ATZEKOZ AURRERA

Ezin hutsik egin hamaiketakoari

Irudi bitxia eskaintzen du Iruñeko Alde Zaharrak eguerdian: hiruzpalau laguneko taldeak biltzen dira han eta hemen, kalean, kafea eta pintxoak hartzen. Ostatuak itxi arren, ohiturari eusten diote.

Bi lagun banku batean kafea eta pintxoak hartzen, eta beste bi lagun, atzean, paseoan kafea eskuan dutela, Iruñean, atzo eguerdian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hiria gelditu dela dirudi Iruñeko Gazteluko plazako arkupeetan barna ibiltzean. Tabernetako ateak itxita daude, ez dago jenderik terrazetan, eta ez dago zerbitzarien joan-etorririk orain urratsen oihartzunari bide ematen dioten portxeetan. Txoko ostatua itxita badago ere, terraza ez dute bildu. Gizon bat eseri da, bakarrik, kafetegi batean paperezko edalontzian zerbitzatu dioten kafea esku batean, egunkaria bestean. Ostatuan ez zuen patxada aurkitu du han. Etxean ere egin zezakeen, baina ohiturak ohiturak dira. Ezin hutsik egin hamaiketakoari.

Nabarrerian ez da garraiolaririk, ezta bezerorik ere. San Nikolas karrikan dagoen ilara bakarra loteria erosteko da. «Nahi eta nahi ez itxita» diote zenbait ostatutako atarietako afixek, gazteleraz. Egun freskoa da, berokia jantzi beharreko udazkeneko egun lainotsua, baina, halere, jendea badabil karriketan gora eta behera. Eta, asko, ibili ez, egon: karrikan daude. Kalea terraza handi bat bihurtu baita, eta edozein txoko da egokia kafea eta pintxoa jateko, edo solas aspertu bat egiteko.

Gazteluko plazako bankuetan tokia lortzea ez da batere erraza, halako batean txanda eskatzen hasiko beharko dira, terrazetan egiten zuten bezala. Askotariko jendea dago eserita: langileak, gurasoak, erretiratuak... Gehienek kafea dute eskuetan. Banku batean bi gizon zahar daude, beste bat batu zaie. «Pedro agurtzera etorri zara?», etorri berriari. «Zein Pedro?», erantzun die. «Pedro Sanchez, hor dago», esan diote txantxetan Nafarroako Jauregia seinalatuz. Bilkuratxo anitz han eta hemen, gehienak maskara jantzita eta distantzia hartuta. Gehienak hirunaka edo launaka. Pozo Blanco karrikako putzua mahai bihurtu dute zenbaitek.

Ohiturak mantentzen

San Nikolas plazan terrazak kendu badituzte ere, bankuak aprobetxatzen dituzte. Han elkartu dira Natalia Casimiro eta Anabel eta Beatriz Quirante, egunero bezala. «Hemen gaude dena itxita dagoelako, eta hemengo tortilla maite dugulako», azaldu du Casimirok. «Lehen, mahaiak-eta desinfektatzen zituzten, baina kalea ez dute desinfektatzen; beraz, hobea zen lehengoa». Anabel Quirantek onartu du egoera arraroa dela: «Baina ez diogu utziko lehen egiten genuena egiteari. Gainera, nik negozio txiki bat dut, eta ireki dutenei babesa emateko modua da hau». Haren ahizpak zerbait gehitu du: «Baina hotz handia egiten duenean ezinen gara hemen egon».

Estafeta kalean irekita dauden ostatu gutxi horietan ilara dago. Horietako bat da Casa Juanito. Ostatuaren jabea da Maria Angeles Elizalde, eta egoeraren berri eman du kafeak ateratzeari utzi gabe: «Bezeroek janari gazia ere behar zutela pentsatu nuen, ez bakarrik gozoa, eta leihoa irekitzea erabaki nuen». Batez ere kafeak eta tortilla pintxoak saltzen ditu. «Oso ongi hartu du jendeak; asko lanean ari dira, eta mokadutxo bat hartzeko aukera izatea eskertzen dute». Hala ere, onartu du horrekin ez dela aski.

Gizon batek kafea eskatu dio, eta barran geratu da. «Hemen ezin zara geratu», ohartarazi dio Elizaldek. «Ez?», besteak. «Soilik eramateko». Beste batzuei ere azaldu behar izan die gauza bera. Estafetan behera gehienak paseoan ari dira. Sagrario Albeniz da haietako bat. «Bueltatxo bat ematera atera gara, martxotik ez dugulako elkar ikusi. Kafe bat hartu dugu ere», azaldu du. «Ohiturak mantendu behar ditugu, eta saltzeko prest daudenei lagundu. Adibidez, astean behin afaria eskatzen dut etxean jateko». Paseoarekin segitu dute. Orain arte ostatuan egiten zena kalean egiten da orain. Garaian garaikora egokituta, baina herritarrek bilatu dute ohiturei eusteko manera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.