ATZEKOZ AURRERA. Martin Berkeley. Sagardogilea

«Erresuma Batuan, mozkortzeko edaten da sagardoa»

Pubera joan, eta edalontzi handietan edaten da sagardoa Erresuma Batuan. Berkeleyk dio Euskal Herrian sagardoa edaten den modua gehiago gustatzen zaiola, janariarekin batera kontsumitzen delako.

Lander Muñagorri Garmendia.
Hernani
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ingalaterrako Somerset eskualdean egiten du Pilton Cider sagardoa Martin Berkeleyk (Omagh, Irlanda, 1964). Baina ez du molde ingelesean egiten, Normandiako keeving metodoa erabiltzen dute edaria egiteko. Sagardoaren Lurraldeak pasa den astean Hernanin (Gipuzkoa) egin zuen Sagardo Forumean hitz egin zuen, eta sagardoa egiteko metodoaren berri eman zuen.

Ingalaterran egiten duzue sagardoa, baina Normandiako eran. Nola hartzen dute zuen inguruan?

Guk sagardoa saltzen dugunean, esaten dugu Somerseteko sagarrarekin egindako sagardoa dela. Ingalaterran, eta frantsesen eran. Baina ez dugu esaten sagardo frantsesa dela: batetik, ez delako horrela— baina, bestetik, ez duelako salmentetan laguntzen. Jendeari gehiago interesatzen zaizkio lekuan lekuko produktuak.

Erresuma Batua, ordea, garagardoarekin lotu ohi da. Deigarria da ikustea edari alkoholdunen %9 sagardoak direla...

Uste daitekeenaren aurka, Ingalaterrak sagardo kontsumorik handiena dauka Europako Batasunean. Asko edaten da, eta, batez ere, pubetan.

Euskal Herrian sagardoaren kultura oso sustraituta dago. Nola ikusten du hori ingeles batek?

Hemen, sagardoa edateko kultura indartsua daukazue, janariarekin batera edaten baituzue. Erresuma Batuan, mozkortzeko edaten da sagardoa, eta, hemen janariarekin edaten denez, ardoaren antz handiagoa dauka. Gurean, ezohikoa da sagardoa era horretan edatea, eta hori aldatu beharko litzateke.

Hemen jendeak edaten du mozkortzeko...

Bai, pentsatzen dut. [Barreak] Baina ezberdin ikusten dut.

Zuen sagardoa gozoagoa da, eta gasa dauka. Sagarretik eratorritako produktu bat hain ezberdina izan daitekeenik leku batetik bestera...

Baina sagardoa horrelakoa da, hala nahi dugulako. Egitea erabaki dugun sagardoa gozoa da, eta badago lehorragoa den sagardo asko Erresuma Batuan. Hemengo sagardo naturalaren estiloko sagardo oso gutxi dago. Areago, ez dut uste jendeak asko ezagutzen duenik ere. AEBetan beste era bateko produktuak inportatzeko joera handiagoa daukate, baina Erresuma Batuan, brexit-arekin, lokalagoak diren produktuak indartzen ari dira.

Alderantziz ere gertatu ohi da, hemengo askok ez du ezagutzen Erresuma Batuko sagardoa. Euskal herritarrek ezagutzen dutenean ,nola hartzen dute?

Ikusten dudanagatik, zuek tradizio indartsuago bat daukazue, baita merkatu bat ere hemengo sagardoa kontsumitzeko. Erresuma Batuan ez dago halako tradiziorik, eta jendea taberna batera doanean zerbait ezberdina nahi du, eta, horregatik,zapore ezberdinak nahasten dira.

Zapore ezberdinak sartzen ari dira zuenean. Sagardoaren berrikuntza da hori?

Garagardo ekoizpen txikien merkatu handi bat dago Erresuma Batuan, eta zapore asko daude. Hilero, garagardo berriak merkaturatzen dira, eta, horregatik, aukera anitza dago. Jendeari gustatzen zaio zapore berriak probatzea, eta alde horretatik kusten dut bilaketa hori.

Europako Batasunean sagardo gehien esportatzen duen herrialdea ere bada Erresuma Batua. Brexit-ak nola eragingo dizue?

Ez da gauza ona izango, eta nahiago nuke Europako Batasunean geratuko bagina. Baina erabakitzen denean noiz goazen, negozioek topatuko dute euren bidea saltzeko. Erosleek erosi nahiko dutelako, eta saltzaileek saldu. Erdibide bat topatuko dugu; horretaz ziur nago. Hala ere, argi dago denbora galtze handi bat dela hau guztia.

Zuek nola ari zarete egokitzen?

Itxaroten, ez daukagu beste biderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.