ATZEKOZ AURRERA

Tokiko artisauen lanari begira

Eskulangileen lana bistaratzeko asmoz, Lanberri azoka antolatu dute Gasteizko Udalak eta Artisau Arabako artisautza elkarteak. Lanak ikusteko eta erosteko aukera dago gaur eguerdira arte.

Gasteizko Independentzia kalean ezarri dute Lanberri azoka; gaur goizean itxiko ditu ateak. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Eskuak erabiliz sortzen dute, eta lantzen dute produktu bat. Horiek dira beren ohiko erreminta. Gehienetan, ingurunetik eratorritako elementuak dituzte baliabide eta lehengai nagusi; landareak eta egurrak, esate baterako. Baina, badira animalietatik lortutako materialekin eginiko lanak ere; larrua eta artilea dira horietako bi. Egurrekin eginiko bitxiak, oihalekin sortutako nezeserrak edo bitarteko naturalekin landutako kosmetikako produktuak dira emaitza. Eta prozesu guztiaren atzean eskulangilea dago. Horiek eginiko lanez gozatu daiteke Lanberri azokan.

Izurritearen ondorioz azken azokak bertan behera gelditu ostean, Gasteizko Udalak eta Artisau Arabako artisautza elkarteak antolatu dute egitasmoa. Uztailaren 3an ireki zituen ateak; guztira, hamalau eskulangintza proiektuk hartu dute parte. Haien arabera, azken urteotan, artisautza izan da «bide berriak» asmatu behar izan dituen sektoreetako bat, eta, beraz, azokak haien lana bistaratzea du helburu. Beraz, haietaz gozatu nahi duenak gaur izango du azkeneko eguna. 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, Gasteizko Independentzia kalean.

Egitasmoaren antolatzaileetako bat eta Artisau elkarteko kidea da Gaizka Olarte. Egurra eta erretxina landuz zenbait produktu egiten ditu Egurra Ukitzen proiektuan. Besteak beste, mahaiak, lanparak eta bitxiak ditu erakusleihoan, baina, aitortu duenez, jendeak belarritakoak erosi ohi ditu. Pozik dago erantzunarekin: «Bagenuen gogoa kalera ateratzeko, eta, oraingoz, gustura gaude jendeak egindako harrerarekin». Zehaztu du lekua ere «egokia» dela, orokorrean «mugimendua» egon ohi delako. Izan ere, Gasteizko erdigunean dago, Foru Plazaren alboan.

Hiruzpalau erakusmahaitara dago Maria Angeles Corres. Buztinarekin aritzen da lanean, hala nola katiluak eta beste era bateko ontziak egiten. Tailer bat dauka Gasteizko San Prudentzio kalean. Ez da artisautza elkarteko kidea, baina horrelako egitasmoak garrantzitsuak iruditzen zaizkio: «Gasteizko azoka batean egotea aukera bikaina da; izan ere, artisauok azokaz azoka aritzen gara, eta kalean egote horrek laguntzen du proiektua bistaratzen, eta ahoz aho zabaltzen». Bat egin du Olartek ere: «Hau aukera handia da gure lana bertatik bertara ezagutzeko; argazkietan ez da berdin baloratzen, eta hobe da aurrez aurre ikustea».

Kontrasteak ere badira

Badira lan horiek ezagutzeko asmoz bertaratu diren herritarrak. Baina baita ezustean topo egin eta kuxkuxeatzea erabaki dutenak ere. Horietako bat da Miriam Puente. «Erosketa batzuk egitera etorri naiz, beherapenak direla-eta, baina bitxiak ikusi eta gerturatzea erabaki dut». Azaldu du alboko karrika komertzialetako batean dauden arropa denda handietara joan dela, baina, horrelako azokak egitea ere garrantzitsua iruditzen zaiola, eta «gutxiago» bada ere «noizbehinka» gauza bat edo beste erosi ohi duela.

Lehen begi kolpe batean ere nabaria da artisauen erakusmahaien eta herritarrek daramatzaten plastikozko poltsetako marken arteko kontrastea. Aise atzeman daiteke zeintzuk diren gizartearen ohiturak. Baina Olartek berak aitortu du artisau izateko jauzia ematea «zaila» dela. Elkartearen egoera izan du gogoan: «Gaur-gaurkoz, bederatzi kidek osatzen dugu, ez baita soilik etxean edo tailerrean gauzak egitea: autonomoak izan behar dugu, izena emanda egon behar da, eta hori guztia ordaindu egin behar da». Halere, espero du jendea animatzea eta artisauen sarea handitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.