MAITE DUT MAITE... FERDAI. Pello Reparaz. Musikaria

«Arbizu herri txikia bada ere, libreago sentitzeko txoko bat da Ferdai»

Arbizutik kilometro batera dago Reparazen leku kutuna: Ferdai. Egun asko pasatu ditu han, aitonarekin batera. Hil zenetik, ordea, gero eta gutxiago joan da. Hala ere, joan den aldi oro gero eta bereziagoa izan da.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nagore Arin.
Arbizu
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ferdai du maite Pello Reparaz (Arbizu, Nafarroa, 1990) abeslariak. Bere aitonarekin lotzen du: bertan zuen baratzea, eta bertan igarotzen zituen orduak. Oroitzapen askoren agertoki da berarentzat, baita bere jaiotzaren lekuko ere: jaio zen egun berean zuhaitz bat landatu zuen aitonak. Hain justu, zuhaitzaren gerizpean erantzun ditu kokaleku kutunari buruzkoak.

Zer da Ferdai?

Arbizuko dermio [eremu] bat da. Hori baino gehiago, gure aitonaren txokoa: hemen izan zuen bere baratzea, eguneroko lana eta bizitza.

Zergatik duzu hain kutuna?

Ordu asko pasatu ditut: bizikletaz etortzen nintzen oso gazte nintzela. Herritik erabat independentea da. Hemen, bada bestelako askatasun eta jarduera batzuetarako bidea. Arbizu herri txiki bat bada ere, are libreago sentitzeko txokoa da.

Oso harreman estua zenuen zure aitonarekin...

Bai... Aitona gurekin bizi izan zen urte askoz. Gertutik bizi izan nuen haren bizitza, baita Ferdaiko jarduera ere. Askotan etortzen zen, eta ni ere etortzen nintzen. Ardiak, baratzea, dena: gizon euskaldun eta arbizuar baten lana gertutik ezagutu nuen.

Jardun zinen baratzean?

Bai, baina ez fundamentuz. Seguru lagundu baino gehiago oztopatzen nuela. Oso gaztea nintzen.

Beraz, baratzerik jartzeko asmorik ez, edo?

Oraingoz, behintzat, ez; baina ez da aukera txarra. Baratze txiki bat izan beharko luke: tomateak izateko, uda aldean. Polita izango litzateke; betiere, musikarekin uztartuz.

Baratzea eta musika: bi mundu. Bada paralelismorik bien artean?

Ez dakit zein ote den frenetikoagoa. Baratzeak ordu asko kentzen ditu, baina musikak, guztiak... Gure lan egiteko modua hori da: nire bizitza musika da, eta dauzkadan ordu guztiak eskaintzen dizkiot. Nahiko nuke hori apur bat aldatu. Musika pasioa da, eta oraintxe ezin dut neure burua kontrolatu... Zintzilik dudan eginbehar bat da lanarekin dudan harremana hobetzea: oraintxe bertan, gehiegizkoa da.

Bada leku honetan dagoen beste gauza berezi bat ere: zuhaitza.

Nire aitonak landatu zuen ni jaio nintzen egun berean. Ni baino gehiago hazi da, eta sano-sano dago. Hala jarraitzea espero dut, seinale ona baita: biak ere bizi-bizi eta zutik jarraitzen dugu.

Zuhaitz hau, toki hau... izan dira Pelloren bilakaeraren lekuko?

Egia esan, gero eta gutxiago etorri naiz urteak aurrera joan ahala: aitona jada ez dago. Geroztik, etorri izan naizen aldiro, gero eta bereziagoa izan da. Vendettarekin urte asko pasatu ditut. Zetak proiektuarekin hasiberriak gara. Iratxe Reparaz daarte zuzendaria: aitona bion aitona zen, nostalgia asko jorratzen dugu, eta hona ere etortzen gara biok... Zetak proiektuak Ferdai gehiago izango du Vendetta taldeak inoiz izan zuena baino: pertsonalagoa da.

Sarritan azaldu izan duzue Zetak kontzeptuaren esanahia: ahaztua, azkena, desberdin sentitzea... Sentitu izan zara horrela inoiz?

Bai, noski. Hortik dator diskurtso horrekin dudan lotura. Niretzat bada helduleku bat: aipatu nahiko ez nituzkeen egoera traumatiko eta sufrimendu ugari izan dut txikitan;horiek lotu naute diskurtsora. Garrantzitsutzat jo nuen sorrera prozesuan horiek presente izatea. Orain, bestelako sentsazio argiagoak ari gara jorratzen.

Arbizutik kilometro batera zaude... Ferdai, Sakana, Beriain, Urbasa... Maiz aipatzen dituzu hitzetan.

Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu batean are interesgarriago ari da bilakatzen nortasun propio eta bakarra. Dena dago lotuta bizi izan dugunarekin, inguruarekin eta testuinguruarekin; nire musika ulertzeko, ezinbestekoa da. Hitzetan maiz azaltzen dira tokiok, bai; uste dut hortik joko duela Zetak proiektuak ere.

Ferdain bizi izandako oroitzapen asko izango dituzu. Kutunen bat?

Aitonak ur ponpa bat erabiltzen zuen baratzea ureztatzeko. Ni eta nire lehengusuak etortzen ginen: arropa kendu, eta mahukarekin botatzen zigun ura. Emozionatu egiten ginen: ikaragarria zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.