ATZEKOZ AURRERA. Agustin Ferrer Casas. Komikigilea

«Nobela grafikoa komiki lodi bat da»

Film bat balitz bezala, eszenaz eszena lantzen ditu komikiak Ferrerrek. Gertakari historikoei heltzen die askotan, baina fikzioak laguntzen dio istorioak edertzen, errealitatea «monotonoa» baita.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Arkitekto laguntzaile izateari utzi zion duela hamarkada bat, komikigintzan buru-belarri aritzeko. Horrela bihurtu zuen zaletasuna ogibide Agustin Ferrer Casasek (Iruñea, 1971). Atzo, Komiki Boom komiki sozialaren azokan aritu zen hizlari, Antsoainen (Nafarroa).

Arkitekturak eta binetek badute zerbait komuna?

Teorian ez, baina, ni bi bideen artean nagoenez, baietz uste dut. Arkitektura kontatzen denaren hondoa izan daiteke, edo istorioaren parte. Nik hondo gisa erabili ohi dut.

Noiz hasi zinen komikiekin?

Arkitektura karrera bukatu gabe arkitekto laguntzaile sartu nintzen. Unibertsitateko lan baten harira ikusi nuen komikia ere bazela helduentzat. Marraztea maite nuen, beraz, probatu nuen. Lehiaketa batean aurkeztu, eta irabazi egin nuen. Horrela hasi nintzen lehiaketetan.

Zerk erakarri zintuen orduan?

Oso askea zela. Film motz bat egiteko dirua behar da. Komiki bat egiteko, behar dituzu papera, arkatza, tinta eta egiteko gogoa. Merkeagoa eta errazagoa da egiteko.

Lehiaketek zertarako balio izan zizuten?

Ez nuen parte hartzen fanzineetan, eta ez nuen bilatu argitaletxerik. Garai hartan udalek sari onak ematen zituzten. Gehienetan irabazten nuenez, balio zidan sosak lortzeko. Zaletasuna zen; ez nuen gauza hoberik egiteko: hau edo drogatu.

Zergatik erabaki zenuen arkitekto-laguntzaile lana utzi eta komikiari heltzea?

Oharkabetasun hutsa. Adreiluaren krisi betean ginen 2011n, eta 13 urte neramatzan toki berean lanean; aldatzeko gogoa nuen. Orduan El Clímaco aldizkaria sortu zen Nafarroan, eta parte hartu nuen.

Ongi egin zenuen aldaketarekin?

Ez dakit. Baietz uste dut; batez ere denbora nahi dudan bezala kudeatzen dudalako.

Editorial batekin lanean askatasuna izan dezake egileak?

Konplexua da. Editorial batek ez dizu dena argitaratuko; baina eremutarren lana da hau, eta ongi da kanpoko iritzi bat izatea. Normalena da eskuz esku aritzea editorearekin, baina batzuetan onartzen dizute zure lan bat. Biak egiten ditut: proiektu libreak eta eskatutakoak.

Komiki Boom jaialdiaren oinarria komiki soziala da. Etiketa hori baliagarri zaizu?

Arde Cuba komikian kontatzen dut zergatik egiten den iraultza bat: injustiziei aurre egiteko. Hor badago kontu sozial hori; beraz, etiketa horren barruan ere banago.

Arde Cuba eta Mies komikietan pertsona historikoak ageri dira. Interes berezia duzu?

Dibertigarria da gertakari historikoei heltzea, baina fikzio pilulatxoak erabiliz. Hor ongi mugitzen naiz.

Nola egiten duzu fikzioa eta errealitatea orekatzeko?

Ez dut maite gauzak asmatzea, gero leporatzen dizutelako hori ez zela horrela izan. Onena da pertsonaiaren izaerari lotzea, eta asmatutakoa ahalik eta errealena izan dadila.

Zer ematen dio fikzioak errealitateari?

Errealitatea da leihotik begiratu eta kalean gertatzen dena kontatzea. Hori monotonoa da, motela. Fikzioak eman diezaioke dramatismoa edo umorea istorioari. Bertsio bat egitea da gakoa, bestela jendea aspertuko baita. Nobela historikoan bezala: beti sartzen duzu zure uzta.

Nola irudikatzen dituzu istorioak binetetara eramateko?

Zinema balitz bezala: eszenaz eszena noa. Gertakari bat hartu, eta testua eta marrazkia lantzen ditut.

Komikiak zinemarekin badu loturarik, beraz?

Esaten da zinemaren senide txikia dela. Zinemak plano berean aurkezten ditu mugitzen diren irudiak; komikian, orri batean binetaz bineta zoaz, eta mugimendu hori mentalki ondorioztatzen duzu.

Zer funtzio betetzen du komikiak?

Niri dagokidanez, jaten ematen dit.

Esan duzu berandu ohartu zinela komikia ere bazela helduentzat. Bada horretaz jabetu ez denik?

Bai. Komikian murgildu nintzen 1980an Partie de chasse irakurtzen: politika hutsa zen. Ohartu nintzen komikia medio bat zela, erakusteko baliagarria zela. Batzuek tebeo edo komiki deitzen dute, eta intelektualeriaren gorenak, nobela grafiko. Niretzat gauza bera da: komiki lodi bat. Pasta-betaurrekodun bateknobela grafikoa esaten duenean, komiki lodi batez ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.