ATZEKOZ AURRERA

Eskuz egindakoari darion xarma

Oihal, paper eta eskuz lantzeko material andana eskuratu daiteke BECen egunotan: eskulanen azoka egiten ari dira, eta bihar arte egongo da zabalik. Tailerretan parte hartzeko aukera jarri dute.

Ehun bat saltoki eta 400dik gora tailer emango dituzte aurten Baracaldoko BECen egiten ari den Eskulanen Azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Barakaldo
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Alfonbra arrosa erraldoia zoru, eta ehun bat postutxo kolorez gainezka. Josi, itsatsi, moztu, margotu. Han-hemenka dabiltza bisitariak: batzuk, erosten, eta beste zenbait, jardunean. Kolore eta forma guztietako oihalak topa daitezke korridoreetan barrena, eta mugimendua nabaria da. Salerosketarako gunea ez ezik, praktikan jartzeko gunea eratu dute: hori baita eskulanen xarma, osagaiak erosita norberak egin ditzakeela objektuak.

Jende asko ideia bila joan da Barakaldoko BECera (Bizkaia), euren eskulanetarako inspirazioa non topatuko. Asmo horrekin joan dira Ana Erauzkin eta Maite Garcia, Donostiatik.«Eguna hemen pasatuko dugu: zer dagoen ikusi eta ideiak hartzera etorri gara», esan du Garciak. Erauzkinek gaineratu duenez, gero, eurek egingo dituzte azokan ikusitakoak. Iritsi berritan dira, eta Gueñesko (Bizkaia) paperezko soinekoen erakusketaren aurrean egin dute lehen geldialdia. Lehen aldia dute donostiarrek azokan. Feriak ez, ordea: hamahirugarren aldia du aurtengoa. Barakaldoko BECen dago, ostegunean hasi zen, eta bihar arte egongo da irekita: ehun bat postu ditu aurten.

Paper zatitxoen baturaz argazki albumak osatzen dabiltza batzuk, tartak apaintzen beste zenbait, eta opariak biltzeko Japoniako teknikarekin liluratuta dago emakume talde bat. Ostiral goiza denez, erretiratutako emakumeak dira nagusi. Batzuek pabiloian sartu eta berehala egin dituzte lehen erosketak. Ondarroatik (Bizkaia) heldu dira Agurtzane eta Begoña Arrizabalaga eta Trini Lertxundi, egun-pasa egiteko asmoz. Algaraka, esku artean dituzten poltsetatik oihalak eta zeramikazko platertxoak ateratzen dabiltza. Azoka hasi zenetik, urtero joaten dira hirurak, oihalekiko zaletasunak bultzatuta. Soinean dituzten zorroak ere eurek eginak dira, eta antzeko beste bana egiteko erosi dituzte tela puskak. Oihal postuak ugariak dira. Izan ere, azken urteetan patchwork teknika deritzona zabaltzen ari da: AEBetan du jatorria, eta oihal zatiak batzean datza. Mentxu Ruizek kolore, tamaina eta irudi mota guztietako oihalak ditu saltokian, eta, haren ustez, hemen oraindik apurka-apurka ari da egonkortzen. Mertzeria bat du Bilboko Deustu auzoan, eta giroa aldatu dela nabaritu du: salmentek behera egin dute, haren esanetan: «Krisiak eragina izan du: lehen hiru azoketan ikaragarri saldu nuen; orain, begiratu bai, baina jendeak ez du dirurik gastatzen».

'Furoshiki', teknika berria

Saltokiez gain, azoka tailer praktikoz betea dago, zaleek teknika desberdinak proba ditzaten. Kashaky Dex saltokian, esaterako, zazpi bat lagun ari dira egur zatiak margotzen mahai baten bueltan. Noelia eta Sandra Fernandez ahizpak taldetxoaren parte dira: Erika Perezen jarraibideak adi-adi entzun, eta lanari ekin diote.Irribarretsu ari dira zura margotzen. Berez, Noelia Sandrari «laguntzera» joan da, baina orain gustua hartua dio eskulanari.

Nobedadeak ere badira. Teresa Muro furoshiki teknikan aditua da, eta tailerrak ematen ari da: «Izen horrek lurrean zabaldutako tela esan nahi du: japoniarrek, oihalak erabiliz, opariak biltzeko baliatzen dute». Abantaila argi bat ikusten dio: «Plastikozko edo paperezko poltsak baino askoz ekologikoagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.