ATZEKOZ AURRERA. Jonatan Jimenez, 'El Trinitario'. Flamenko kantaria

«Flamenkoak atximur egiten du ariman»

Donostiako kantu flamenkoaren lehiaketan izena eman ostean, lehen postua lortu du Jimenezek. Haren ustez, flamenkoa biziera bat da, eta hori zabaltzeko asmoz sortu dute Gasteizko Ametsa lagunartea ere.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Kantuan eta txaloak joz egin du harrera Jonatan Jimenez El Trinitariok (Gasteiz, 1980) Gasteizko Ametsa lagunartearen lokalean, Unai Aragunde perkusio jolea eta Angel del Toro gitarra jolea alboan dituela. Donostiako kantu flamenkoaren lehiaketa irabazi du azaroan. Haren arabera, eta uste guztien kontra, flamenkoa gustuko duen jendea badago Euskal Herrian, baina uste du kultura hori bultzatu egin behar dela.

Zorionak sariarengatik! Espero al zenuen?

Liluragarria izan da. Behealdekoa den jendea aurkeztu zen lehiaketara; Andaluziakoak, adibidez. Ni ez naiz sekula horrelako batean egon; ingurukoek animatu ninduten, baina hain flamenkoa den jendearekin lehiatzea...

Hala ere, lehen postua eskuratu zenuen.

Sariak ematen hasi ziren, eta, lehen postua Euskadiko mugetan gelditzen zela esan eta nire izena bota zutenean, txalo zaparrada izugarria izan zen. Flamenko kantuaren lehen saria Euskadin gelditu zen, eta guretzat harro egoteko modukoa da.

Saria bera ere euskal flamenkoei eskaini zenien.

Euskadiko flamenko guztiekin partekatu nahi izan nuen, ez dagoelako hemengo mugetatik irten beharrik arte honekin topo egiteko. Hori da dugun sentimendua.

El Trinitario ezizenarekin hartu duzu parte. Zergatik?

Familiako ezizena da. 1800. urtean dagoeneko arbaso batek goitizen hori zuen. Artistak ziren haiek ere, eta, beraz, flamenko saga bateko adar bat gara: Los Negros de Ronda. Beti izan gara flamenkoak, baina jendaurreko ibilbidea hasi nuenean ekin nion El Trinitario erabiltzeari.

Zein izan da egindako bidea?

Aitor Escobar gitarra jolearekin hasi nintzen. Arrasatekoa da [Gipuzkoa], eta ikuskizun propio bat zuen: Origen. Euskadi osoa zeharkatu genuen horrekin izurritearen aurretik, eta, orain, Kordobara [Espainia] joan da gehiago ikastera. Beraz, orain, beste proiektu batean nabil Lidia Molina dantzariarekin, Enrique Borja gitarristarekin eta Yuyo Leon perkusionistarekin. Gustatzen zaiguna lantzen jarraitzen duten afizionatuak gara.

Nolako harrera du flamenkoak?

Badirudi ezetz, baina Euskadin, eta zehazki Gasteizen, flamenkoa gustuko duen jende asko dago. Familia moduko bat gara, aniztasun handia duen talde bat, eta horren oinarrian gaude gizonak eta emakumeak, ijitoak eta ez-ijitoak, baina gehienak hemen jaiotakoak gara. Ametsa lagunartea ere sortu dugu: euskal peña bat da. Hala ere, zarata egin eta hemen gaudela esan nahi dugu.

Zehazki, hori da lagunartearen asmoetako bat.

Behealdetik hasi dugun proiektu bat da. Lokal txiki bat hartu eta egokitu egin genuen, eta orain Gasteizen flamenkoarentzat dugun gune bat da; flamenkoaren egoitza da, kantuaren katedrala. Leku honetan abesten ari gara, gitarra eta perkusio eskolak ematen, eta jendea ari da animatzen. Guretzat amets bat betetzea izan da.

Zer helburu dituzue eskuartean?

Beste hiri batzuetan, hala nola Bilbon, Donostian eta Iruñean, egiten dira flamenkoarekin lotutako jarduerak, eta lortu nahi dugu Gasteizen ere horrelako zerbait egitea, badagoelako interesa duen jendea, flamenkoa bizi duena. Izan ere, ez da soilik afizio bat, baizik eta barnean daramagun zerbait; flamenkoa izatea biziera bat da.

Era jakinen batean?

Flamenkoa izatea poztasunarekin jaikitzea eta oheratzea da, kantuan eta txaloka. Horretarako ez dago hegoaldera joan beharrik. Nik musika mota guztiak entzun ditut, baina flamenkoak transmisio handia du; transmititzeko gaitasuna duen musika da. Barru-barrutik kantatzen da. Gauza magikoa da, eta ez da beharrezkoa aditua izatea eseri eta entzuteko. Flamenkoak atximur egiten du ariman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.