ATZEKOZ AURRERA

Udaletxe parean, aurrez aurre

Hamaika Botxo eguna ospatu dute Bilbon, beste hiri eredu bat dagoela aldarrikatzeko asmoz. Herri mugimendu ezberdinetako kideek euren proposamenak jarri dituzte mahai gainean.

Herri mugimendu ugarik euren salmenta postuak jarri zituzten Erripako kaian. Jende ugari bildu zen bertan zer zegoen ikustera. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Parez pare zuten udaletxea. Fisikoki, eta baita metaforikoki ere. Erripako kaian Hamaika Botxo eguna egin zuen atzo Piztu Bilbo plataformak, udaletxetik ez oso urrun, baina bai bertatik proposatzen den hiri eredutik urrun. Hari aurre egiteko asmoz antolatu zuten Hamaika Botxo eguna. Plataforman bildu diren herri mugimenduko 40 eragile inguru elkartu ziren bertan, MTVk hiriburuan egin behar duen ekitaldiaren aitzakian beste Bilbo bat badagoela erakusteko. Hala azaldu zuen Pello Ibañez plataformako kideak: «Egun hau baliatu nahi dugu Bilboko herri mugimenduen izaera indartu eta hirian beste mota bateko alternatiba errealak daudela erakusteko».

Bestelako Bilbo hori eragile eta plataforma ezberdinen bidez ikus zitekeen. Mugimendu ugaritako kideek herri denda bat zeukaten Erripako kaiaren hasieran, eta besteak beste, Inor Ez Da Ilegala, Ekologistak Martxan, mugimendu feminista, Komite Internazionalista, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta Gazte Asanbladen Sareak beren postuak zeuzkaten jarrita. Horien inguruan herritarrak mahaiz mahai, bakoitzean zer zegoen begira. Piztu Bilbok atzo egin zuen egunaren bueltan hiri eredu ezberdin baterako bestelako proposamenak dituztela erakutsi nahi baitzuen, baina bazuten bestelako helburu bat: mugimenduek elkarren berri izatea.

Ugariak baitira Piztu Bilbo eragilearen bueltan elkartu diren mugimenduak. «Elkar ezagutzen dugu, baina falta zaigu elkarlan moduko bat egitea», zioen Ibañezek. Areago, halako egun bat egiteko beharra bazegoela sumatzen zuten, «saltzen duten Bilbo horren atzean maniki hutsak ez daudela erakusteko». Alegia, bizirik dagoen hiri bat dagoela erakusteko. Horregatik, elkar ezagutzeko aukera baliatzeaz gain, bakoitzak bere proiektuen berri emateko aukera eduki zuen aurkezpenetarako egokitu zuten gunean. Besteak beste, Inor Ez Da Ilegala kooperatibako kideak han zeuden, etorkinek Bilboko kaleetan jasaten duten egoera zailaren lekukotasuna eskaintzen.

Salmenta postu eta aurkezpenerako txokoaz gain, ordea, bazegoen non jan eta edan. Jatorri ugaritako elikagaiak eta lekuan lekuko edariak eskaini zizkieten inguratu ziren herritarrei, bestelako alternatibak ere hor hasten direlako. Aniztasuna bultzatuz eta bertako produktuak kontsumituz. Haurrek ere izan zuten eurentzako bideratutako txokoa, eta Puski eta Txurruski pailazoekin gustura aritu ziren dantzan eta jolasean.

Lekuaren zailtasuna

Udaletxearen parean, eta udalaren hiri ereduaren aurka bildu ziren eragile ezberdinak Erripako kaian, baina eguna errealitate izateko zailtasunak ere izan dituzte. Hala azaldu zuen Ibañezek: «Uribitarte pasealekuan egin nahi genuen eguna, duen karga sinbolikoagatik, baina udalak zailtasunak jarri zizkigun hasieratik; San Frantziskora edo Zorrotzaurrera bidali nahi gintuzten, baina, azkenean, auzo elkarteen babesari eta presioari esker, beste aukerarik ez dute izan. Udalekoek badakite nortzuk garen, eta haien Bilboko erakusleihoan ez dute nahi lekurik eduki dezagun». Aurrez aurre izan zuten udala eguna ospatu ahal izateko, eta, hala ere, euren parean egon dira beste hiri eredu baten eskaera egiten. Eragileek elkar ezagutzen, eta, era berean, herritarrek euren berri izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.