MAITE DUT MAITE... 'GINKGO BILOBA'. Iñaki Egaña. Historialaria

«Zuhaitz baten bidez, gizakien ibilbidea ere azaldu daiteke»

Kristinaenea parkean dagoen 'Ginkgo biloba' motako zuhaitzak begiak balitu gauza asko kontatuko lituzkeela uste du Iñaki Egañak. Zuhaitz kuttunarekin «bizitzaren metaforak» sortzen ditu.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako (Gipuzkoa) Kristinaenea parkeari Gladys Enea deitzen dio Iñaki Egañak (Donostia, 1958), beste hainbat donostiarrek bezala. Izan ere, Euskal Memoria Fundazioko presidente den historialari donostiarra Gladys del Estal militante ekologistaren garaikidea da, eta ezagutzen zuen: «Gauza guztien gainetik bizitza baloratzen zuen» pertsona bat zela azaldu du. Haren omenezko monolitoaren ondoan, Ginkgo biloba motako zuhaitz bat dago: Egañaren txoko kuttuna.

Zergatik duzu gustuko Ginkgo biloba zuhaitza?

Aukera pila bat ematen dituelako metaforak sortzeko, eta euskaldunok, historian, ohitura izan dugu metaforen bidez errealitatea azaltzeko. Ginkgo biloba espezieen artean zaharrena da, eta, gainera, haren egurra ez da erretzen: horregatik iraun du iraun duen adina. Esate baterako, Hiroshimako [Japonia] bonbardaketan salbatu ziren zuhaitz bakarrak izan ziren. Ez dira gizakiak, baina, zuhaitz baten bidez, gizakien ibilbidea azaldu edo ulertu daiteke. Aukera ematen digu bizitzaren metaforak sortzeko eta gure lurraren ibilbidea ulertzeko.

Zer sinbolizatzen du zuretzat Kristinaeneko zuhaitz horrek?

Iparraldean du itsasoa: mendeetaneuskaldunen gune garrantzitsuenetarikoa. Hegoaldean, Mikel Laboa pasabidea du: euskaldunen kultura, euskaldunen erreferentzia handi bat. Mendebaldean, Gladys del Estalen pasabidea: konpromisoa eta borroka. Ekialdean, Ametzagaina: bertan daude donostiarren lehen aztarnak, duela 12.000 urtekoak. Beraz, iparrorratza hartuko bagenu, iparraldean, hegoaldean, mendebaldean eta ekialdean hainbat sinbolo eta ikur topatuko genituzke.

Ginkgo biloba oso zuhaitz zaharra da, eta tinko dirau. Historialarien lana al da zuhaitz zaharrak tinko mantentzen laguntzea ere?

Tinko mantentzeko, herriaren borondatea behar da. Nik uste dut historiak garai batean gaur egun baino garrantzi handiagoa zeukala. Gaur egungo gizartearen abiadura izugarria denez, ez nuke esango historiak hainbesteko garrantzia duenik. Duela hamar urte gertatutakoak Paleolitokoa dirudi. Ordea, Bigarren Karlistaldian, Lehen Karlistaldiko oihartzunak oso gertukoak izan ziren, nahiz eta 60 urte pasatu.

Zuhaitz mota horrek argitasun handia behar du, eta itzala ez datorkio oso ondo.

Baina guri haren itzala bai. Hark eguzkia behar du, baina guk, askotan, haren itzala behar dugu.

Askotan etortzen zara zuhaitz horren gerizpera?

Batzuetan bai, Donostian horrelako eremu gutxi ditugulako. Garai batean, egunero etortzen ginen. Nire ikastetxea parketik gertu zegoen, eta debekatua genuen hemen ibiltzea: debekua zegoelako, hori gainditu behar genuen.

Argiaz eta itzalaz aritu zara. Historiak berak ere argi-ilunak ditu?

Bai, eta guk guztiak ezagutu behar ditugu. Badago joera bat argi-ilunak estaltzeko, eta horren kontra nago. Egia iraultzailea da, nahiz eta kaltegarria izan politikoki. Itzalean dagoenari argia ematea izan beharko luke gure zeregina.

Ginkgo biloba horrek begiak balitu...

Zuhaitz honek hitz egingo balu, gauza asko kontatuko lizkiguke. Gustatuko litzaidake 150 urteko zuhaitz bat izatea, hori bai, gizakien garunarekin eta kontzientziarekin, zuhaitzak ikusten duen guztia ulertzeko.

Euskal Herria zuhaitz bat balitz, zeintzuk lirateke haren sustraiak, enborra eta adarrak?

Sustraiak gure historia eta hizkuntza dira. Enborra lurraldea da, egunero zapaltzen duguna, eta zapaltzen gaituena. Eta adarrak pertsonak izango lirateke, askotarikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.