortik datorkio izena.

Nolakoa zen gaztea zinenean?

Gau giroko kale nagusia zen. Gaueko, Txokolanda orain gaztetxea dagoen tokian—, Lasai, La Villa... 1990eko hamarkadara arte, alde zaharreko kale honetan pilatzen zen jendea gauean. Kulturari lotuz, ordea, ez da inoiz espazio erreferente bat izan; besteak beste, lokalak txikiak zirelako. Gaueko zen agian mitikoena; bertan, Delirium Tremens ikusteko aukera izan nuen.

Geroztik zer aldatu da?

Urte batzuetan nahiko hilik egon da, eta, Errondabide kultur elkartea alde batera utzita, 7 Katu gaztetxea eta Zirika proiektua lehenago Gatazka eta Likiniano elkartea izandakoa baino ez dira mantendu. Azken urteetan, ordea, Adaxka eta Bira sortu dira, eta sinergia berriak hasi dira sortzen kalean. Bertsoerronda, Lautan Hiru antzerki jaialdia eta antzeko egitasmoak abiatu dira, eta esango nuke alde zaharrak ezagutu duen garairik onenean gaudela. Kalea berpiztu egin da, eta kulturaren bidea hartu du.

Zu Bira proiektuan zabiltza lanean.

Altxaporru konpartsatik sortu zen. Euskal kulturari begirako herri proiektu bat martxan jartzeko gogoa zegoen. Helburua auzoan eta hirian eragitea zen, eta, aldi berean, espazio zabal eta plural bat sortzea, edozein eragile eta pertsonaren eskura egongo zena: swing elkarte batetik Kaskagorriren gisako gazte konpartsa bateraino.

Zer-nolako garrantzia du kultur espazio erreferenteak edukitzeak?

Ezinbestekoa da. Kulturak egin egiten gaitu gu. Egia da alde zaharrean kultura egitasmoak bigarren mailan egon direla. Beharra zegoen kulturatik pentsatu eta horretara bideratutako proiektu konkretuak martxan jartzeko. Horrek badu balio bat, betiere txikia, baina, azkenean, eragiten du.

Turismoak eraginik izan ahal du?

Duela bi urtetik hona ere aldatu da alde horretatik. Bat-batean turisten gune bilakatu da. Edozein hiritan gertatzen da, baina ez da kasualitatea Bilbon kale honetan nabaritzea. Miguel Unamunoren jaiotetxea eta Zazpikaleetako antzinako harresia daude hemen, eta egunero pasatzen dira bertatik talde batzuk. Horrekin lotuta, Bilbo Basketek Miribillan jokatzeari ekin zionean ere, horrek efektu berezia sortu zuen kalean, partida dagoen bakoitzean hemendik igarotzen baitira zaleak. Ñu-ak esaten diegu guk, ez baitira inoiz kalean gelditzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.