ATZEKOZ AURRERA. Fernando Garcia. Magoa eta ostalaria

«Magiak eguna alaitzen dio jendeari»

Garciak ostalari gisa egin du lan gaztetatik, eta Manai kafetegiko jabea da egun. Halere, duela hogei urte inguru deskubritu zuen bere pasioa: magia. Manai 'Magoaren taberna' izenez da ezaguna.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Zortea izan dezake Gasteizko Manai kafetegira zerbait hartzera edo jatera joaten denak. Izan ere, Fernando Garcia (Gasteiz, 1972), kafetegiaren jabea, zerbitzaria ez ezik magoa ere bada. Horregatik, ahal duen guztietan, dakizkien trukorik onenak erakusten dizkie bezeroei. Azaldu duenez, norbaitek magia ikusten duenean, «gehiago nahi du beti».

Zer izan zinen lehenengo, ostalaria ala magoa?

Ostalaria. 13 urte nituenean hasi nintzen etxekoei laguntzen. Gurasoek Serranillo deitzen zen taberna bat zuten Gasteizko Zaramaga auzoan, eta menu eta plater pila bat ematen zituzten. Ikasten ari nintzen arren, aitak beti esaten zidan lan asko zeukatela tabernan eta lagundu egin behar niela. Beraz, gurasoen tabernan egin nuen lan 21 urte bete nituen arte. Ondoren,neure kabuz oraingo taberna irekitzea erabaki nuen: Manai. Eta hemen nago 1994az geroztik.

Beraz, noiz hasi zinen magia egiten?

Hotel batean txisteak kontatzen nituen aurretik. Oroitzen naiz jende mordoa etortzen zela ni ikustera, berrehun pertsona inguru. Txisteak kontatzen nizkien afaltzen zeuden bitartean. Gainera, bakarrizketak oraindik ez ziren existitzen emanaldi horiekin hasi nintzenean. Garai hartan, jendea tabernara etortzen zenean, txisteak kontatzeko eskatzen zidaten, baina bat-batean atera behar zaizkizu txisteak, naturala izan behar du. Magia egiteko eskatzen dizutenean, trukoak baldin badakizkizu, txiste bat kontatzea baino errazagoa da. Udalak txiste ikastaro bat atera zuen orduan, eta izena ematea erabaki nuen. Berandu samar hasi nintzen, halere: 30 urte ingururekin.

Eta zerk lotu zintuen magiara?

Mundu guztiari gustatzen zitzaion zerbait zelako kateatu nintzen. Guztiak haluzinatuta gelditzen dira oraindik ere. Asko gustatzen zait jendeari hori sentiaraztea.

Egun, zer harreman daukazu magiarekin? Ikuskizunik egiten al duzu?

Amateurra naizela esango nuke, baina gustatzen zait ikuskizunak egitea jende ezagunarentzat. Gurasoen herrian, lagunen ezkontzetan... Halere, lagunekin poteoan nabilenean edo afaltzera noanean egiten dudanean gustatzen zait gehien: trukoak egitea eta taberna guztia katigatzea.

Zure tabernan ere, trukoak egiten dizkiezu bezeroei askotan.

Ahal dudan guztietan egiten saiatzen naiz. Taberna ezagutzen duten bezeroek «goazen magoaren tabernara» esaten dute: ez dute esaten Manai tabernara datozela. Askotan, erreserba bat egiteko deitzen dutenean, ea ni egongo naizen galdetzen dute.

Ba al duzu harremanik Gasteizko beste mago batzuekin?

Gehienekin bai. Lehen, ostiralero batzen ginen trukoak partekatzeko, baina, gaur egun, ez daukat joateko astirik. Halere, batzuetan elkartzen gara, eta trukoak erakusten dizkiogu elkarri. Magoen artean zilegi da trukoak erakustea.

Baskonia saskibaloi taldeko jokalariei ere egin dizkiezu trukoak.

Neven Spahija Baskoniako entrenatzaile ohiaren oso laguna egin nintzen duela hamahiru urte, eta beti etorri izan da tabernara. Ekipoko afari bat zeukaten bakoitzean deitzen ninduen, eta truko batzuk egitera joaten nintzen. Deitu izan nau beste talderen batekin Gasteizera etorri izan denean ere, Fenerbahçerekin, adibidez. Gainera, duela hiru hilabete, Kroaziako Split hirian ezkondu zen, eta gonbidatu egin ninduen; han ere truko batzuk egin nizkien gonbidatuei.

Orduan, magia ez da haurrentzat bakarrik?

Nik uste dut baietz. Nagusi batek magia ikusten duenean ume aurpegia jartzen baitzaio. Ume bihurtzen da, eta gehiago nahi izaten du beti.

Zer eman dizu magiak?

Jendea ezagutzeko eta zoriontsu egiteko balio dit. Magiak eguna alaitzen dio jendeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.