ATZEKOZ AURRERA

Ikasgelatik espazioari deika

NASAko astronauta bati galderak egin dizkiote Bergarako Aranzadi ikastolako hamazazpi ikaslek, ARISS proiektuaren harira. Ikastolak aurkeztutako proiektua lehenengoan onartu du agentziak.

Urduri igo dira ikasleak oholtzara AEBetako astronautari prestatua zuten galdera egitera. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Bergara
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Espaziontzi erraldoi bat dago Bergarako (Gipuzkoa) Aranzadi ikastolaren aurrealdean zintzilik. Ikastolara sartu orduko ere begi bistakoak dira espazioarekin lotura duten objektu eta marrazkiak. Lehen solairuan dago areto nagusia. Aretoaren kanpoaldean, korridorean, ikasleak lurrean eserita daude, zain. Bakoitzak papertxo bat du eskuetan: NASAko astronautari egin beharreko galdera, ingelesez. NASAren ARISS izeneko proiektuan parte hartzea lortu du ikastolak, urtebeteko lanaren ostean.

10:00etan sartu dira areto nagusira guraso, irakasle eta ikasleak. Ikusgarri dago aretoa: oihal beltz izardun bat dago atzeko paretan, espaziontzi bat zintzilik... Dena prest dago NASAko astronautari elkarrizketa egiteko.

Elkarrizketa bideratuko duen moderatzaile batek deitu behar du aurrena, Ingalaterratik. Edozein momentutan jo dezake telefonoak: «Hartuko al digute hor goitik?», galdetu du Manu Arregi fisikako irakasleak, urduri. Bitartean, saioaren nondik norakoak azaldu ditu: «Hamar minutuko proba bat egingo dugu lehenengo. Astronauta Australia parean egongo da elkarrizketaren unean, Lurretik 400 kilometrora». Gehitu du espaziontziak zazpi kilometro egiten dituela segundoko: «Ordu eta erdi baino ez du behar munduari bira emateko. Egunean, hamalau edo hamabost bira ematen dizkio munduari».

Halako batean, telefonoaren hotsa: «Kaixo, nor dago bestaldean?». Miren Kaperotxipi irakasleak erantzun du, ingelesez: «Egun on, hemen Miren. Dena prest dugu». Moderatzaileak zenbait irizpide eman ditu astronautarekin konexioa egin baino lehen: «Ikasleek ozen hitz egin beharko dute, mikrofonotik gertu». Banan-banan atera dira hogei ikasleak oholtzara, eta bakoitzak prestatua duen galdera egin du mikrofonotik. Bukatzeko, moderatzaileak eskatu die elkarrizketaren amaieran txalo zaparrada egiteko astronautari, eta eskertzeko elkarrizketa egiteko hartu duen denbora. Beste baldintza bat ere jarri du: sakelako telefonoak itzalita egotea, interferentziarik egon ez dadin.

Moderatzaileak telefonoa eskegi du. Esan du hamabost minutu barru deituko duela berriz, eta orduan bideratuko duela deia astronautarekin. Bitartean, zenbait ikaslek proiektuaren azalpenak eman dituzte. Iruñeko planetarioko zuzendari Javier Armentiak ere hitz egin du: «Pentsatu hemen gauden guztiok espazioaren seme-alabak garela; ezin dugu bizitza imajinatu sateliteen bitartez egiten den planetaren jarraipenik gabe».

Hogei haur, hamar minutu

10:40an jo du telefonoak berriro: Nick Hague astronauta estatubatuarra dago bestaldean. Lehentxeago egin duten moduan, ilaran atera dira ikasleak mikrofonoaren aurrera: «Lur planeta orain bezain ederra izango al da etorkizunean?», galdetu dio 10 urteko Fatima Guzmanek Hagueri. «Izugarria da planeta hemen goitik ikustea. Ezin dut imajinatu planeta polita izan gabe, baina, horretarako, zaindu egin behar dugu», erantzun dio astronautak. 16 urteko Jone Moñuxek prestatua zuen galdera egin dio geroago: «Egunen batean gizakia biziko al da Marten edo Ilargian?». Astronauten lana hori dela erantzun dio Haguek: «Horretarako egiten dugu lan. Agian, egunen batean, zuetako bat Marten bizi ahalko da». Hamazazpi galdera egiteko denbora izan dute ikasleek, hamar minutuko konexioa baino ez baita izan.

Moderatzaileak eskatu bezala, izugarria izan da saioaren amaieran eman duten txalo zaparrada. Motza baina aldi berean oso hunkigarria izan dela ikus daiteke antolatzaileen begietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.