ATZEKOZ AURRERA. Najla Shami. Musikaria

«Toki orotatik edaten dut; fusioa maite dut»

Musika tradizionalean hezi arren, jazzetik igaro da, musika brasildarrari heldu dio, eta arabiar kulturarekin berriz konektatzen ari da orain: «Nire iragazkitik pasatuta, dena ageri da itxuraldaturik».
IÑIGO URIZ / @FOKU

Iker Tubia -

2018ko azaroak 27
Palestinaren aldeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñerrian hainbat elkarte eta erakunderen artean. Najla Shami abeslari galiziarrak kontzertua eman zuen Uharten (Nafarroa) ostiralean: Latitudeak. Aita palestinarra eta ama galiziarra ditu, eta munduko musikak nahasten ditu. Disko berria aterako du.

Na lingua que eu falo (Mintzo dudan hizkuntza) da zure azken diskoaren izena, baina ez duzu bakarra hitz egiten, ezta?

Gazteleraz, galizieraz, portugesez eta ingelesez aritzen naiz ongi. Arabiera urteekin galdu nuen, baina odolaren parte batek hara narama.

Hizkuntza nagusia galiziera duzu?

Gazteleraz hezi ninduten gurasoek, eta inguruak galiziera eman zidan. Hizkuntzak maite ditut, eta bizi naizen tokiei errespetu handia diet.

Zer garrantzi du hizkuntzak abesteko orduan?

Kantatzean, esanen nuke kasik dimentsio politikoak dituela, Galizian hizkuntzaren egoera ez baita onena, eta herria egin egin behar da. Bestalde, zerbait berezia da. Mundu guziak bilatzen du berezia izateko modua, baina ez dira konturatzen bere lurrean duten hori dela berezi egiten dituena, beren kultura propioa.

Galiziako kultura tradizionala dago zure ibilbidearen hastapenean. Orain, zer toki du zugan?

Beti begiratu diot musika tradizionalari. Kontua da fusioa asko maite dudala, toki orotatik edaten dut. Jatetxe batean, aukera banu, dena probatuko nuke; musikan berdin. Koktel bat egiten dut, eta horrek, arrotz sentiarazten nau batzuetan, baina beste batzuetan sortzaile. Ez dut musika tradizional hutsa egiten. Nire iragazkitik pasatuta, dena ageri da itxuraldaturik.

Nola daramazu arroztasun hori?

Hasieran pasatzen duzu makurren, beti badelako minduko den norbait. Batzuek beste zerbait espero dute, eta alde horretatik sentitzen naiz arrotz. Orain, batez ere musika arabiarra ari naiz sartzen lan berrian, eta arrotz sentitzen naiz.

Kontzertuan kalinba jotzen hasi zinen. Zergatik sentitzen zara identifikaturik tresna horrekin?

Inoiz ez dakit zergatik, nik gauzak sentitzen ditut. Hasiera-hasieratik liluratu ninduen. Nire lan guzietan dago kalinba kanta bat. Nire buruan zabaltzen diren melodiak horren bidez azaleratu ditzaket.

Zerk bultzatu zaitu Latitudeak proiektua egitera?

Neure buruaren estrukturazio ideia batetik sortu zen. Handik eta hemendik xurgatu nuen, eta neure burua definitu behar nuen. Laburpen bat da, edo izan ditudan influentzia guziak ordenan jartzea. Horrek eraman nau Jordaniara eta disko berria sortzera: Ela sabe a sol.

Zortzi hilabetez Jordanian egon ondotik, zer ekarri duzu handik?

Musika arabiarreko elementu batzuk erabiltzeko bultzada eman dit. Beraz, nire buruan ziren ideia guziak gauzatzeko aukera eman dit bidaia honek, eta ausardia eman dit urruti dudan alde arabiarrari heltzeko. Arabieraz diren kantak adiskide batek kantatu ditu, ulergarriagoa izateko, eta ongi konekta dezan kulturarekin. Gero zuzenekoan nik defendatu beharko ditut.

Zure aitaren herrira, Palestinara joateak zer eman dizu?

Asko ukitu nau. Inoiz ez nintzen han egon. Espainiako pasaportearekin aukera izan nuen bi aldeak ikusteko, eta gogorra izan zen. Gogoan dut Jerusalemen kale batean behera malkoak isurtzen zitzaizkidala. Bitxi saltzaile palestinar batek dei egin zidan, eta harri berde bat oparitu. Jendearen eskuzabaltasuna aurkitu dut, beti borrokan eta inoiz etsitzen ez dutenena. Bidaia guzia katarsi bat izan da. Bizitzeko gogoa dute, baina ez diete uzten.

Okupazioak eragina du musikan?

Bai. Galizian kultura eder bat loratzen ahalko litzateke, baina jende asko ez da gerturatzen gogo faltagatik edo aurreiritziengatik. Han, kultura loratu nahi duen kultura bat dago, baina ez zaio uzten. Hala ere, erresistentziak alternatiba bat sortzen du, askoz ere erreakzionarioagoa. Ez bakarrik okupazioarekin, baita hango kulturareki ere. Gauzak modu tinkoan adierazteko beharra dute, eta rap eta musika elektroniko harrigarria egiten dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria