ATZEKOZ AURRERA

Iraganaz jabetzeko gidaria

Jose Mari Anzola gudariak Durangoko bonbardaketan ateratako argazkiak berreskuratu eta bildu ditu Durangoko Arte eta Historia Museoak. Duela gutxi arte ezezagunak ziren lanak dira.

84 urteren ostean bonbardaketa erretratatzeko erabilitako argazki kamera Durangora itzuli da. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Durango
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Gertatutakoa dokumentatuta gera dadila nahi dut, eta, batez ere, gizartea hortaz jabetzea; biktimak eta hiltzaileak nor izan ziren bereiztea». Emozioari eutsiz, Iker Anzolak egin ditu adierazpenak, haren aita Jose Maria Anzola gudari eta espioi bilbotarraren omenezko erakusketaren atarian. Hain zuzen, atzo aurkeztu zuten Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historia Museoan Anzola, euskal Robert Capa: Durangoko bonbardaketaren argazkiak atera zituen gudaria erakusketa. Iban Gorriti memoria historikoan aditua den kazetaria eta Mauro Saravia Bilboko Argazkilaritza Garaikidearen Zentroko irakaslea izan dira komisarioak.

«Oso une hunkigarria da gaurkoa, nire aitak gerran egin zuen lana gogoratuko dugulako batez ere; baita horrek hemen gaudenontzat eta honekin ikasiko dutenentzat utziko duen testigantzagatik», adierazi du Anzolak, aita ageri den argazki bati begira dagoela. «Erakusketako gauzarik bereziena nire aita azaltzen den argazkiak dira», aitortu du. Hala, begira dagoen argazkiaren iruzkina egin du Saraviak: «Argazki honen ezaugarriengatik argi ikus daiteke Anzolak Robert Capa argazkilaria erreferentetzat zuela». Halaber, argazkilariaren ausardia fotografikoa eta bisuala nabarmendu ditu Saraviak.

Zuriñe arrebak eta beste zenbait senitartekok lagunduta iritsi da Anzola semea. Denek adi entzun dituzte Saraviaren eta Gorritiren azalpenak. Zehazki, erakusketaren ertz batean paratu dira denbora luzez. Tamaina handian ateratako emakume baten erretratua ikus daiteke, begirada sakoneko emakumea, beso bat falta duela. Irudi handiaren azpiko aldean, berriz, argazki zaharrago bat, haur bat protagonista duena. Emakume bera da: Milagros. Argazki zaharra bonbardaketan Anzolak ateratakoa da; handia, duela bi urtekoa. Gorriti eta Saraviak luze ikertzen ibili ostean aurkitu zuten emakumea.

84 urteko altxorra

Dozena bat argazki eta bilduma pertsonaleko objektuak ikus daitezke erakusketan. Piezarik esanguratsuena, baina, erdian dago: argazki kamera bat. Erakusketa nolabait bi zatitan banatzen du. Batetik, Durangoko bonbardaketa eguneko argazkiak, eta, bestetik, Anzolak Espainiako gerra garaian errepublikanoen aldeko borrokan ateratakoak. Hain zuzen, argazki denak erakusketan ikus daitekeen kamerarekin ateratakoak dira. 84 urteren ostean familiak ondo gordeta izan duen altxorra berreskuratu ahal izan du museoak, haien eskuzabaltasunari esker.

Halaber, duela gutxi arte haren argazkiak ezagutzen ziren arren,ez zegoen egilearen informaziorik. Inork ez zekien nor zen Antzola idatzita sinatzen zuen egilea. «Aita ez zen hitz askoko gizona, ez zuen gerra garaiaz hitz egiten; guk batez ere amaren bidez jakin genuen», gaineratu du Anzola semeak.

1937. urteko martxoaren 31n, Durango faxisten helburu izan zen, eta sarraski itzela eragin zuten; hala durangarren memoria kolektiboan egun garrantzitsua da. «Memoria kolektibo hori eraikitzen lagundu zuen Anzolak. Iturri bisual oso garrantzitsua da historia hobeto ezagutzeko», adierazi du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak inaugurazio ekitaldian. Anzolak egindako lana eta bereziki bonbardaketa egun hartan gertatutakoa ahanzturan ez gelditzeko saiakera da orain erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.