ATZEKOZ AURRERA

Toki gutxi ale zaharren artean

Liburu zaharren eta aukerakoen azokan, Bilboko Areatzan, urriak dira euskarazko liburuak. Erdarazkoen merkatua ere «ahul» dago oro har; besteak beste, prezioek behera egin dutelako.

Gizon bat liburu zaharrei begira, atzo, Bilboko Areatzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Badu Bilboko liburu zaharren eta aukerakoen azokak anabasa ukitu bat. Denbora gehiago exijitzen die irakurleei, atentzio handiagoa, lauzpabost aleko zutabeetan pilatutakoei banaka-banaka erreparatzeko, multzoz multzo. So azkar batek arriskua dakar, gal bailiteke merkatutik kanpo dagoen obra bat prezio onean, bilduma handitzeko bitxiren bat, edo, besterik gabe, bere xarma baitu orri horituak haztatze hutsak. Eta, hala, nahiz eta lehen eguna izan, nahiz eta azokak ordubete eskas daraman irekita, eguerdirako zaleek murruak osatuak dituzte jada zenbait posturen aurrean, eta, pilaketarik ez badago ere, etengabea da lagunen joan-etorria Areatzan. Kaos patxadatsua da. Azaroaren 6ra arte egongo da zabalik.

Liburu mordo horien artean, multzoen tartean, kasik ezkutuan daude euskarazko liburuak, gaztelania antzematen baita oro har bizkarretan, eta urriak dira, halaber, Euskal Herriko gaiez mintzo direnak. «Liburu zaharraren azoka erdaldunen inperioa da: euskal gaiek ez daukate ia-ia lekurik», Urtzi Ihitza Sainz idazle eta ENA Euskal Nortasun Agiria elkarteko kidearen irudiko. Gaztelaniazko argitalpenek hartutako postuen artean dago berea, aldamenekoak baino nabarmen laburragoa, eta hark idatzitako liburuak daude eskuragai, euskaraz, galegoz, asturieraz eta kantabrieraz, besteak beste; ENAren 25. urteurrenaren berri ere ematen du horman itsatsitako orri batek. Bigarren urtez kokatu du postua azokan, bere lanei ikusgaitasuna ematen dielako, edonola ere. Toki gutxi eduki arren, euskal liburuek badute publikoa, haren hitzei erreparatuta. «516 euro kobratzen digute, eta joan den urtean 1.400 atera nituen».

Postu askoz luzeagoan, Tomas Castañeda saltzaileak bazter batean ipini ditu euskarazko eta euskal gaien inguruko liburuak. «Askotan, saltzen den hori jarri behar duzu salgai, baina beste gauza batzuk ere edukitzea gustatzen zaigu. Baloratzen ditugu, gizarte zerbitzu bat ere egin behar dugulako». Baina zerbitzua hutsean geratzen da batzuetan: «Azoka honetan ez dut euskarazko libururik ikusi, oraindik», esan du Maitek, nahiz eta Castañedaren postutik gertu ibili den. Ezustean harrapatu du azokak. Irakurle amorratua da, eta askotan jotzen du bigarren eskuko aleetara. «Ez botatzeko eta berririk ez erosteko. Liburuek bigarren edo hirugarren bizitza dute. Irakurtzen ditudanak zenbait lekutan ere uzten ditut».

Bazterketa konpartitua

Euskal gaietan interesatutako erosleek autore ezagunetara jotzen dute, Castañedak azaldu duenez: Bernardo Atxagaren lanak dituzte jopuntuan, esaterako. Baina erdal liburuei dagokienez, interes espezifikoak izaten ditu publikoak. Izan ere, bigarren eskuko liburuen merkatua «ahul» dagoela onartu du saltzaileak. «Prezioak gero eta apalagoak dira. Orain, liburu arraroetara jotzen dute, bildumetara, gorde daitekeen horretara. Gauza zehatzak nahi dituzte: zientzia fikzioa, terrorea, saiakera...».

Edo formatu jakin bat dute helburu. Azokak ere eskaintzen baititu esku ahurraren tamainako liburutxoak. «Poltsikokoak direlako gustatzen zaizkio jendeari: eramateko errazak dira», azaldu du saltzaileak, Jorge Canales Riverak. Delikatuki ordenatu ditu, eta argi ikus daitezke azalak, ezer ukitu beharrik gabe: Printze txikia, Frida Kahloren biografia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.