ATZEKOZ AURRERA

Bertso gaua Zerainen

Bertsoz beteriko gaugiro batean murgildu dira Zeraingo biztanleak eta Euskarabentura espedizioko gazteak, gaubeila berezi batean. Hurrengo egunetan, Nafarroako bidea hartuko dute.

Jon Maia, Oihane Perea eta Irantzu Idoate bertsolariak, ostegunean, Zerainen egindako gaualdian. EUSKARABENTURA.
Zerain
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
«Zeinen zaila den joatea baina zein erraza itzultzea», horrela adierazi zuen Irantzu Idoate bertsolari gazteak Euskarabentura espediziora itzultzearen nostalgia sentimendua. Izan ere, aurreko aldian parte hartu ondoren, kantari itzuli zen Euskarabenturara, bertsoa aitzakia hartuta. Oihane Perea eta Jon Maia bertsolariekin batera alaitu eta animatu zuten Euskarabenturako espedizioa, osteguneko gaubeilan, Zerainen (Gipuzkoa), entzuleen irribarre eta algara artean.

Bertso afari animatu eta atsegingarria osatu zuten hiru partaideek. Eire Salegi espedizioko antolakuntzako kidea saioaren prestatzailea izan zen. Gai jartzaile lana egin, eta tarteka bertsolari rola ere hartu zuen. Maiaren segidillak izugarrizko zirrara sortu zuen gazteengan, eta Pereak Arabari eginiko bertsoak hainbat emozio piztu zituen, txalo zaparrada artean. Udako gau eder batez, jendez eta poztasunez bete zen Goierriko herri txikiko enparantza.

Urtero espedizioak Zeraingo frontoia du geltoki, eta herritarren erantzuna eta harrera ikusgarria izaten da aldiro. Oraingoan, sorpresa haiek hartu zuten bertso afari batekin, egiten duten auzolanaren omenaldi eta esker onez. Lumagorri oilaskoa, entsalada eta patata tortilla izan zituzten menuan, nekeari aurre egiteko gozatu ederra hartuz. Gazte eta herritarrek kalejira txiki batekin amaitu zuten gaua, adrenalinaz beterik, lokartu baino lehenago. Naroa Goñi iruindarrak «egun perfektu eta borobila» izan zela adierazi zuen, ahaztuko ez duen seinale.

Espedizioko ekuatorean

Bost probintzia pasatu dituzte jadanik jzioquitarrek eta urdinek. Tolosan bi eguneko geldialdia egingo dute, atseden hartzeko. Aste bizi-biziak izaten ari dira.

Lizarratik (Nafarroa) abiatu ziren igandean, eta Errioxan (Espainia) dagoen Yusoko monasteriora bisita egin zuten. Han euskarazko lehen hitz idatziak ikusi zituzten Donemiliagako glosetan, Jzioqui dugu, «piztu dugu»esan nahi duen espedizioko leloa, eta jzioquitarrei izena ematen dien hitza.

Handik Arabara abiatu ziren,Gesaltza Añanako gatzagetara, eguzkia eta beroa bidaide. Hurrengo egunean beroa saihesteko, goizean goiz esnatu, eta Argantzonera iritsi ziren. Trebiñun duten egoerari buruz jardun zuten. Euskararen egoera zein den eta egunerokoan euskaraz bizitzeko zailtasunen berri eman zieten ikastolakoek, gazteen jakin-min eta galderei erantzuten zieten bitartean.

Araban murgilduta, etapa bat egin zuten hiriburura asteartean. Gamarrako igerilekuetan freskatu, eta eguneko ordurik beroenei aurre egin zieten. Azken astean bero handia dela medio, goizago esnatu dira etapei hobeto aurre egiteko.

Datozen egunei begira, berrizitzuliko da Nafarroa Garaira ibilaldia. Lesaka, Zugarramurdi eta Amaiur izango dira bidean. Etapa gogor eta maldatsuak aurreikusten dituzte, baina, aldi berean, orain arteko politenetakoak espero dituzte. Hala eta guztiz ere, martxa ongi daramate gazteek. Espedizioko ekuatorean daude, oraindik beste bi aste dituzte aurretik, eta ehunka kilometro bizkarrean, baina beti bezain gogotsu dabiltza datorrenari begira.

Asteak aurrera joan ahala, gero eta garbiago dute partaideek euskara zeinen garrantzitsua den. Aurrera egiteko gaitasuna eta etengabe indarberritzearekin identifikatzen dira, eta erabileran ikus daiteke isla. Egunerokoan izandako trabak atzean utzi, eta arnasgunearen parte bilakatzen dira, konplexu eta beldur denak ahaztuta pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.