ATZEKOZ AURRERA. Sebastien Dethise. Magoa

«Funtsezkoa da magiaz ilusioa piztea umeei zein helduei»

Dethisek zirkua, magia eta umorea uztartzen ditu bere magia ikuskizunetan, publikoari ilusioa piztea helburutzat hartuta. Gogoko du magia ez ezik ikuskizunen aurkezpenak ere zaintzea.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Belgikako herri txiki batean sortu zen Sebastien Dethise (Belgika, 1976), eta, gaur egun, Tarragonan bizi da (Katalunia). Magia espektakuluekin publikoak barre egitea du helburu: azken egunotan Gasteizen egin den 30. Magialdia festibalean parte hartu du.

Gogoratzen al duzu noiz egin zenuen lehen magia trikimailua?

Ez nuke zehatz erantzuten jakingo. Hala ere, gogoan dut magia denda batean sartu nintzen lehen aldia: berezia eta misteriotsua zen. Magia egiteko materiala ezagutzen hasi nintzen, eta, pixkanaka, mundu honen parte izaten.

Momentu horretan sortu al zitzaizun magiarako grina?

Aurretik ere erakartzen ninduen magiak; zirkuan aritu izan nintzen lanean. Mago ezberdinak ezagutu, eta gauza asko irakatsi zizkidaten. Materiala erosten hasi nintzen, baita magia ikasteko liburuak ere.

Ordutik magiaren munduan zabiltza.

Tarragonara iritsi, eta leku ezberdinetan ibili nintzen lanean. Urte batzuen buruan, ordea, ikuskizun propioak sortzea erabaki nuen. Magia, zirkua eta umorea uztartzea nuen amets; eta familientzako ikuskizunak sortzen hasi nintzen poliki-poliki.

Beraz zirkua, umorea eta magia tartekatzen saiatzen zara antzezlanetan. Zein da hiru helburu horiek batzeko errezeta magikoa?

Errezetarik magikoena publikoaren erantzunak jasotzea da. Ideia on bat une oro entseatu arren, azken hitza beti du publikoak. Inguruan ditudan baliabideak elkarren artean batzen saiatzen naiz, ikuskizun pertsonalak/propioak? eskaintzen.

Sebastien Dethise magoa, «showman-a, autodidakta eta polifazetikoa» al da?

Hala definitzen dut neure burua. Publikoak barre egitea, parte hartzea, eta ongi pasatzea gustatzen zait; publikoak emozio asko bizi ditzake ikuskizunarekin. Horregatik saiatzen naiz aurkezpena zaintzen; magiak, aurkezpen egokirik gabe, ez du eragin bera publikoarengan.

Zer transmititu nahi diozu publikoari?

Momentua bizi, eta barre egitea dut helburu. Funtsezkoa da magiarekin ilusioa piztea umeei zein helduei; ikuskizuna jendearentzat ederra izatea, eta aho zabalik gelditzea.

Adin guztietarako lanak egiten dituzu. Bada alderik publiko batetik bestera?

Desberdintasun handia dago ezaugarririk txikienetan ere. Saiatzen naiz umore ezberdina lantzen, umeek zein helduek uler dezaketen umorea egiten.

Hainbat proiektu dituzu esku artean: Proximagia, Wings and Balls, Bastian...

Erregistroaren arabera, ikuskizun ezberdinak eskaintzea gustatzen zait; gainera, merkatuan aukera ugari eskaini beharra dago.

Hala ere, horien artean, Magic Around the World duzu kutunenetako bat. Zergatik da berezia?

Proiektu oso pertsonala izan zen. Munduko hamaika txokotan ibili ginen, magia ezagutzen ez duten lekuetan magia egin genuen. Ateak ireki zizkiguten; turista ginenok familiaren parte bihurtu gintuzten. Momentu oso bereziak bizi izan genituen: sekulakoa izan zen.

Nazioarteko festibaletan ibilia zara; baita sariak irabazitakoa ere. Momentu gogoangarririk?

Asko dira momentu gogoangarriak, baina pasadizo xelebreak izaten dira sarri gogoan izaten ditudanak. Esaterako, ederra da trikimailua espero bezala ez ateratzea eta disimulatu behar izatea.

Gasteizen zabiltza egunotan: nolakoa da Gasteizko publikoa?

Publiko erraza da, eta asko disfrutatzen da. Jendea apropos etortzen da ikuskizunetara, magiaz gozatzera. Pribilegio bat da hemengo publikoarentzat antzeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.