ATZEKOZ AURRERA. Josune Aznarez. Euskal filologoa

«Erronkariko eleak ez galtzea da helburua»

Erronkariera galdu zen arren, ibarrekoen gaztelanian ageri dira haren hondarrak. Aznarezek hitz horiek bildu ditu, eta erabilera bultzatu nahi du: «Hitz batzuk erraz txerta ditzakegu gure euskaran».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskal filologiako lizentzian Erronkaribarreko (Nafarroa) gaztelanian ibiltzen ziren euskal hitzen zerrenda egin zuen Josune Aznarezek (Barañain, Nafarroa, 1982). Gurasoak hangoak ditu, bera ere hara maiz joaten da, eta bere gaztelanian zuen euskaraz ohartzeak piztu zion jakin-mina. Urte batzuk pasatuta, zerrenda hari tiraka eta Erronkaribarreko biztanleekin elkarrizketak eginda, liburua argitaratu du: Uskararen eleak (Pamiela). Iruñeko Katakraken aurkeztu zuen atzo.

Erronkariera galdu bazen ere, ibarrean oraindik ez da erabat desagertu, ezta?

Azken hiztuna, Fidela Bernat, 1991n hil zen. Hala ere, ikus dezakegu toponomian arrastoak mantentzen direla, eta etxeen izenetan ere bai, oikonimian. Nik aztertu dut eguneroko hizkera, eta hor ere frogatuta gelditu da hitz horietako batzuk euskara direla, erronkarieraren hondarrak, alegia.

Harritu zara ikusirik zenbat euskara hitz egiten den gaztelaniaz?

Azkenean 502 hitz jaso ditut, eta ziur nago gehiago ere izango direla. Hasieran zerrenda zabal-zabala egin nuen. Espero nituenak atera dira, eta espero ez nituen batzuk ere bai, adibidez, sotosar Bidankozen, edo basurde Uztarrozen. Zerrendan ez nituen hitzak ere jaso nituen: esterako, zimikoari tximiko esaten diote han gaztelaniaz aritzean.

Zer esan zizuten elkarrizketatuek? Nola hartu dute?

Hasieran, harrituta: «Hau ez da euskara, e», esaten zidaten. Baina, egia esan, harrera oso ona izan dut: denak zeuden laguntzeko prest. Primeran pasatu dugu. Askotan burura etortzen zitzaizkien kantak, kontuak edo errezetak, eta haien artean barrez aritzen ziren.

Horiek ere bildu dituzu liburuan. Zergatik? Galtzen ari direlako?

Bai. Istorio eta kanta asko daude, antzinako ohiturak, hurrengo belaunaldiak ez ditugunak ezagutu bizimodu aldaketarengatik. Beraz, hori ere jasota gelditu da. Adibidez, Uztarrozen Goazenes egiten zuten: mutikoak eta neskak eskean ibiltzen ziren, bakoitza alde batetik, eta euskaraz kantatzen zuten.

Ez da hiztegi arrunt bat: alorretan banatu dituzu hitzak. Zergatik?

Helburu nagusia da erabilera eta ezagutza bultzatzea, hitzak ez daitezen galdu; galtzen ari baitira bizimodu aldaketarekin. Hitzak alfabetikoki ordenatuta emanda oso zaila iruditzen zait hitzak ikastea edo berreskuratzea. Horregatik, eremu semantikoaren arabera antolatu ditut: animaliak, janariak, jolasak, lana, landareak...

Gaztelaniaz erabiltzen diren euskal hitzak erabiltzen dituzte euskaraz egiten dutenek?

Agian baten bat bai, eta geroz eta gehiago, baina, nire helburua da euskaran txertatzea hitz horiek, ez bakarrik gazteleran mantentzea. Batzuk erraz txertatu ditzakegu gaztelerazko deklinazioa kenduta.

Ibarrean zer-nolako jarrera dago erronkarierarekin?

Kebenko elkartea sortu zen, eta euskararen eguna antolatzen da. Jendeak desagertu ziren hitz batzuk erabiltzen ditu, adibidez, eskerrik anitx edo onki. Dena ezin dugu aldatu, baina has gaitezke poliki-poliki hitzak erabiltzen. Gainera, asko Nafarroa osoan erabiltzen dira.

Zer ekarpen egiten die erronkariarrei hitz hauek berreskuratzeak?

Euskara ez dakitenak harritzen dira, eta badakitenek harrotasun puntu bat sentitu dezakete. Jende askok pena du erronkariera galdu zelako, baina, tira, badaude arrasto batzuk, eta horri eutsi behar diogu.

Euskara irakasle zaren aldetik, eskolan erabiltzekoa izan liteke?

Mikel Belasko orain Erronkaribarreko eskolan dago irakasle, eta proiektuari segida emango dio han. Ni orain dela hamabi urte egon nintzen, eta lantzen genituen hitzak ere. Iruñean zailagoa da, ikasle bakoitza herri batekoa delako, baina herrietan egin daiteke. Halako lanak garrantzitsuak dira, hizkuntzek eta hizkerek mundua ikusteko modu bat eta nortasun bat erakusten dutelako, eta hori galtzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.