ATZEKOZ AURRERA

Bueltan da Bioaraba azoka ere

Martxan dira azokak, eta, tartean, Bioaraba. 75 ekoizlek salgai dituzte beren produktuak, Gasteizko Iradier Arenan, bihar arte. Ekologia, osasuna eta kontsumo arduratsua dira ardatzak.

Askotariko produktuak daude Bioaraba azokan. Paquita Montanek, esaterako, ahuntzen esnearekin eginikoak ditu; irudian, bere erakusmahaia. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Zalantzati nabari zitzaion hasiera batean, baina hurbildu da erakusmahaira azkenean Gonzalo Ipiña. Izpiliku eskukada bat hartu du berehala, sudurrera hurbildu, eta usaimenaren barne munduan barneratu da, plazeraren gozagarri. Usain erakargarria baitu izpilikuak; indartsua da, boteretsua. Nahikoa da tarte batez haren inguruan egotea haren eraginaz ohartzeko. Posible da erlaxazioaren gorenera ere iristea usain horri esker. «Baina ez dago horretarako girorik», esan du Ipiñak.

Askotariko produktuen aromak eta haien bila ari diren bisitarien zalapartak bat egiten baitute Gasteizko Iradier Arenan. Bioaraba produktu ekologikoen, bizitza osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuen azoka egiten ari dira, zazpigarren urtez. 2019an egin zuten azkenekoz, eta aurten berreskuratu dute. Euskal Herritik zein nazioartetik etorritako 75 ekoizle inguruk beren produktuak jarri dituzte salgai; atzo hasi eta bihar artean, 11:00etatik 21:00etara.

Ipiña horren jakitun iritsi da, aurrez ere ba omen zuelako ohitura bertaratzeko, eta pozik egin du aurrera izpiliku sortarekin. Begirada irribarretsuarekin jarraitu du haren bidea erakusmahaiaren bestaldean dagoen Mercedes Tequierrek. 30 urte daramatza izpilikua ekoizten Castellon (Herrialde Katalanak), eta hastapenetatik hartu du parte azokan. «Urtero produktu bera erostera etortzen zaigu jendea», azaldu du, eta garrantzitsua dela berriro erosteko gogoz dagoen horri harrera egitea. Sortez gain, izpiliku olioa omen da gehien saltzen duten produktuetako bat. «Bururdian pare bat tanta bota, erlaxatu, eta lo hobeto egiten da».

Izpilikuak atzean utzita, urrats gutxi batzuk egitea aski da elikagaiekin topo egiteko. Kataluniatik iritsia da Paquita Montane, eta Montserrat mendiaren magalean hazitako ahuntzen esnearekin eginiko produktuak ditu salgai. «Bi urteko geldialdia egon da, eta, beraz, gogo handiz hartu dugu berriro ere aukera hau», adierazi du. Izan ere, Montanek ere ez du lehen aldia Bioaraban, hasieratik jaso izan duelako parte hartzeko gonbidapena.

Montanek, besteak beste, jogurtak, esneak eta kefirrak ekoizten ditu, Lactis Casanueva izenpean, baina baita gaztak ere. Azken horiekin egin du azokara arteko bidaia, eta zati txikietan moztuak ditu, jendeak dastatu ditzan. Bada, Maria Vidalek eta Josefa Gonzalezek aukera aprobetxatzea erabaki dute, eta baita gazta bana eskuratu ere. Lehen aldia dute azokan, eta dagoeneko landareak eta olioa ere erosi dituzte, «funtsezkotzat» jotzen dituztelako era honetako egitasmoak. «Ikusi besterik ez dago zer-nolako menpekotasuna dagoen beste herrialde batzuekiko; bertakoaren alde egin behar da», esan du Gonzalezek.

Ikasteko aukera ere

Erakusleihoetatik kanpo, bada beste eremu bat ere: hitzaldietarako aretoa. Javi Chaves nekazariak eman die hasiera egitarauko ekitaldiei, produktu ekologikoen eta sasoikoen garrantziaren inguruko mintzaldi batekin. Ikastetxeentzat antolatutako jarduera bat da, baina, egiari zor, aurrealdean eserita dauden gaztetxoengatik ez bada, ez dirudi ikasleak bertaratu direnik. Halere, nork jakin nor den ikasle, horretarako ere ez baitago adin mugarik...

Gaur eta bihar ere hainbat jardueraz gozatzeko aukera egongo da areto horretan, 11:30etik aurrera, hainbat adituren parte hartzearekin: besteak beste, makillaje bio-beganoa erakutsiko dute, eta trantsizio ekologikoan mahastizaintzak duen garrantziaz ere arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.