ATZEKOZ AURRERA. Fernando Juarez. ALDEEko presidentea eta liburuzaina

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Liburuzain bat liburutegitik berbetan. ALDEE Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteko presidentea da Fernando Juarez (Muskiz, Bizkaia, 1965) eta jaioterriko liburutegiko liburuzaina. 30 urte bete ditu elkarteak. Robert J. Glushkoren The discipline of organizing liburuaren itzulpena aurkeztu zuten ospakizunean: Antolatzearen diziplina.

Argitu dezagun: Antolatzearen diziplina ez da jende desordenatuarentzako liburu bat.

Desordenatuena neroni naiz. Ordaintzen didate gauzak ordenatzeko, eta, benetan, desastre bat naiz. Beharrezkoa zen liburua [barrez].

Nola sortu zen Robert J. Glushkoren lana euskaratzearen ideia?

ALDEE elkarteak 30 urte egin ditu. Informazioa analogikoa zen garaian sortu zen, objektuak genituen, eta objektu horiek barruan informazioa zuten: liburuek, diskoek...

Eta hori aldatu egin da.

Objektuak desagertu egin dira. Informazioa airean dago, eta ez dugu zertan kutxa deskribatu; orain, kutxaren barruan dagoena deskribatu behar dugu. Eta hori ongi egin eta garatu ahal izateko, behar genuen marko kontzeptual eta teoriko berri bat. Hori eman digu liburuak.

Antolaketa aldatu zaizue, beraz?

Eta antolatze horretan, lehen garbi zegoen zer zen liburutegia, zein zen liburuzainaren lana; zer zen artxibategia, eta zein zen artxibozainaren lana. Hori dena desagertu denez, birplanteatu egin behar ditugu kontzeptuak eta zereginak.

Bibliotekonomia, dokumentazioa... astun fama dute.

Egunero borrokatu behar dugu liburutegiak duen irudi sozialaren kontra. Egin kontu: nik ez daukat ez gonarik, ez betaurrekorik eta ez mototsik, baina liburuzaina naiz.

Izan ere, topiko asko daude.

Isiltasunaren tenplua dela, ezagutza batzen duen tokia, ikerketarako gune aproposa, umeak etxeko lanak egiteko tokia... eta hori dena izanda ere, askoz gehiago da liburutegia.

Eta zer gehiago da?

Liburutegira joatea da belaunaldi arteko ekintza bakarra doan egin daitekeena. Aitita edo amamarekin tabernara joan nahi baduzu, ordaindu egin behar da; futbolera joateko ere bai. Liburutegira joateko, ez. Hori ere bada liburutegia. Liburuak daude? Bai. Irakurketa sustatzen dugu? Bai. Baina berdintasuna ere bai, tolerantzia ere bai...

Baina topiko horiek jada ez daude gaindituta?

Topikoak ezagutzen ez gaituen jendearengandik datoz. Zer gertatzen da? Biztanleriaren %70 ez dela liburutegietara joaten, eta horien artean daudela erabaki politikoak hartzen dituztenak eta gure norabidea erabakitzen dutenak.

Geroz eta ekitaldi gehiago antolatzen dira liburutegietan? Badute dinamizatzaile funtzio bat ere?

Nire Twitter kontuan badut esaldi bat: «Ez dut sekula jakin liburutegi batean zer egin behar den, zorionez». Eta Muskizko liburutegiaren kontuan: «Isiltasuna bada liburutegi honek eskaintzen duen zerbitzu bat, baina ez dugu bermatzen». Oraintxe bertan liburutegian nago, badakizu zer ari naizen ikusten?

Zer?

Ikusten ari naiz irakurketa txoko bat emakumeei buruzkoa, elkarte feminista batek Barakaldon antolatutako erakusketa bat, behin argazki zahar baten bila etorri zen egurgile baten lana... Geroz eta espazio gutxiago ikusten dut eskolako lanak egiteko, eta geroz eta gehiago hitzaldiak eta ipuin kontaketak egiteko.

Errezetak ere jasotzen dituzue?

Muskizko liburutegia eta anbulatorioa eraikin berean daude. Behin, pediatra eta erizaina etorri zitzaizkigun esanez bazeudela haurrak arazoak zituztenak zeloekin, sentimenduekin... ea egin genezakeen zerbait elkarrekin horren inguruan. Ados geunden irakurketa oso sendagai egokia izan zitekeela. Bilaketa bibliografikoa egin genuen, eta bilduma oso bat sortu. Finean, zu pediatrarengana zoaz umearekin eta kontatzen diozu zer gaitz duen. Haiek errezeta bat ematen dizute liburutegira igotzeko, jasotzen dugu errezeta, eta ematen diogu arazo jakin horri buruzko liburua. Biblioterapia txokoa daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.