ATZEKOZ AURRERA

Itxaropena elikatzeko bilketa

Euskal Herriko elikagai bankuek janaria eta premiazko produktuak jasotzeko kanpaina abiatu dute. Araban, 1.500 boluntario dabiltza lanean; gaur ere egongo da janaria uzteko aukera.

Boluntarioak eta parte hartzaileak, atzo, Gasteizko Boulevardeko Eroskin, elikagaiak antolatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Txaleko urdina daramate jantzita boluntarioek. Eskuorriak dituzte eskuan, eta hara-hona dabiltza merkataritza guneko korridoreetan barna. Elikagai bankuan utz daitezkeen jangaien eta bestelako lehengaien zerrenda da eskuorrietan ageri dena: atuna, tomatea, olioa, makarroiak edota pixoihalak. Asko dira erosketak egin bitartean informazio gunera gerturatzen direnak ere, ea zein produktu den egokiena galdetzera. Badira jada jakinaren gainean dauden zenbait lagun, errotuta dagoen egitasmo bat baita. Laguntzeko prest dago jendea. «Pertsona bakoitzak ahal duena ematen du; baina eman egiten du», esan du Rosalia Martinez boluntarioak.

Komertzioek ateak zabaldu bezain laster hasi zen atzo elikagaien bilketa. Gasteizko Boulevard merkataritza gunean Arabako Elikagai Bankuko bost boluntario zeuden. Euskal Herri osoan egingo da ekinaldia, atzo eta gaur, Elika ezazu itxaropena lelopean. Araban, 80 komertziok hartuko dute parte, eta horietatik 65 dira Gasteizkoak. «Ia supermerkatu gehienek hartu dute parte», azaldu du Jaime Bobadilla Arabako Elikagai Bankuko kideak.

Elkarrekin hizketan dabiltza Gasteizko Boulevarden dauden bost boluntarioak, proiektuan laguntzera joan direla kontatuz. Esperientzia badutela esan dute; izan ere, aurretik egin diren janari bilketetan ere parte hartu izan dute.

Elikagaien bilketako kaxa bakoitzak papertxo bana du, bakoitzean zer sartu behar den azaltzen duena. Minutuek aurrera egin ahala, pixkanaka-pixkanaka betez doaz. «Tori, bi kaxa esne» dio gerturatu berri den batek; eta beste batek, berriz, boluntarioei lagundu die produktuak kaxetan sartzen. «Eskerrik asko, eta egun ona izan dezazula», esan dio Martinezek. Goizean goizeko makarra begi inguruan dutelarik ere, ahoan irria dutela egiten dituzte zenbaitek ekarpenak. Halere, badaude begirada beste albo batera zuzentzen dutenak ere. «Paso egiten dute batzuek», esan du Martinezek.

Bilketetan jasotako produktuak gizarte langileek identifikatutako familiei ematen dizkiete, elkarteen bitartez. Bobadillak esan du familiak «behartsu» gisa identifikatzen direla, azterketa bat egin ostean. Egun, Araban, 1.200 dira era horretan identifikatutako familiak; hain zuzen ere, 4.800 lagun.

«Zer egin behar da boluntario izateko?», galdetu du gerturatu den emakume batek, Luisa Beitiak. Boluntarioek erantzun diote elikagai bankura joan behar duela, eta han izena eman. Carmen Gartzia boluntarioak garbi du egiten duten lana «atsegina» bezain «garrantzitsua» dela; gainera, osatzen duten sarea ere izan du gogoan. Gasteizen 1.500 boluntario inguru dira parte hartzaileak, eta, guztia bide zuzenetik joan dadin, koordinatzaileak 32 dira. Hainbat elkartek ere parte hartzen dute. «Boluntarioengatik ez balitz, zaila izango litzateke halako proiektuekin aurrera egitea», esan du Bobadillak.

Elikatu dute itxaropena, elikatu dute ehunka familiaren egunerokoa. Etxeetako sukaldeak, eta mahaiak. Bobadillak nabarmendu du goiza «emankorra» izan dela iazkoarekin alderatuta, eta helburua lortzea espero dutela; hain zuzen ere, 220.000 kilo elikagai biltzea. Gaur ere supermerkatuetan elikagaiak uzteko aukera egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.