ATZEKOZ AURRERA. Estibalitz Alvarez. Margolaria eta argazkilaria

«Artea politika da; mundua aldatzea»

Bi gertakari latzek astindu dute Alvarezen bizitza azkenaldian, eta gertakariok izan ditu bere azken lanen ardatz. Transformaziorako tresnatzat du artea: kanpora zein barrura begira.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Donostia
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Minbiziak berak eta suak erasandako etxearen galerak zeharkatu dute Estibalitz Alvarezen (Donostia, 1973) bizitza eta obra azken urtean. Gertakariotatik abiatuta, grabatuz eta litografiaz onduriko erakusketa sortu du Donostiako Bolboa tabernan, eta irailera artea izango dira bertan ikusgai. Kaleak argazkiz jostea du hurrengo egitasmoa.

Nire etxea, nire gorputza du izena erakusketa berriak. Zure bizitza markatu duten bi elementu, hain zuzen ere.

Izen hori jarri diot, ondorio honetara heldu naizelako: nire etxea erre egin da; ez banu nire gorputza izango, ez nukeen ezer. Gorputza datoki guztietara daramadana, ni beti nago hor. Eta hori ia ere galdu nuen: esan zidaten ez nintzela berriro ibiliko, ez zuten nigatik ezer ematen. Baina gorputzaren indarra askoz ere handiagoa da, eta azkenean, ibiltzen ari naiz.

Zer biltzen dute lanok?

Irudi guztiek nitaz hitz egiten dute, bizi izan ditudan uneez. Oroimena dira, baina ez dira autobiografikoak. Grabatuak zerikusi handiago du edertasunaren bilaketarekin, baina beti mezu batekin. Artea astintzailea da, eta ikusleak ere bere partetik jarri behar du.

Proiektu baten abiapuntua da erakusketa. Donostiako kaleak irudiz betetzea izango da hurrengo asmoa.

Bolboakoa aurrerapen bat da, eta espero dut beranduenez irailerako irudiak jarrita egotea. Erakusketa horretan, erakutsi nahi dudana da maitasuna, geure burua maitatu behar dugula. Agertzen naiz ni musuak ematen neure buruari edo jendeari: gaixo nengoela, eta gaitza gainditu ondoren. Aitona-amonen argazkiak ere erabili nahi ditut, garrantzitsua baita haien ahotsak eta jakinduria berreskuratzea.

Kalean, zergatik?

Kalea gure espazioa da, eta aldarrikatu egin behar dugu. Geroz eta gutxiago uzten digute hemen egoten, eta, are gutxiago, egoera honekin guztiarekin. Baina kaleak gureak dira.

Azken gertakariok aldarazi dute zure obra?

Nire obra beti saiatu da gauzak erakusten. Behin ,Donostiako autobus turistikoa alokatu genuen, Martxoaren 8an, eta ibilbide bat egin, toki horietako energiak aldatzeko. Hau,agian, beste maila batera pasatu da: ez da soilik tokiak aldatzea, baizik eta nire gorputzarekin gauza bera egitea. Sendatzeko. Minbizia eta gero, etxea erre zen, baina eskualde guztiak izugarrizko laguntza eman digu. Oso eskerturik nago bailarari eta auzolanean lagundu diguten guztiei. Gertakariek motibatu egin naute: neure buruaren jabe izatera itzuli naiz berriro.

Artea terapia izan da, beraz?

Artea transformazioa izan da niretzat beti, eta pentsatu neure buruarentzat ere erabili beharko nukeela. Ospitalean hasi nintzen argazkiak egiten. Oso argazki gogorrak dira batzuk, baina musuenek maitasuna adierazten dute. Eta garai hauetan asko behar da hori.

Zaila egiten zaizu mundu intimo hori jendeari zabaltzea?

Espazio intimoa publikoa izan behar da; bestela, ez dugu lortuko bat egitea. Gaixotasuna publikoa da.

Teknika askotan mugitzen zara. Zer ematen dizu bakoitzak?

Fakultatean pintura eta grabatuak egin nituen, baina gehiago deitu izan didate grabatuek. Orain, kostatzen zaidanez grabatuak egitea, margotzeko gogo handiz nago. Argazkia oso zuzena iruditzen zait jendearengana heltzeko, eta autogestiorako. Koadroak galeria batean saltzea, gogaikarria da.

Ez zara eredu konbentzionaletan mugitzen den artista.

Inoiz ez naiz izan politikoki zuzena den artista, baina ez zait axola. Jendeari zerbaitetarako balio behar dio arteak. Artea politika da; mundua aldatzea. Badaude artista batzuk edertasuna bilatzen dutenak. Baina ni naizen bezalakoa izanda, eta borroka egitea tokatu zaidanarekin, ezin dut ikusi artea beste modu batera. Ezer ez da aldatzen ezer aldatzen ez bada, eta guztiok gara horretarako gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.