ATZEKOZ AURRERA

Itsasoa berriro erakusmahaietan

Bermeoko arrain azoka aurrez aurre antolatu dute ostera ere, bi urtez online egin ondoren. Jende andana batu da Lamara inguruan, eta, erosketak ez ezik, ilusioa ere izan da nabarmen.

Gizon bat arrain kontserbei begira, Bermeoko arrain azokako postuetako batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bermeo
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bakailaoaren zuri deigarria postu batzuetan, antxoen haragi iluna besteetan, atun egosia taxuz ordenatutako edukiontzi distiratsuetan. Bermeoko (Bizkaia) arrain azokako produktuok ikusi, eta, hala ere, batzuek ziztuan jo dute Lamerako kioskoaren pareko terraza estalira: lehenik, dastatu; ondoren, miatu eta erosi. Hegaluze sariaren ekitaldiak ere ez ditu hark bezainbeste erakarri —Rafa Sardinari eman diote aurten—. Dena den, terrazako lagun talde handiari erreparatzea nahikoa da ondorioztatzeko azokaren itzulerak zirrara eragiten duela: zabaldu berri dute, baina dagoeneko umoretsu daude andreak, berriketa zaratatsuan dabiltza txiki geratzen zaien plastikozko mahai baten bueltan, mahonezko arropak soinean eta arrantzale zapia lepoan. Haiengandik gertu, pizgarri bat aditu da: «Supermerkatuan baino merkeago daude produktuak!».

Azokaren 28. aldia da, eta, azken bi urteetan online egin eta gero, aurrez aurreko formatua berreskuratu dute aurten, bihar arte. «Pozarren gaude», adierazi du Royo kontserbetako Ana Jesus Beltranek. Urte guztietan hartu du parte, eta, orain erretiratuta dagoen arren, azoka egunetan beharra egiten du, laguntzeko.

Alakranako erakusmahaietan, Endika Etxebarria sukaldari eta enpresako komertziala pintxoak prestatzen ari da. «Atuna eskaintzen dugu, gehienbat; hori da gure negozioa. Hiru modutan egiten ari gara: tatakia, tartarra eta keztatua, carpaccio moduan, ozpin-olio batekin». Atun gordin edo oso gutxi egindakoaren kolore gorri ilunak jendea hurbilarazten du ezarian-ezarian. Modu askotan presta daitekeen jakia dela azpimarratu du Etxebarriak: «Gero eta modu gehiagotan kontsumitzen da, eta gazteek ere gordinik jan nahi dute».

Bakailaoak ere baditu bere zaleak, ordea. Arrainaren trontzo gordin osoak, kuboetan moztuak, eta bestelako aurkezpen batzuetan eskaintzen ditu Etxeko Makailoa dendako Marian Parte Aranburuk. «Dena ondo doa», dioenez. Eguraldia lagun, aurreko azoken traza hartzen dio oraingoari, jende kopuruari dagokionez, behintzat. «Barikuetan, herriko jendea etortzen da erosketak egitera. Ezagutzen gaituzte, eta babesa adieraztera datoz». Hurrengo egunetan, bezeroak aldatuz joaten dira. «Zapatuan, kanpoko jendea etortzen da, eta domekan, ordu gutxi batzuetan pila bat etortzen dira, bataila bat da», dio, umorez.

Lehengo aldien antza

Azoka alderik alde ikusi, ezagun batekin solastatu, eta zerbait erosi du jada Begoña Urbieta Olabarriagak. Atun kontserbak daramatza poltsa batean, eta beste batzuk ditu jopuntuan. «Hemendik kanpo senideak ditut, eta halako gauzak gustatzen zaizkie». Bermeon jaioa ez izan arren, berrogeitaka urte daramatza udalerrian, eta sarritan joan izan da arrain azokara.

Zehaztuak ditu egitekoak: «Lehenengo, barikuetan, erostera etortzen naiz, erosketak organ sartu, eta etxera. Hegaluze sariaren ekitaldia ikustera ere etortzen naiz. Zapatuetan, bazkaria egingo dut senarrarekin, lagunekin... Eta domeketan ez naiz etortzen». Ohi baino ilusio handiagoa igarri du.

Mantentzen da hasierako jende oldea. Gaitza da posturen bat topatzea kuxkuxerorik gabe, batzuek utzitako tokia berehala betetzen baitute inguruko norbaitzuk, eta etengabe ugaritzen ari dira askotariko marken poltsak bisitarien eskuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.