ATZEKOZ AURRERA

Hilabete falta dela dioen eguna

Bilboko Areatzan Konpartsero Eguna egiten baldin bada, horrek esan nahi du Aste Nagusia lehertzeko hilabete eskas falta dela. Pintxo lehiaketa eta konpartsen arteko bazkaria egin dute.
Bilbon, Aste Nagusiaren aurrekaria bizi izan zuten atzo, konpartsakideen eskutik. Irudian, pintxo lehiaketa.
Bilbon, Aste Nagusiaren aurrekaria bizi izan zuten atzo, konpartsakideen eskutik. Irudian, pintxo lehiaketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 22
Agertokia bera zen, aktoreak ere bai, eta taularatzea, antzekoa. Bilboko Areatzan, ehunka mahai bata bestearen jarraian zeuden jarrita atzo, konpartsetako kideak bakoitza bere konpartsako kamiseta edo blusa soinean zuela, eta kioskoaren ondoan lehiaketa gastronomiko bat egiten ari ziren. Pintxo lehiaketa bat, zehazkiago. Eman zezakeen Bilboko Aste Nagusia zela, baina txosnak oraindik bere lekuan jarri gabe zeuden, eta egutegiak dio oraindik uztaila dela. Baina, Iruñean sanferminekin nola, Bilbon ere konpartsakideak egutegi horri begira jarrita daude dagoeneko, Aste Nagusia noiz hasiko zain.

Egunetik egunera gertuago baitago Marijaia Arriaga antzokiko balkoira ateratzeko unea. Hilabete baino gutxiago. Eta, hain justu, Aste Nagusia hasi baino hilabete lehenago egiten dute urtero Konpartsakide Eguna. Festetan nola, Areatza eurena egiten dute konpartsakideek. Helburu argi batekin, Aitor Meaza Satorrak konpartsako kidearen arabera: «Hemen gaudela aldarrikatzeko, eta jaiaz zein egunaz gozatzeko». Eta Bilboko jaiek duten izaera aldarrikatzeko ere bai: «Parte hartzean oinarritzen den jai bat da, eta horri eutsi behar diogu».

Aste Nagusiaren oinarri hori hartuta, atzoko eguna ere parte hartzailea izan zedin nahi izan zuten konpartsek. Haurrentzako jolasak zeuden Areatzan, piper eta tomate dastaketa, erromeria arratsaldean, eta elektrotxarangarekin batera kalejira Zazpikaleetan zehar. Parte hartzea sustatu zuten horrekin herritarren artean, baina, Meazaren arabera, atzoko eguna konpartsakideentzat zen: «Aste Nagusia Bilborentzat egiten dugun zerbait da, baina gaurko [atzoko] eguna guretzat da». Nahiz eta herritarrek ere zer gozatua izan zuten antolatu zituzten jardueren artean.

Areatza eurena egin zuten, horrela. «Gurea delako, bilbotar guztiona». Nagore Ziluaga pintxo lehiaketan aurkeztu behar zutena prestatzen ari zen mahaiaren bueltan, eta «jaiak hasi aurreko egunak kontatzen» ari zela azaldu zuen. «Festa hauek edukitzea sekulakoa da; Aste Nagusia ez da beti egon, eta, mantendu nahi badugu, ondorengo belaunaldiek lekukoa har dezaten behar dugu». Kuiatxoa txikitzen ari zen artean egin zuen hausnarketa hori. Harekin bat egin zuen Rosa Iturbe Zaratas konpartsako kideak: «Konpartsakide izateak lan handia eskatzen du, baina festak bizitzeko modu eder bat da».

Aste Nagusi berezia

Parte hartzean oinarritzen den jai bat izanda, atzetik egin beharreko lan eskerga ere aldarrikatu zuen Iturbek: «Irailean hasten gara hurrengo urteko Aste Nagusia prestatzen, jaiak amaitu eta berehala». Hala ere, gustura egiten duten lana dela argi utzi nahi izan zuten. Dena den, aurten urte berezia izango da konpartsakide denentzat, Aste Nagusia sortu zenetik 40 urte beteko direlako. «Iraun duelako bakarrik berezia da, eta gero eta handiagoa izan behar du aurrerantzean, gainera», zioen irri artean. Berezia izango da urte hau Uribarri konpartsakoentzat ere, Aste Nagusiarekin batera beteko dituztelako 40 urteak. Eurek, eta beste sei konpartsa gehiagok. «Urte berezia izango da guretzat, eta gauza bereziak antolatuko ditugu denon artean; ilusio handia egiten digu iritsi garen lekuraino iritsi izanak». Baina argi utzi zuen gehiago betetzeko prest daudela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna