ATZEKOZ AURRERA. Jaume Aiats. Tornaveus taldeko kidea eta etnomusikologoa

«Arazo sozialetan esku hartzeko balio zuen polifonia tradizionalak»

Tradizioa ikertzearekin aski ez, eta eguneratu ere egiten du Tornaveus talde katalanak. Mediterraneoko polifonia tradizionalak oinarrizko funtzio soziala zuen. Euskal Herrian ariko dira egunotan.

ANNA SARLE.
Ainize Madariaga
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Iraganaren atzaparretan gatibaturik egon gabe, baina berak emandakoa argitara berrekarriz, etorkizunera begira egiten dute kantu Tornaveus taldean. Kideak ikerlariak izaki, ber gizarteratzen ari dira Katalunian kasik galdua duten kantatzeko era bat, zeina teknika baino gehiago sozializatzeko manera bat den. Jaume Aiatsenak (Vic, Herrialde Katalanak, 1960) salbu, emazteen bozek dute protagonismo osoa. Buruz buruko polifonia horrek balio izaten zuen arazoak sozializatzeko eta elkar laguntzeko, Mediterraneo osoan.

Hiru aldiz ariko da taldea egunotan: Iruñeko planetarioan, ortziralean 19:30ean; Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenean, larunbatean, 18:30ean; eta Baionako katedralean, igandean, 16:00etan.

Tornaveus, zertara itzultzeko?

Bi erranahi ditu: batetik, oihartzuna; haran edo mendi batetik itzultzen zaigun soinua. Bertzetik, gailu akustiko bat ere bada, zeinak balio baitu soinuen itzulera indartzeko; gitarrari eransten zaiona, adibidez.

Zuen musika tresna nagusia, ordea, boza duzue.

Bozekin dugu lan egiten, bai. Boz ezberdinez osatutako kantu talde bat gara. Mediterraneoko kantu polifoniko tradizionala da egiten duguna.

Emazteen arteko gizona zara, tradizioari leial?

Euskal Herrian nola Katalunian, koruen tradizioa gizonei lotua dago. XIX. mendean eta ondokoaren hastapenean, sozializatzeko manera zen kantatzeko era hau; buruz buru gauzak errateko balio zuena. Alta, emazteak ere ari ziren, baina askoz ere manera gordeagoan, pribatuan.

Zer zarete: ikerlariak kantari ala kantariak ikerlari?

Tornaveus taldean lotzen gaituena dira Mediterraneo osoan egiten ditugun ikerketak kantu polifoniko tradizionalaren gainean. Elizako kantuak, bai ere tabernetakoak. Askotarikoa da, eta guti ikertua. Gaiaz interesaturik, deliberatu zuten praktikan jartzea, eta enegana jin ziren talde bat osatzea proposatuz.

Tradizioa ez dea tren geldia?

Guk ez dugu demostrazio bat egiten, baizik eta saiatzen gara jakiten baditugula posibilitate kultural hauek, tresna horiek. Irudimena baliatuz gure erara baliatzeko. Katalunian, entzulea aktore da gure kontzertuetan. Parte hartzea nor izatea da.

Zein dituzue gaiak?

Errepertorioan arras agerikoa da hausnarketa femeninoa. Sentsible gara gaiarekiko, itzalean egon dena agerrarazteko. Balada batek, adibidez, kontatzen du tratu txarrak pairatzen dituen emazte baten istorioa. Senarrak eta amaginarrebak, bekaizkeriak jota, zartadaz hil zuteneko hura. Hau kantatzeak erran nahi zuen: «Kasu norekin esposatzen zaren!». Bertze balada batek kontatzen du errege bat alabaz maitemindu zela. Neskek zuten kantatzen, josi bitartean adibidez. Hala, arazoa sozializatzen da; beraz, neska batek baldin bazuen intzestu arazoren bat, kantuaren bidez gaiaz mintza zitekeen. Elkar laguntzeko balio zuen. Arazo sozialetan esku hartzeko balio zuen. Duela 700-800 urte kantatzen ziren balada horiek ahanzten ahalko ditugu, arazo sozial horiek desagertuko direlarik.

Mediterraneoak aho batez du kantatzen?

Era asko ditu, eta errotik ezezagunak. Bakoitzak berea praktikatu du, auzoarena, edo berea, batere ezagutu gabe. Korsikan tradizionaltzat hartua dutena, jakintsuenek ere erranen dute Katalunian ez dela sekula izan. Guk, alta, diogu baietz; gainera, oso errotua dela: talde ttipian, buruz buru, pribatuan, bozen arteko musika eraikitzean datza Mediterraneoko polifonia tradizionala. Azken hogei urteotan gara horretaz jabetu. Ez dugu oraino gure sozialitatearen oinarri sozial horren ideia kulturala barneratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.