ATZEKOZ AURRERA. Valeria Palmeiro 'Coco Davez'. Artista

«Joera handiagoa dago arrakastaz hitz egiteko akatsez baino»

Artista batek, bere obraz hitz egitean, egindako akatsei eman behar lieke garrantzia, Palmeiroren ustez. Eragin handiko artista bilakatu da azken urteotan; dioenez, sare sozialak dira horren erantzule.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Valeria Palmeiro artistak (Madril, 1989) nerabezaroan erabaki zuen Coco Davez izenordea jartzea. Urteen poderioz bere sormen estudioaren izena ere bihurtu da. Erretratuak sortzen sentitzen da erosoen, eta bere lanak errealismo ilustratuaren barruan mugitzen dira. Sare sozialetara konektatuta bizi da Palmeiro, eta uste du oso garrantzitsuak direla eta asko zor diela. «Oso tresna indartsuak eman dizkidate». Hainbat marka ezagunekin kolaboratu izan du, eta 30 urte azpiko Forbes zerrendan ere aitortu zuten bere lana, artearen alorrean eragin handia izanagatik. Joan den ostiralean diseinuari buruzko hitzaldi bat eman zuen, Getxon (Bizkaia) egindako Serifalaris jardunaldietan.

Benditos errores (Zorioneko akatsak) izenburua zuen jardunaldietan eman zenuen hitzaldi bat.

Nire ibilbidea azaltzerakoan, sormen krisiez eta bidean egin ditudan akatsez hitz egitea gustuko dut. Bidaiaren zati horiek irakasten digute gehien. Askotan, sare sozialetan batez ere, proiektuaren bilgarriarekin geratzen gara, eta askoz interesgarriagoa iruditzen zait denok ditugun krisi pertsonal sortzaileei buruz hitz egitea. Beldur handia ematen dute, baina publikoarengana hobeto iristen zara, eta sortzen dena nondik ateratzen den ulertzen laguntzen dute.

Zure ibilbidea markatu duen akatsen bat izan duzu?

Nahiko ikasle txarra izan nintzen. Ez nuen ezer gainditzen, eta urte askoan akats baten moduan hartu nuen. Urteen poderioz, konturatu nintzen hezkuntza sistema zela agian nirekin moldatzen ez zena. Horrek nolabaiteko errebeldia eta indarra eman zizkidan gaurdaino iristeko beharrezko izan dudan nire barneko autodidakta ateratzeko.

Ezkutatzen duzunak Instagrameko bildumak baino hobeto deskribatzen du Coco Davez nor den?

Galeriara begira, argi dago garrantzitsuena bilduma dela. Baina sormenaz hitz egiten den jardunaldi batean, uste dut oso garrantzitsua dela sormen krisiak eta bidean agertzen diren akatsak nabarmentzea. Joera handiagoa dago arrakastaz edo azken proiektuaz hitz egiteko azken proiektura iristeko atzean egon diren akats guztiez baino.

Noiz erabaki zenuen ilustrazioa zure adierazpide artistikoa izatea?

2010. urtean, Londresera bizitzera joan nintzenean, argazkigintza ikasteko ideiarekin joan nintzen, baina margotzearen falta sumatzen nuen. Zazpi urte neramatzan margotu gabe, eta beti izan da biderik erosoena niretzat, modu oso bisualean asko adierazten baitu nitaz, nire ideiez, inguratzen nauen munduaz. Batez ere pertsonak margotzea gustatzen zait, erretratuaren arloan asko mugitzen naiz.

Zer da garrantzitsuagoa ideia edo teknika?

Eskutik doaz. Teknika orduak dira, eta bakoitzaren munduak eragin handia du ideietan. Nire kasuan, urte askoan teknikarekin obsesionatu izan naiz, eta pinturarekin ez nuen batere gozatzen. Hori izan daiteke nire ibilbideko beste akats bat.

Zein izan da zure bilakaera?

Oso bilakaera organikoa izan dut. Estilo edo proiektu bat hasten dudan bakoitzean, krisi bat izan dudalako hasten naiz. Hasieran, beti ikaratzen naute, baina proiektu berriek beti dute nolabaiteko argia.

Zure lana garrantzitsuagoa bihurtu da sare sozialekin?

Nik egiten dudana oso bisuala da, irudi asko behar du. Sare sozialei esker, munduko hainbat lekutara iritsi naiz, eta etengabeko feedbacka izan dut. Egia da, momenturen batean presioa izan dudala sortzen ari naizen guztia erakutsi egin behar dela pentsatzean, baina hori da ikasi dudan gauzetako bat: ez dudala dena erakutsi behar profil publikoa edukitzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.